Pello Otxandiano

Donostiatik Estrasburgora eta buelta

Orain presoak” lemapean iragan larunbatean egin zen manifestazioak utzitako zapore goxoaren biharamunean iritsi da Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiko ebazpenaren zaplaztekoa, shock egoera moduko batean utzi gaituena. Espero ez zelako batetik, ebazpena bestelakoa izango zen itxaropena puztu baitzen aurreko egunetan; baina, batez ere, presoen kaleratze bidean oztopo bat gehiago eransten duelako, ahalegin guztiak alferrikakoak diren sentsazioa hedatuz.

Ez da denbora asko pasa Espainiako presidente berriak espetxe politika berri baten aldeko adierazpen ustekabeki sendoak egin zituela. Alta, presoen auzia bideratzeko esperantzak indartu ziren neurri berean zapuztu dira azken asteetan, Sanchezen Gobernuaren urratsen faltan eta Estrasburgoko sententziaren ondorioz. Presoen errealitate gordina hurbiletik bizi dugunok badugu triste eta haserre egoteko motiborik. Baina gure minak ezin dezake bide berriak urratzeko dugun obligazioa baldintzatu. Ohituak gaude, ohituegi, erori eta berriz altxatzera. Kondenatuta gaude presoen aldeko ekimena eraginkortzera eta epe ertainean etxera ekarriko dituzten bideak asmatzera.

Momentu ona izan daiteke sakoneko ariketa bat egiteko. Ez naiz ari presoen aldeko ekimena erangikortzeko asmo konkretuez, hori baino oinarrizkoagoak diren galdera batzuk pausatu beharra ikusten dut: Zein irismen estrategiko ikusten diogu presoen kaleratzearen aldeko ekimen politikoari? Zama bat al da kudeatu beharrekoa baina errentabilitate politiko gutxikoa ala, aldiz, badago ikuspegi hegemoniko bat euskal gizartean presoak, aldez edo moldez, kaleratze bidean jartzearen aldekoa? Eta beraz, presoen eskubideen aldeko aldarrikapenak gizartegintzaren beste eremu batzuetan ere presente dagoen balio-sistema bat barnebiltzen du eta, ondorioz, herri-eraikuntzarako espazio fundamentala da? Hori horrela ulertuz gero –eta uste dut azken manifestazioan urrats kualitatibo bat eman zela zentzu horretan–, bide horri eutsi beharko genioke, are bide horretan sakondu, erabaki berriak hartu bide hori urratzeko.

Badakit bisioa hori izan dela orain arte ere. Baina agian salto bat emateko moduan gaude ETA desegin ondoko eszenarioan: gatazkaren ondorioen konponbidearen paradigmatik euskal bakearen –elkarbizitzaren– edota finean euskal gizarte demokratikoaren eraikuntzaren paradigmara modu determinantean salto egiteko aukerak egon badaudela uste dut, presoen kaleratzea, biktimen erreparazioa eta errelatoaren eraikuntza logika horren arabera landuz.

Espainiak gerra nahi du, nahiz hau fikziozkoa izan. ETArik gabeko eszenarioan ETAren itzala bizirik mantentzea behar du, barne etsaien faltan baitago –hala egongo da geroz eta gehiago– estatu proiektuari eusteko. Gerra hizkuntza darabil, mendekuaren erretorika, berdintsu euskal presoen kontra zein katalanen kontra, eta oro har status quo-a zalantzan jar dezakeen edozeinen kontra. Testuinguru honetan bakegintza ekimen politiko eraldatzailea da. Humanismo sentimental faltsurik gabeko bakegintza diot, pazifismoaren moral dogmatikorik gabekoa; bakea balio bihurtzen duena, haratagoko helburuetarako bitarteko bezala garatzen duena.

Bidea urratu egin behar da, horretarako gaude. Oreretako ekimena eta Donostiako manifestazioa lotzen duen haritik tiraka badago zer eginik abiapuntu on bat jartzen badugu: 1.- Presoak gureak dira, baina ez dira gureak. Esan nahi baita, presoak euskal gizarte demokratikoaren eraikuntzarako aktibo politikoak dira, eta, beraz, presoen kaleratzearen aldeko ekimena herri ikuspegiko aliantza esparru zabalean kokatu behar dugu, modu eraginkorrean. 2.- «Batzuetan musu bat ematea etsaiaren kuartel jeneralean lehergailua jartzea baino zailagoa da». •