Nerea Ibarzabal Salegi

Apurekin dagoen arazoa

Apu badoala, Apu ez doala. Oraindik ez dago garbi zer gertatuko den Simpsondarren marrazki bizidunetako indiar jatorriko dendariarekin. Hari Kondabolu umoregileak egindako dokumentalak piztu zuen polemika duela urtebete; “The Problem with Apu” (Apurekin dagoen arazoa) izenburupean, asiar hegoaldeko jatorridun aktore eta eragile estatubatuarrak elkarrizketatzen ditu Kondaboluk –bera eta bere familia tartean–. Apuren moduko pertsonaia estereotipatuek beraien bizitzetan izan duten eragina kontatzen dute ordubete inguruko dokumentalean.

Arantzatxo batek eraman nau “The Problem with Apu” ikustera. Pertsonaia hau Simpsondarren artetik ezabatuko zutela entzun nuenean pena sentitu nuen, marrazki bizidun hauek gizarte eredu bati egindako kritika bezala ikusi izan ditudalako beti, eta nire ustetan horretarako baliatzen zituztelako estereotipoak, tartean diskurtsoa sartzeko. Etxekoandre zapaldua, alkate ustela, etxegabe eroa, gizon zuri alfer pribilegiatua, alaba aurrerakoi gutxietsia… eta zerrenda luze horren artean, Indiako etorkin esplotatua, zortzi umeren aita, familiak adostutako emakume batekin ezkondua.

Horri bueltaka ari naizela, Paco Leon aktore espainiarraren honako txio hau irakurri dut: «Aida telesaileko pertsonaia batek ere ez luke zuzentasun politikoaren filtroa pasako». Alarmak piztu zaizkit, zerbait ihes egiten ari zait. Serie horretako “Machupichu” pertsonaia etorri zait gogora, hau ere esplotatuta daukaten etorkina. Eta oroitu naiz ikusi izan dudala fikziotik kanpoko jendea hegoamerikarrei “Machupichu” deitzen. Ez dela gauza bera kolektibo indartsu bat estereotipatzea edo ahulago bat. Beldurtu egin naiz une batez ahaztu zaidalako, eta play eman diot Kondaboluren dokumentalari, kontsolamendu bila.

Umoregileak argi dio hasieratik: Simpsondarrak maite ditu, beraiei esker ikasi du hein batean umoregile izaten; politiko, inteligente eta umoretsu aldi berean. Baina gauza batez ohartu zen aspaldi: «Ikusleek ez dute Apu maite kritika bat gorpuzten duelako, bere azentuagatik gustatzen zaie». Denoi etorri zaigu burura azentu hori, ezta? Ba horrexen muinera iritsi nahi du Kondaboluk. Apuri ahotsa jartzen dion aktorea Hank Azaria da, gizon zuri amerikarra. Dirudienez, produktore eta aktore zurien arteko bilera batean sortu zen indiarrari ahots hori jartzeko ideia, Azariak «35 zentimo, mesedez» esanez txantxa egin eta denei grazia egin zienean. Ez da umore landu eta kritiko baten adibidea, hortaz.

90eko hamarkadaren hasieran, Simpsondarren hedapena izugarria izan zen. Dena hedatu zen, noski, baita Apuren jatorri berekoei «thank you, come again» esanez barre egiteko ohitura ere. Berez kritikoa zen umore hura, zapaltzaile bihurtua. «Nik nire burua imitatzea zilegi da, baina gizon zuri batek ez, hori beste gauza bat da», dio Aasif Madvi umoregileak. Egia da Apuk kritika egiten diola gizarte arrazistari bere diskurtsoarekin, baina Kondaboluren ustez, estereotipo guzti-guztiak barnebiltzeak benetako arazoak estaltzen ditu.

Dana Gould Simpsondarren gidoilariarekin ere biltzen da, eta bere zalantzak berresten ditu: «Gure helburua dena ahalik eta dibertigarriena egitea izan da beti. Azentua amerikarrentzat barregarriagoa izango zela pentsatu genuen». Ez dizuet kontatuko ea azkenean Hank Azariarekin biltzea lortzen duen. Duda hori utziko dizuet, hori, eta ispiluan itsasteko post-it mezu bat: agian kritikotzat genituen umoreak ere gizon zurien bileretan idatzi direla, eta estereotipoek zapaltzaileak izaten jarraituko dutela, ez bazaie ahots propiorik eta kanonekin hausteko zirrikiturik ematen. •