Juantxo Egaña

Luxia txapeldun handia, 1950eko hamarkadan

1950eko udan, Martin Garziarena leitzarrak Donostiako aizkolari txapelketa irabazi zuen. Txapelketa hartan Juan Baleztenak, hura ere nafarra, eta Ignacio Orbegozo Juaristi Arria I eta Antonio Soraluze Korta gipuzkoarrek ere parte hartu zuten. Hilabete batzuk geroago, 1950eko urriaren 29an, Martin Garziarena leitzarraren eta Juan Jose Narvaiza Luxia azkoitiarraren arteko norgehiagoka izan zen Donostian, milioi erdi pezeta jokoan zeudela. Luxiak hamar segundo eskasen aldea atera zion Garziarenari. Bi urteren buruan, errebantxan, berriro irabazi zuen Luxiak. Erakustaldi eta lehiaketa gehienetan irabazten zuen Luxiak, harik eta 1959an Ramon Latasa sunbildarrak lekua kendu zion arte. Irudian, tamaina handiko enbor baten gainean, Juan Jose Narvaiza aizkolaria ageri da, Azkoitiko pilotalekuan, joan den mendeko 50eko hamarkadan. Argazkia Daniel Arroitajauregi Elkoro argazkilariak egin zuen. Arroitajauregi Eibarren jaio zen 1890ean, eta gerraostean Azkoitiko gizarte bizitza jaso zuen bere kamerarekin. Datorren azaroaren 18ra arte, Torre Zuri aretoan zabalik egongo da Azkoitiko Udalak antolatu duen argazki erakusketa, “Azkoitiko Estanpak 1950-1968, Arroitajauregi Argazki Bilduma” izenburuduna. Argazki horiek Danielek eta haren seme Josuk egin zituzten, azken honek aitaren lekukoa hartu baitzuen. Garai batean Azkoitiko argazkilari profesional bakarra izan zen.