Iker Barandiaran

Jarrera hilezkorra

Ez naiz inoiz mitozalea izan, ez dut inor beste inoren gainetik irudikatzen. Seguruenik arrazoi horregatik aitortu behar dut RIP taldearen inguruan bizi izan ditudan pasarte guztiek erabateko poztasuna eman didatela; hala bizi ditut oraindik ere. Bizitzan ikusi dudan lehen kontzertua, gogoan dudana behintzat, RIP taldearena izan zen. Gordinak, baina gure parekoak ziren, ez gehiago eta ez gutxiago. Nerabezaroan, ekaineko ostegun batean, jukutria batzuen bitartez gurasoei bizkar eginda ikusi ahal izan nuen taldea zuzenean. Pentsa, gerora, zenbat kontzertu ikusi eta disfrutatu ditudan eta zelako pisua duen musikak nire bizitzan.

Musikazale porrokatua izanda, RIP askotan agertu izan da parean, batu ditut taldearen bueltan dozenaka pasarte gogoangarri, eta ezagutu dut, taldekideez gain, inguruko jende ikaragarri asko ere. Horixe baita garrantzitsuena. “Putz” aldizkaria egiten genuen garaian Karlos Mahoma abeslariari elkarrizketa zabala egin nion, eta plazera izan zen bere umiltasun, gertutasun eta izateko modua partekatu eta idatziz jasotzea. Bera hil ondoren, “Hamar elkarrizketa” liburuan ere gelditu zen jasota haren lekukotasuna.

Jakina, latzak izan ziren Portu, Karlos eta, zer esanik ez, Julen heriotzak, baina hirurek bizi artean sentsazio onenak transmititu zizkiguten, eta ezagutu genituenok hala gogoratuko ditugu beti. Taldeari buruzko dokumentala egiterakoan harreman estua izan nuen Jul eta Txerra Bolinaga anaiekin eta, gainera, proiektuak forma hartu bitartean bizi izan zituzten urduritasun, lotsa eta poztasunen lekuko izan nintzen. Horregatik bakarrik merezi izan zuen lan erraldoi hura gauzatzeak.

Tarteka hainbat proiektutan aritu izan naiz Bolinagatarrekin, beti umil, beti apal, beti egiazko. Horien artean ere oso-oso bereziak izan ziren Jul hil zenean bere alde antolatu genituen bi ekitaldiak: bata urgentziazkoa, xumea eta erabat sobrioa; eta bestea musikala, rockeroa eta jai girokoa, bere eta gure gustura. Bi ekitaldi horien parte izatea itzela izan zen: musikari izatetik at pertsona moduan, lagun moduan, han eta hemen lortutako errespetua eta hurbiltasuna –berak bezala, gainontzeko kideek ere– arnastea eta bizi izatea. Lehena, herri oso baten keinua, lekukotasuna. Eta bigarrena atzoko, gaurko eta biharko musikari eta musikazaleen jai erraldoia. Ezinezkoa ez, baina ia errepikaezina izango da berriro Julhne27 jaialdirako batutako jentilajea eta tonaka maitasun batzea. Parte hartu zuten musikari askok azaldu bezala, aurretikako entseguetan arituta jada pozarren zeuden.

Orain argitara eman dute RIP taldeari buruzko lehen liburua, “Larga vida a RIP” izenekoa. Gertutasun, apaltasun eta maitasun horrek kutsatuta, Kataluniako bi gaztek bi urte pasa dituzte musu truk Arrasateko punk kuadrilla honen inguruan elkarrizketak egiten, taldearen historia ordenatu eta paperean jartzen. Emaitza? Ezin merkeago saltzen den liburutzar ezin osatuagoa.

Proiektu horretan ere parte hartu dugu gogo biziz, taldekide zirenek eta punka ulertzeko modu egiazkoa, apala eta eraikitzailea zuen taldeak hala eskatzen digutelako; eta liburuaren bi egileek ere, Judit eta Nandok, lehen unetik horixe transmititu izan digutelako. Ez hori bakarrik; beste behin ere frogatu da eurengan sinistuta proiektu kolektiboek indar eta emaitza itzelak eman ditzaketela. Gora RIP ta RIPtarrak! •