Aitor Aspuru
MENDIAN IHES

Historian zehar 73 aldiz sarraskitutako yezidi herria, etxean bertan errefuxiatu

Duela lau urte Estatu Islamikoak sarraskitutako yezidiek errefuxiatu kanpamentuetan pilatuta jarraitzen dute Sinjarren, ahal duten bezala bizirauten. Irakek abandonatu egin ditu, eta, orain, Turkiak jihadisten lana bukatzeko erakutsitako asmoari egin behar diote aurre. Erailketak eta emakume bahiketak errepikatzen ari dira.

Yezidiek Sinjarren jasandako sarraskiak eraman zuen Estatu Islamikoa munduko albistegietara lehen aldiz 2014an, jihadistek milaka lagun hil baitzituzten gupidarik gabe Irakeko ipar-mendebaldeko inguru horretan. Izugarrikeria, gainera, ez zen horretan geratu: emakume yezidi ugari bahitu eta Ar-Raqqa hiriko azokan esklabo gisa saldu zituzten. Basakeria horren ostean, Estatu Islamikoa etengabe izan da protagonista hedabideetan, eta egun badakigu bere porrota, kalifa herri moduan behintzat, hurbilago dagoela.

Yezidiek, ordea, ez dute oraindik jasandako genozidio saiakera gainditzerik izan. Horren erakusle, Irakeko eta Kurdistango errepideetan aurki daitezkeen errefuxiatu kanpalekuetan pilatuta jarraitzen dute, indar politiko eta armatuen borroketan harrapaturik.

Estatu Islamikoa 2014ko udan Sinjarrera hurbiltzen ari zenean, Irakeko Kurdistango Gobernu Autonomoak pexmergen babesa izango zutela ziurtatu zien yezidiei. Jihadistak heltzear zirela, baina, militarrek erretiratzeko agindua jaso eta yezidiak babesgabe utzi zituzten. Arrakasta barik saiatu ziren yezidiak euren kabuz defendatzen, eta, azkenean, Sinjar hiriaren inguruko mendietara ihes egin beste aukerarik ez zuten izan. Bertan, Estatu Islamikoak setiatu egin zituen, milaka lagun erailez. Gehiago hil ez bazituen, PKK-ko gerrillariek eta YPGko milizianoek esku hartu zutelako izan zen. Bi indarrek korridore bat irekitzea lortu zuten tiroka, milaka yezidi sarraskitik salbatuz.

Pairatutako exekuzio jendetsuek eta emakumeen aurkako delituek, baina, orbain sakona utzi dute yezidien artean. Egun ere, Siriako basamortuan Estatu Islamikoaren esku diren herrixkak askatzen dituztenean, esklabo gisa izan dituzten emakume eta neskato yezidiak agertzen dira.

Nortzuk dira yezidiak?

Yezidiak gutxiengo etniko bat dira eta gehienbat Irakeko Kurdistanen daude errotuta, nahiz eta Rojavan, Kurdistan siriarrean, ere badauden komunitateak. Berez kurduak badira ere –euren hizkuntza sakratua kurdua da–, erlijioa da ezberdintzen dituen ezaugarririk garrantzitsuena. Antza, zoroastrismoan dute jatorria euren sinismenek. Askoren aburuz, sinismen horiek osatzen dute kurduen jatorrizko erlijioa. Hori jakinda, eta yezidien berri izateko, durangarrez osatutako talde batek –gehienak emakumeak– Laleshera jo zuen abuztuan, euren toki sakratura. Duhok hiri kurdutik ordubetera dago, segurtasun neurri handiekin babestuta.

Yezidien arabera, Noek uholde nagusiari aurre egin zionean, Lalesheko menditik ateratzen zen ura zuria zen, beste ur guztia belztu zen bitartean. Horregatik, ur horietan bataiatzen dira yezidiak, jaio eta astebetera edo 40 egunera. Umeek ezin badute hara jo –atzerrian bizi direlako, adibidez–, bertan hartutako ura erabiltzen da. Horrez gain, emakumezko bat Estatu Islamikoaren esku egon bada, berriro bataiatzen dute Laleshen.

Hori guztia azaldu zuen Jalil Mahmoudek, durangarrei tenplua erakutsi zien gizonezkoak. Zenbait ohitura bitxi ere aipatu zituen, adibidez, gela batean dauden oihaletan korapiloak egiteko beharra nahi bat eskatzeko.

Islamisten helburu

Yezidiek jihadisten gorrotoa pizten baldin badute, islamizazio prozesuari behin eta berriro aurre egin diotelako da. Kurdu gehienak musulmanak bilakatu diren arren, yezidiek euren jatorrizko erlijioari eutsi diote. Horrek fundamentalisten jomugan jarri ditu eta genozidio saiakerak pairatzea errealitate errepikakorra da eurentzat: «Historian 73 aldiz saiatu dira gu akabatzen, Estatu Islamikoaren azkenengoa besterik ez da», adierazi zuen Jalilek. Aurretik, XXI. mendean bertan, beste talde islamiarren erasoak ere jasan dituzte.

