> Skolae programa

Skolae hezkuntza programak hautsak harrotu ditu Nafarroako eskuinaren baitan. Emakumezkoen kontrako indarkeriaren aurka eta sexu aniztasunaren alde indarra egiteko sortutako baliabide pedagogikoak Nafarroako eskuineko alderdiak sutan jarri ditu, salaketa bat aurkezteraino. Salatu dutenaren aurka, baina, Skolae programak ibilbide pedagogiko oso eta osatu bat eskaintzen du, eskola garai desberdinak barnebilduz eta adin bakoitzari egokitutako baliabideak proposatuz. Parekidetasun ezaren aurrean, kritikarako gaitasuna eta ardura lantzea; autonomia, zaintza eta independentzia pertsonala bultzatzea; eta lidergoa, ahalduntzea, parte hartze soziala, sexualitatea eta tratu onak sustatzea dira, besteren artean, aitzindaria eta eredugarria den hezkuntza programaren helburuak.

Emakumeak eta beren ekarpenak bistaratzea; emakumezkoen eta neskatoen kontrako indarkeriari aurre hartzea; identitate sexualak, kulturak, sexualitateak eta, orokorrean, aniztasuna errespetatzen ikastea; parekidetasunaren gainean eraikitako maskulinitate berriak jasotzea; ahalduntzean eraikitako feminitateak jasotzea; parekidetasunaren konpromisoa hartu duten inguruak bultzatzea... Era horretako ideiak eta proposamenak dira Skolae programak jasotzen dituenak eta, nonbait, Nafarroako eskuinarentzat ez dira balio egokiak.

> Arimen Gaua edo Gau Beltza

Urriaren 31ko gauarekin batera, kalabaza laranjak eta armiarma sareak nonahi ikus daitezke Ozeano Atlantikoaren beste muturretik datorren Halloween festari harrera egiteko. Ameriketako Estatu Batuetako filmetan ikus daitezkeen mozorro eta maskarak nagusi dira egunotan inguratzen gaituzten erakusleihotan. Gau Beltza edo Arimen Gaua, baina, euskal ohitura zaharra dela defendatzen dutenak asko dira. Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea xede duen Ahotsak egitasmoak, Arimen Gaua ospatzeko ohitura Euskal Herrian ondo errotutako tradizioa dela dioten lekukotasunak bildu zituen orain urte batzuk.

> «Esa ez bete, segurtasunagatik eta sen onagatik»

«Zer dakigu Esa urtegiaren handitzearen inguruan? Ba al zenekien Nafarroako milaka lagun arriskuan bizi direla urtegi hau dela eta?». Galdera horiei erantzun asmoz Ahotsa proiektu komunikatiboak erreportaje bat egin du Esa Urtegiaren II. Martxa aintzat hartuta.

Ehunka lagun bildu zuen Esa Urtegiaren II. Martxak. Urtegia handitzearen aurkako oposizioak deituta, Aragoi eta Nafarroako zenbait eskualdetako herritarrek parte hartu zuten protestan. Urtegian egiten ari diren lanengatik Zangozan, Galipentzun edo Kasedan duten segurtasun eza eta obraren gastuak salatu zituzten.

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala onartu zuen joan den ekainean, Esa urtegia handitzeko lanak gelditzeko eskatuz.

> Zalaparta sarean, Realaren himno aldaketarekin

Realaren himnoa «koralagoa, anitzagoa eta inklusiboagoa» izatea helburu, «Aurrera mutilak!» esan ordez, «Aurrera Reala!» abestea proposatu du Realak.

Anoetan entzuten den himnoa «inklusiboagoa» izatea nahi zuen talde txuri-urdinak. Izan ere, argi du emakumeen taldeek ere defendatzen dutela Realaren ikurra, eta harmailetan gero eta emakume gehiago daudela partidak ikusten. Haiek guztiak ere ordezkatzea da aldaketaren helburua.

Sare sozialen bidez aurkeztu zuen ereserki berria eta sare horiek erabiliz eman dute iritzia zenbait zalek. Keinua txalotu dutenen artean Maddi Torre eta Sandra Ramajo Realeko jokalariak edota Arritxu Iribar kazetariak ageri dira.

Tamalez, dezente dira letra aldaketa kritikatu dutenak. Askorentzat pausu hori emateko «beharrik ez zegoen». Hala ere, letraren aldaketak baino, kritika gehiago ereserkiak izandako moldaketa musikalak jaso ditu.

> Gure Zirkuaren magia itzali da

Gure Zirkuak agur esan digu. 97 emanaldi, 25.000 ikusle, hamabi herri eta lau hilabeteren ostean, euskal artisten topagune izan den Gure Zirkuak karpa jaso eta agur esan du sareetatik.

Arte diziplina ezberdinetako artistekin gozatzeko aukera aparta eskaini du ekainetik euskaraz eta Euskal Herrian sortu den lehen zirku honek. Malabarista, magoa, trapezista, pailazoak… denetarik eta denentzako zuen Gure Zirkuak, haur zein helduak gozaraztea xede. Egondako herri guztietan sekulako harrera jaso du; hala aitortu zuten, bederen, sare sozialetan udaran zehar ikusle izan direnetako askok. NAIZ iritzi horiek guztiak biltzen ahalegindu zen.