Mikel Zubimendi Berastegi
ASPALDIKO «FAKE NEWS»-AK

Interneteko berri faltsuen epidemiari «Munduen gerra» irratsaio mitikotik so

Orson Welles handiaren «Munduen gerra» eleberriaren irratirako moldaketa, martetarren fikziozko inbasio baten berri ematen zuena, ez da «fake news» edo berri faltsuekin lotutako lehen gertaera. Baina masazko komunikabideen egunsentian gertatu zen eta adibide paradigmatikoa izan zen: audientziaren zati batek dena zein erraz irensten duen frogatu zuen.

Ameriketako Estatu Batuetan, 1938ko urriaren 30ean, Halloween egunean, 23 urteko gazte bat guzti-guztien ahotan zen. Orson Welles zuen grazia, artista handia zalantzarik gabe. Aurreko gauean, Halloween bezperan, Mercury Theatre on the Air bere taldearekin batera, H.G. Wells idazlearen “Munduen gerra” eleberriaren moldaketa uhineratu zuen CBS irratian. Jada 40 urte zituen eleberri hura fake news edo berri faltsuen ikur bilakatu zuen: zuzeneko emanaldi baten bidez martetarren inbasio baten berri eman zuen. Inork eta ezerk ezin geldituta, New Yorkerantz gerturatzen ari ziren kreatura misteriotsuen, gerrarako makina beldurgarrien berri eman zuen.

Honako mezu hau zabaldu zuen irrati bidez: «Jaun-andreok, eskaintzen ari garen musika programa eten beharrean gara Irrati Interkontinentalaren albistegi berezia zeuenganatzeko. Chicagoko Mount Jennings astronomia behatokiko Farrell irakasleak ezagutzera eman duenez, Marten, tarte erregularretan, gas gori baten leherketak ematen ari dira. Espektroskopioak adierazten duenez, gas hidrogenoa da eta ikaragarrizko abiaduran ari da Lurrerantz hurbiltzen. Princetoneko behatokiko Person irakasleak ere baieztatu du Farrellen behaketa eta fenomenoa ‘pistola batetik ateratzen den su urdinezko zurrusta’ bezala deskribatu du». Bada, programazioan egindako eten horrekin hasi zen benetako drama.

«Otoitz, negar, ihes»

Orduko egunkariek diotenaren arabera, AEBetako milaka eta milaka herritar, beldurrez akabatuta, «otoitz, negar eta ihes betean» jarri ziren irratia entzuterakoan. Irrati entzule askok albistegi berezia errealitatearekin nahastu zuten, eta, beldurrak jota, poliziara, egunkarietara eta irrati kateetara deitzen hasi ziren. Zalantzarik ez dago egunkariok irakurrita: Welles gaztearen showak nazio mailako histeria sortu zuen. Hurrengo eguneko egunkarien lehen orrialdeetan, Orson Wellesek bere izena eta argazkia ikusi zituen. Ihesaldi masiboen, bere buruaz beste egin zuten herritarren, Orson Wells aurkitzen bazuten bi tiro emango ziotela esaten zuten entzule haserretuen lekukotzak... jasotzen zituzten egunkariek.

Sortu zen zalaparta itzelak eta egunkarien presioak bultzatuta, urgentziazko prentsaurreko bat eman behar izan zuen Orson Wellesek. Kazetari denek, bakoitzak bere ñabardurekin, galdera bera egin zioten: «Aurreikusita zuen entzuleak horrela izutzea?». Itzala bailitzan, bizitza osoan jarraitu zion galdera horrek Wellesi. Eta bere erantzunak aldatzen joan ziren: «guztiz errugabea» zela esaten zuen hasieran, eta, gero, kutsu burlatian, gertatu zena gertatuko zela «zehatz-mehatz» zekiela.

Irratia vs egunkaria

Jakina, gaur egun badakigu istorioa saldu zigutena baino askoz ere konplikatuagoa dela. Egunkariek eman zituzten kopuruak erabat puztuta zeudela, benetan askoz entzule gutxiago ikaratu zirela. Ordutik egindako ikerketek benetan gertatu zena aztertzeko aukera ematen dute. 80 urte igaro izanak ematen duen perspektibak komunikabideekiko dugun jarreraren inguruan hausnartzeko parada ere ematen du, bizitza publikoaren eta politikoaren arteko banaketaz.

