Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Azken mohikanoak

Eztanda egin du azken asteotan euskaltzaleen arteko lurpeko tentsioak Gasteizen, Armentia Ikastolak ateratako bideo baten harira. Haizatu dira iritziak eta egongo da denbora euskarazko eskolen marko juridikoa eta horrek sortu dituenak eztabaidatzeko (bai, bai, berriro…). Beste alde batetik heldu nahi nioke aferari, agian orokorregia izateko arriskuarekin: euskara eta hezkuntza.

Lehenari dagokionez, abiapuntuari sinple deritzot. Nola balioko du EAEko Gobernuaren hezkuntza sistemak jendartea euskalduntzeko, uste baldin badu, euskarazko telebista publikoan urte luzez ikusi dugunaren arabera, euskaldunok munduan gehien maite duguna segalari apustuak, aurresku txapelketak, bi orduko mariatxi eta jota errezitaldiak direla? Kate tematiko-tokiko batean bale, baina, gainontzean... Egia esan, nik ere gustura ikusten ditut noizean behin bertso batzuk eta artzain txakurrak, baina hori ezin da inondik inora izan euskarazko kate publiko bakarraren, egungo euskal unibertsalon –Basque Universal Worldwhile Bilbao Spectators Crew, ideiak ematearren…– oinarrizko erreferentzia. Euskararen irudi landatartu eta folklorizatua duen Gobernuak nekez erabakiko ditu 2018. urteko jendarte eleanitza euskalduntzeko hezkuntza politika eraginkorrak. Azken urteotan, euskararen erabileraren estankamendua eta burokratizazioa (fosilizazioaren aurrekari arriskutsua?) dira horren zantzu beldurgarriak. Baina errua ETBri –are gutxiago bertako langileei– botatzea ez da zilegi.

Hezkuntza sistema bera da, bere osotasunean, loa kentzen didana. Batez ere bigarren hezkuntzan, eskola eta kanpoko mundua ez datoz bat. Gure institutuek antz gehiago dute XIX. mende bukaerako fabrika fordista batekin, beste ezerekin baino. Ordutegi guztiz hertsiak, arautegi autoritarioetan oinarritutako eguneroko harremanak, beharrezko atsedenik gabeko lan jarraitua (bai irakasleentzat bai ikasleentzat)… Esan dezakegu irakasle eta ikasleok XIX. mendeko estatu egituren azken mohikanoak garela. Derrigorrezko Hezkuntzaren sistema bera, soldadutzaren, geografia aberkoiaren eta himno nazionalen garaian iltzaturik geratu da.

Hezkuntzako langileoi herritarrak instruitzea eta alfabetizatzea exijitzen digu sistemak, hiritar zintzo izan daitezen. Eta horretarako okurritzen zaion oinarrizko plana, hiru urtetik hamaseira arteko haur eta gaztetxo guztiak masan, egunero, zentro itxi batera bidaltzea da! Labe garaietan eta zapata fabriketan lan egiteko prestatu zituzten gure aitona-amonak horrela joan ziren eskolara. Eta la letra con sangre entra famatuaren garaian, alfabetatu egin zituzten gazteleraz eta frantsesez, bai Bilbon eta bai Brozasen. Baina esaera zaharra albo batera utzita ere, ehun urte geroago, Estatuak gauza bera egiteko exijitzen digu irakasleoi.

Horren soluziobidea ez dago oinarrizko gaitasunak direlakoetan, hain zuzen, politika neoliberalak sustatzen dituzten interes berak daudelako azken urteotako hezkuntza berrikuntzako planen atzean. Ezta lehenagoko autoritate ereduetara itzultzean ere. Eta askok uste dute euskara eta hezkuntza ezarri zaigun mundura egokitzea, hizkuntza telecincotu eta eskola neoliberalizatzea dela. Eta agian… orduan bai itzuli beharko genukeela XIX. mendera. Hezkuntzaren eta alfabetizazioaren alderdi askatzailea aldarrikatzen zuten iraultzaile haietara. Mundura egokitzea baino, mundu hori bera aldatzeko bai euskara bai hezkuntza tresna askatzaileak direla pentsatzen hasi beharko genuke. •