Koldo Sagasti

Osasun sistemaren ajeak

Pasa den astelehenean Eibarko ospitale berria inauguratu zuteneko esperpentoa osasun sistema publikoaren egoeraren alegia esanguratsua izan da. Ekitaldian lehendakariak akatsez beteriko eraikinaren irekiera ofiziala burutu zuen eta, bide batez, bere presentziaz, babesa eman nahi izan zion polemikaren jomugan dagoen Osasun sailburuari.

Zer funtzionalitate-irizpideren arabera diseinatu dezake erietxe bat anbulantzientzako sarbide egokia eraikitzea ahazten duenak? Edo logeletan gurpil aulkiak sartzeko moduko ateak jartzen ez dituenak? Bada, irizpide bertsuek gidatzen dute zerbitzu publikoa negozio pribatu bat bezala kudeatzen dutenen jarduna. Halaxe salatzen zuen inauguraziotik ordu batzuetara Roberto Sanchezek, mediku espezialisten oposizioetako iruzurra azalarazi duen profesionaletako batek.

Debagoieneko Ospitaleko anestesistak azaltzen zuen osasun sare publikoa kudeatzen dutenek ez dutela zerbitzu publikorako inongo bokaziorik, aitzitik, baliabide komunak euren botere egarria asetzeko baliatzen dituztela, jasotako mesedeak kitatzeko, eta lausengari leialez inguratzeko. Eta mesede-sare hori sustengatzeko ezinbestekoa da nor bere tokian jarriko duen hautaketa sistema ustel bat. Osagilearen esanetan, oposizioen inguruko irregulartasunak aspalditik ezagunak eta aho batez onartutakoak dira, eta gardentasun falta horrek eragin zuzena du osasun sistemaren eraginkortasunean. Ondorioak denok pairatu ditugu, noiz edo noiz, osasun zerbitzu publikoak erabili behar izan ditugunean.

Izango dugu zer pentsatu hurrengo batean medikuaren itxaron-gelan hitzordua ordubetez atzeratzen denean. •