Zergatik izan zen irratsaio soil baten aurrean tamainako erreakzio publikoa? Hein batean egunkariengatik, irratiaren etorrerarekin erreminduta, komunikabide berriaren izen ona zikintzeko aukera paregabea ikusi zutelako, irratiak ez omen zuelako idatzizko kazetaritza “errespetagarriak” zuen sinesgarritasunik. “The New York Daily” edo “Boston Globe” egunkarietako lerroburuen arabera, irratsaioak «nazio osoa ikaratu» zuen. Baina egiazki zenbat jende ikaratu zen? Eta zergatik?

Egin diren ikerketek argi adierazi dute aspaldiko fake news hark sortutako masazko ikara legenda bat besterik ez dela, ez zela histeriarik egon, han-hemenka azkar amatatu ziren sute txiki batzuk baino ez zirela egon. Egunkariek irratiaren arduragabekeria azpimarratu beharra zuten, “kultura modernoaren elementu arriskutsuenetariko” bat bezala karikaturizatu behar zuten, kazetaritza idatzia errespetagarriagoa zela saltzeko. Horrela, irrati lizentzien negozioan agindu zezaketen, bide batez irrati lokal pilo baten jabetza lortuz. Eta, hartara, ongi etorri zitzaien Wellesen irratsaioa.

XX. mendeko 30eko hamarkadari begiratuta, argi dago agintari eta diktadore orok ezagutzen zuela irratiak boterea lortzeko edo mantentzeko zuen ahalmena. Naziek beraiek funkwarte edo “irrati guardiaren” figura sortu zuten; etxez etxe joaten ziren herritarrek Hitlerren diskurtso garrantzitsuenak entzuten zituztela ziurtatzeko. Masazko histeria eta desilusioak antolatzeko Estatuaren tresna paregabekotzat hartzen zen irratia. Beldurrak xaxatzeko, gorrotoak eragiteko, masak sutzeko tresna eraginkorra zen benetan. Eta horren erakusgarri ezin argiagoa Wellesek eman zuen bere showarekin.

Balio al du 1930eko hamarkadako irratiaz esaten ari garenak egungo Internetez jarduteko? Irratiaren inguruko borroka zaharrok uzten al duten leziorik Interneteko borroka berriei begira? Egia da orduko fake news-ak satirarekin zeudela lotuago nahita eraikitako engainuekin edo propagandarekin baino. Baina egia da ere egun gertatzen denak Wellesek bere irratsaioarekin ohartarazi nahi izan zuena baieztatzen duela. Bere irratsaioa beti izango da gogoangarria, eta ez soilik egun oraindik ere erabiltzen den berri “urgenteen” formatua hain dotoreki eta beldurgarriki erabiltzeagatik, baita honako mezu hau ere beti eramango duelako altzoan: kazetaritzaren konbentzioak gezur oso sinesgarriak eraikitzeko erabil daitezke.

Egun, politikariek, ikerlariek eta teknologia konpainiek epidemia “berri” batez ohartarazten gaituzte: fake news edo berri faltsuez. Komunikabide berriak komunikatzeko baino informazio gerrarako erabiltzen omen dira, Twitterreko mezuak 140 letrako tiro-segida lez erabiltzen omen dira. Internetek ekarritako esperantza utopikoak beldur distopiko bilakatu omen dira, alegia. 1930eko hamarkadan irratiarekin gertatu zen bezala. Beste hitz batzuetan esanda, fake news izeneko birus batek informazioaren mundura anarkia totala ekarri omen du. “Munduen gerrak”, baina, erakusten digu berri faltsuok ez direla inolaz ere atzo goizekoak. Eta beren ugalketaren aurrean teknologia konpainiek eta komunikabideek ezin dutela ezikusiarena egin.

Erakusten digute, halaber, berri faltsuon aurrean dagoen kezka, maila batean, nahita puztuta dagoela. Egia da egun berriok ekoitzi eta zabaltzen diren eskala, testuinguru politikoa, lortzen diren etekin potentzialak… erabat ezberdinak direla. Baina, esaterako, Facebook berak aitortua du bere erabiltzaileen %18k soilik sinisten dituztela zabaltzen dituen berriak. Hau da, Wellesen irratsaioarekin gertatu bezala, berri faltsuek milioika hartzaile izan arren, gehienak gai dira fikzioa eta errealitatea ezberdintzeko.