Joxean Agirre

Euskaraldia

Hizkuntzak oparoegiak dira. Oxford hiztegiak 350.000 hitz ditu eta Shakespearek 15.000 erabili zituen bere obra idazteko. RAEren hiztegiak 80.000 sarrera ditu eta Cervantesek berea 8.000 hitzekin idatzi zuen. Euskaltzaindiaren hiztegiak 145.000 sarrera ditu eta ipuin on bat idatz daiteke mila hitzekin. Eguneroko harremanerako, berriz, aski omen dira 300.

Beraz, belarriprest txapa etxean duzuenok, jakin ezazue aski dela egunean hamar hitz ikastea, hilabeteren buruan edonorekin eguraldiaz, futbolaz edo maitasunaz hitz egiteko.

Hainbeste ahobizi eta belarripresten artean hirugarren txapa bat botatzen dut faltan, euskaraz hitz egiten gozatzen dutenena. Oso tarteka sumatzen ditut, adineko jendea da, ez naiz ari Euskadi Irratian edo telebistan hitz eta pitz jarduten dutenez. Beste prosodia bat dute. Euskarari eraikitako monumentu ibiltariak dira. Horiek hiltzen direnean zerbait garrantzitsua desagertuko dela iruditzen zait.

Imanol Lazkanok kontatzen du gazteak zirela Errezilgo Borondegi tabernara joaten zirela igande arratsaldetan, han egoten ziren aitona hiztun eder batzuei entzuten egotera. Oraindik ere gelditzen dira ale batzuk eta ni bezala hiztun traketsak garenontzat mirariak bezala dira.

Baina desbideratu egin naiz. Euskaraldian gaude eta garrantzitsuena ondo edo gaizki euskaraz hitz egitea da, zarauztar etorkin hark egiten zuen moduan: behin herriko apaizak zerbait agindu omen zion eta “Berorrek nahi badezu, eingo yau”, esan omen zion. •