> Txarrenari onena atera dio Altsasuk

Kolore guztietako irudiak eskaini zituen joan den igandean Altsasuk. Ciudadanos, Vox eta PPk Sakanako herria aukeratu zuten ekitaldia egiteko; bizilagunek, ostera, jai giroan adierazi zieten ez zirela ongi etorriak. Eguneko irudiak eta bideoak bolo-bolo ibili ziren sarean, eta NAIZ+ haien bilduma egiten saiatu zen.

Ehunka herritar bildu ziren Altsasun “Espainia herritarra” lelopeko ekitaldia ez zela ongi etorria esateko. Goizean goizetik segurtasun neurri zorrotzez inguratuta esnatu zen herria. Foruzaingoak eta Guardia Zibilak itxi egin zituzten plazarako sarrera-irteerak. Albert Rivera, Voxeko buru Santiago Abascal eta Nafarroako PPko presidente Ana Beltran txalo artean eta bandera espainolak goratuz hartu zituzten autobusez hara joandakoek, eta hauei, «alde hemendik» oihukatuz egin zieten harrera antifaxistek deitutako mobilizaziora joandako milatik gora lagunek.

Ciudadanosen ekitaldia hasi orduko, kanpai hotsak nagusitu ziren plazan, hizlarien hitzak zapalduz. Kanpai hotsak isildu eta musikak hartu zuen lekukoa, ekitaldia ia amaitu arte.

Bien bitartean, Iortia plazan Amets Arzallusek, Onintza Enbeitiak, Fermin Muguruzak, Xabi Solanok edo Zuriñe Hidalgok parte hartu zuten, besteak beste, probokazioei aurre egin nahi zien ekitaldian.

Asko izan ziren igandeko pasarteak betikotu eta sare sozialen bidez lau haizetara zabaldu nahi izan zituztenak.

> «Pasaiako badia» dokumentala, ikusgai

1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian jazotako gertaerak ditu oinarri “Pasaiako badia” dokumentalak. Bertan, Poliziak Pedro Mari Isart, Dioni Aizpuru, Jose Mari Izura eta Rafael Delas hil zituen. Dokumentalean hildakoen senideek, abokatuek, lekukoek, Paco Etxeberria mediku forentseak eta Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiak parte hartzen dute, besteak beste. Argitara eman eta urtebetera, filmaren bertsio guztiak igo dituzte sarera. Euskarazko bertsioa EiTBren web orrialdean dago ikusgai, eta gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko bertsioak, berriz, Youtube atariko Oinatzak Produkzioak ekoiztetxearen kanalean. Filmak izan duen «harrera ona» azpimarratu dute.

> Otzarretako pagadia, Twitterreko izar

Udazken koloreen ispilu da egunotan Gorbeiako Otzarretako pagadia. Kolore berdea galdu eta gorriz tindatuta ageri dira hostoak, lurra estaltzen duen alfonbra-gorri amaigabe bat osatuz. Inguruak Telemadrid kateko kazetari Ibon Perezen ikusmina eragin zuen eta bere mugikorrarekin filmatu nahi izan zuen naturak eskaintzen zion estanpa. Joan den larunbatean partekatu zuen bere Twitter kontutik eta bideoa ia 120.000 aldiz ikusia izan zen bi egun eskasetan.

«Hil aurretik lekuren bat ikusi nahi izanez gero, hauxe da lekua», dio Araba eta Bizkaia batzen dituen pagadiaren irudiak biltzen dituen txioak.

Ehun urteko pagoak zeharkatzen dituen kolore bereziko errekatxoak izaera mistikoa ematen dio inguruari. Hori dela eta, baso sorginduaren fama izan du garai askotan.

> Tortura

Pasa den igandean ETB2 kateko “360 grados” programak tortura hartu zuen hizpide. “Torturas, el crimen mejor escondido” izenburupean hamarkada desberdinetako biktimen testigantza jaso zuen Eider Hurtadok aurkeztutako programak. Polizia etxeetan bizitako infernua deskribatu zuten biktimek, kontaketa oso latzak eta gogorrak izan ziren eta sarean zeresana eman dute astean zehar. Horrez gain, poliziaburu izandako baten eta militar ohi baten hitzak ere jaso zituen programak eta batek zein besteak argi eta garbi onartu zuten tortura praktika horiek existitu direla.

Pako Etxeberria forentseak ere parte hartu zuen programan. Lakuarentzat egindako txostenean 1960tik 2014rabitartean gertatutako 4.113 tortura kasu dokumentatu ditu Etxeberriak eta egindako lan horri buruz aritu zen aditua.

Telebista saioak audientzia datu onak izateaz gain, sareetan ere bolo-bolo ibili da.

> Haurren babes kutxak, erraustegiaren aurka

Haurrak, ingurumena, elkarbizitza edo etorkizuna babestu nahi duten kutxak plazaratu ditu GuraSOS plataformak. Erraustegiak eragiten duen esparruan bizi diren haurrek egindako marrazkiak biltzen dituzten postalak gordetzen dituzte kutxatxo horiek. Eta postalak, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanori zuzenduta daude. «Gure haurren begiradak berritzen du itxaropena guregan eta goizero sinestarazten digute ez dela berandu Gipuzkoa osasuntsuago baten alde egiteko», dio postaletako batek.

Babes kutxok salduta bildutako dirua Hitzartu herritarren parte hartze prozesuaren gastuak ordaintzera bideratuko da.