Xabier Mikel Errekondo

Urduri dago Markel Olano

Erraustegia bai ala bai. Horixe izan da Gipuzkoako Foru Aldundiaren mezua 2002tik. Harago, legegintzaldiko hauteskunde programan “Erraustegia bai” inprimatu izanagatik eraikitzeko zilegitasun osoa duela dio ahaldun nagusi Markel Olanok etengabe... Aitzakia eskasagorik!

Hondakinak arazo soziala dira eta munduan zehar irtenbide jasangarriak adostu dituztenean, Gipuzkoan alderdiek arazoa kontzienteki pozoitu egin dute. Galdeketa interesen arabera erabiltzen duten alderdi berak. Galdeketa, baina, amarru galanta da herritarrek behar beste informaziorik ez badute. Galdeketak azken aukera behar luke, soilik herritarrek erabakia adostu ezin dutenean, eta aurrez parte hartzearen lau faseak bete beharko lirateke: informatu, eztabaidatu, erabaki eta erabakitakoa bete.

Politikariek, baina, ez dute nahi parte hartzea artikulatzeko mekanismorik, nahiago dute galdeketen amarruekin jolastu. Parte hartze loteslea vs galdeketa. Lehenean gobernuak kontrola galdu egiten du, bigarrenean tempo-a, egokiera, galdera eta abar kontrolatzen ditu; eta komunikabide nagusiak eraginkorragoak dira.

Horregatik dago urduri Aldundia GuraSOS plataformaren dinamikarekin. Proiektu estrategikoak molde parte hartzaile sendoz erabakitzeko proposamenak Aldundiaren kontrol absolutuaren zutabea erdiz erdi jotzen du. Bestalde, GuraSOSek dianan jo du erraustegiak minbizia eragiten duela azpimarratzean eta seme-alaben osasuna erdigunean jartzean. Gipuzkoar gehienak erraustegirik ez dugu nahi (galdeketa aspaldi egingo zuketen PNVren inkesta ugariek kontrakorik baliote) eta hauteskunde bezperan urriak 27ko manifa handiak urduri jarri du Gipuzkoako Aldundia. Agian “El Diaro Vasco”-ren kanpainak jada ez dira hain eraginkorrak… •