Fundamentalisten ustez, yezidiak deabruaren jarraitzaileak dira, sua gurtzen dutelako beren Urteberri egunean, apirilean hain zuzen. Horrek hondamendia ekarri badie ere, Jalil saiatzen da umore ona ez galtzen: «Nire lagun batek behin baino gehiagotan eskatu dit islama onartzeko, bestela infernura joango bainaiz. Antza, musulmanak ez diren guztiek infernuan bukatuko dute. Nigatik primeran, horrela Shakira ezagutuko dut!».

Jalilek umorea ez galduagatik, yezidien egoera ez da ez barre egitekoa: 2014tik yezidi gehienak ez dira etxera itzuli eta errefuxiatu kanpamentuetan bizi dira. «400.000 familia bizi dira kanpalekuetan. Hilabete batzuetarako irtenbidea zen, baina lau urtez luzatu da jadanik», azaldu zuen yezidien komunitateko buruak. Hori entzunda, durangar batek galdetu zion Jalili aukerarik ba al zegoen errefuxiatuak bisitatzeko. Yezidiaren erantzuna adierazgarria izan zen: «Duhokeko Gobernuak kontrolpean ditu kanpamentuak eta ezin da bertan baimenik gabe sartu. Neurri hori hartu dute PKK-k neskak gerrillara eramaten zituelako». Jalilen erantzunean ez dago Abdullah Öcalaek gidatutako erakundearen aldeko zantzurik, edo, behintzat, durangarrek ez zuten halakorik sumatu.

Euskaldun baten begietan

M. gazte euskalduna da. Udan itzuli zen bere herrira, urte erdi Rojava eta Sijar artean igaro ondoren osasun laguntzako lanetan. Horretarako, Siria eta Iraken arteko muga hainbat aldiz zeharkatu zuen legez kanpo. Bertara bueltatzeko asmoa duenez, nahiago du anonimotasuna mantentzea.

«2014an yezidiek ez zekiten PKK zer zen ere, baina pexmergek salduta laga zituztenean eta gerrillarien laguntza jaso zutenean, hori aldatu egin zen, nolabait. Alabaina, egun oraindik ere batzuk ez dira gai erakundearen izena ondo esateko», azaldu du M.-k.

Gaztearen aburuz, Sinjarren dagoen errealitatea ez da samurra. «Yezidi gehienak ez dira hirira itzuli, mendian geratu dira Nazio Batuek jarritako kanpadendetan. Behin-behineko konponbidea zen, baina aintzat hartu beharra dago hirian egun osoan ez dagoela ia elektrizitaterik. Hortaz, berdin zaie leku batean zein bestean egon. Mendira igo zituzten abereak eta han jarraitzen dute». Beste askok atzerrira edota errepide ertzetan dauden kanpamentuetara jo dute.

Bere lanari buruz galdetuta, M.-k azaldu du lehen mailako osasun arreta eskaintzen zuela Sinjarren: «Ez dago ia bitartekorik, eta, erlijioak, gainera, ez du gure lana errazten. Bestalde, begi bistakoa da Estatu Islamikoaren sarraskiek yezidien buru osasunean eragin lazgarriak izan dituztela, bereziki emakumezkoen artean. Baina ez dakite nola landu edo onartu».

Emakumeen harira, zerbait nabarmendu nahi du M.-k: «Ez nau harritzen batzuk gerrillan sartzea. Euren patua da gazte ezkontzea, seme-alabak izatea eta bizitza osoa etxean ematea. Bikote horietan ez dago maitasunik, oro har familiek adosten dituzte ezkontzak eta ospea kontuan hartzen dute horretarako. PKKn esperientzia ezberdina bizi dezakete».

Orain, beste guda baten erdian

Estatu Islamikoaren aurkako guda oraindik irabaztear badago ere, yezidiak bestelako borroka baten erdian geratu dira orain; Iraken, Kurdistango Gobernu Autonomoaren, Turkiaren eta PKKren artean, alegia. «Pexmergek abandonatu ostean, yezidiek autodefentsarako unitate militarrak sortu zituzten PKKren laguntzaz; YBSak, hain zuzen. Sinjarren daude gehienbat», azaldu du M.-k.

Zilegi izan zitekeen egitasmoak, ordea, Kurdistango errealitate politiko korapilatsuarekin egin du talka. Hasteko, Sinjar askatu eta Estatu Islamikoa bota ostean, YBS eta pexmergen arteko tirabirak egon ziren. Hori gutxi balitz, Kurdistango Gobernu Autonomoak independentzia erreferenduma bultzatu zuenean 2017ko irailean, Sinjar, Kirkuk, Tuz Kurmatu edo Maxmur bezalako lurraldeen kontrola kolokan jarri zuen. Hain zuzen, zonalde horiek guztiak Kurdistango Gobernu Autonomoaren esku zeuden praktikan, baina Irakek ez du ofizialki onartzen tokiok autonomiaren barruan daudenik. Hortaz, aukera baliatuta eta lurraldearen batasuna aitzakia, galdeketaren ostean eremuok militarki berreskuratzeari ekin zion Irakeko Gobernu Zentralak.

«Pexmergek ospa egin zuten berriro Irakeko Armada agertu baino lehen, eta YBSek akordioa lortu zuten geratzeko. Euren checkpoint-etan Irakeko ikurra ere badago, esaterako», argitu du M.-k.

Sinjarren adostutako estatus berria ez du batere gogoko Turkiak, PKKren etsairik amorratuena. Horregatik, Recep Tayipp Erdogan presidente turkiarrak iradoki zuen bertan sartuko zirela –Iraken, Sirian eta Rojavan egin bezala– “terroristekin” amaitzeko. YBSen erantzuna zuhurra izan zen eta PKKko ikurrak –Öcallanen edota hildako gerrillarien irudiak– kendu egin zituzten, erasoa ekiditeko, eta, bermatzeko, behintzat itxuraz, alderdi kurdua Sinjarren hedatuta ez dagoela.

Turkiak bukatu du lana

Edonola ere, Turkiak mehatxua gauzatu egin zuen abuztuaren 15ean, Zeki Sengali PKK-k Sinjarren zuen komandantea hilez, beste hainbat militante kurdurekin batera. Agintari kurduak ospe handia zuen, YBSen bultzatzailea izan baitzen. Yezidiekin lehenengo aldiz 70eko hamarkadan jarri zen harremanetan, Alemanian. Hara jo zuen lan bila eta Saxonia Behereko Celle hirian bizi izan zen denboraldi batez. Bada, hiri horretan hainbat yezidi ezagutu zituen gerora PKK-ko komandante bihurtuko zen gizonak.

2014ko sarraskiaren ondoren, yezidiekin harremanetan jarri zen berriro Sengali, komunitate horretako kideak konfederalismo demokratikora erakartzeko eta Sinjarren autodefentsa unitateak sortzeko. Yezidiek Osaba ezizenarekin ezagutzen zuten Sengali.

Bada, abuztuaren 15ean, Sengalik yezidien aurkako sarraskia gogoratzeko ekitaldi publiko batean parte hartu zuen, eta, ostean, Turkiako Armadako hegazkin batzuek bonbardatu eta erail egin zuten. Hori horrela, Turkiak, zuzenean edo zeharka, bere helburu militar eta politikoak ez ezik, Estatu Islamikoarenak ere bete zituen, yezidien artean sona handia zuen buruzagia erailda. Horrez gain, Singaliren aurkako erasoak kurduen eta estatubatuarren arteko harremanak tenkatu zituen. Berez, Rojavako indar politiko eta armatuentzat Sengali erreferente handia zen, eta, kurduen iritzian, ez dago batere argi estatubatuarrek bere aurkako erasoan izandako partaidetza.

Kataluniar baten begirada

A. Rojavan lanean ari den boluntario kataluniarra da eta egunok gertutik bizi izan zituen. A. ere anomikoki mintzatu da GAUR8rekin, ez baitu nahi lege arazorik izaterik Irakera itzultzean: «Giroa berotu egin zen, eta, nahiz eta mugak itxita dauden, 1.000 lagun baino gehiagok Siria eta Iraken arteko muga gurutzatu genuen bultzaka. Hori bai, Armadak aurrerago gelditu gintuen. Milaka pertsonak parte hartu genuen Sengaliren hiletan».

Momentuz, badirudi egoera ez dela gehiegi aldatu, baina ezin daiteke esan egonkorra denik. Turkiako Armadak hainbat postu jarri ditu udan Iraken eta PKKko gerrillarekin talkak areagotu egin dira. Sinjarren kontrako mehatxua ez du guztiz baztertu, eta, bitartean, yezidiek etxera bueltatu gabe jarraitzen dute, errefuxiatu kanpamentuetan edo erbestean.

Bestalde, Turkiak Sirian kokatutako Afringo kantoi kurdua inbaditu zuenetik, hainbat lekukotza zabaldu dira salatzeko Erdoganek babestutako milizia jihadistek yezidien aurka jo dutela. Antza, bortizkeria eta lapurretak ez ezik, emakume yezidien bahiketak eta salmenta errepikatzen ari dira. Turkiarrek, beste behin, Estatu Islamikoaren bide bera hartu dute.