Amagoia Mujika Telleria
EUSKARALDIA

Adostasunerako espazio bat, norbere motxila linguistikoaren karga arintzeko

«Belarrimotzak» belarriprest bihurtuko ditu eta euskal hiztunei arnasa emango die. Euskaraldiak topagune bat proposatzen du, norberaren karga linguistikoak arintzeko ariketa bat. Hizkuntza ohiturak ezin dira aldatu hamaika egunean, baina aldaketa posible dela ikusteko entrenamendu egokia izan daiteke. Hori da helburua.

Donostian elkartu gara Idoia Trenorrekin –Donostiako Euskaraldiko dinamizatzailea– eta Mariano Ferrer kazetariarekin –belarriprest prestua–. Topera dabiltza biak ala biak, bakoitza bere tokitik, ekimena bultza eta bultza.

Mariano Ferrer pozik dago, «‘belarrimotz’ izatetik belarriprest izatera» pasatu delako ofizialki. Izan ere, berak aspalditik egiten du belarriprestarena, inork bere hizkuntzan egiteko traba ez zuela izan nahi erabaki zuenetik.

«Nire bizitzan barna euskararekin etapa desberdinak bizi izan ditut. Hasieran, ezjakintasun erabatekoa, bai hizkuntzarekiko eta baita bere arazoekiko ere. Imajinatu Donostian zenbat euskara entzuten zen haurra nintzenean... Apenas, baldin eta, noski, ez bazinen familia euskaldun batean jaio. Ni haurra nintzela jende gutxik hitz egiten zuen euskaraz eta nire eskolan, Jesuitetan, bi mutilek bakarrik. Intxaurrondokoak ziren. Bitxia da, apenas akordatzen naizen orduko lagunen abizenekin, baina bi mutiko horien abizenak ondo gogoan ditut: Zubiaurre eta Iturrioz. Bi mutil haiei barre egiten zieten, baserritarrak eta ezjakinak bailiran. Inork ez zuen euskaraz egiten. Horrelako egoera txikiak aparte, euskarak ez zuen presentziarik nire bizitzan. Gero, baldintzak aldatzen joan ziren eta nire burua ikusten hasi nintzen ‘galtzaileen’ aldean, nolabait esatearren. Nire hizkuntzan eta lasai aritzetik, lan inguruan eta inguru sozialean euskaraz egiten zutenekin egotera pasatu nintzen eta hori arazo edo erronka bihurtzen hasi zen. Aldaketa handi bat gertatu zen. Kostatu egin zitzaidan egoera berriaz jabetzea, baina konturatu nintzen zerbait aldatu zela».

Mariano Ferrer euskaraz ikasten hasi zen lehen aldiz 1960ko hamarkadan. Eta horretan segitzen du. «Euskaltegiko nire lehen ahaleginak egun bat iraun zuen. Izan ere, irakasleak lehen egunean esan zigun euskarari buruz ari garenean, zazpi euskalkiz ari garela. Eta, beraz, gerta zitekeela guk gipuzkera ikastea eta bizkaitar batek ez ulertzea. Birrindu egin ninduen. Pentsatu nuen hizkuntza bat akaso ikas nezakeela, baina, zazpi, ez. Eta utzi egin nuen».

Handik urte batzuetara eutsi zion berriro bere bizitzan presentzia handia izan duen euskara ikastearen erronkari. «Bitxia da, niretzat erronka bat, zailtasun bat izatetik, gozamena izatera pasatu delako. Jakitun naiz inoiz ez dudala euskaraz ondo egingo, ez nik nahiko nukeen bezala behintzat. Eta, hala ere, izugarri gustatzen zait euskara ikastea, gozatu egiten dut. Jendea harritu egingo litzateke euskarari eskaintzen diodan denborarekin. Erretiroa hartu nuenetik, eta bene-benetan ari naiz, egunean hiru ordu eskaintzen dizkiot euskarari. Baina nik bi arazo ditut euskararekin. Bat, ez dudala inoiz onartu euskara gaizki hitz egitearen erronka. Hizketan hasten naiz, trakets ari naizela sumatzen dut, eta utzi egiten dut. Eta, bigarren arazoa, neure kabuz ikas nezakeela pentsatzea. Ingelesa, latina eta beste gauza asko bakarrik ikasi nituenez, euskara ere bakarrik ikasiko nuela pentsatu nuen. Eta ez naiz sekula joan inora euskara ikastera», aitortu du.

1976. urtean, Herri Irratiak “24 ordu euskaraz” irratsaioa egin zuen Belodromoan. «Orduan nik urtebeteren buruan irratsaio bat euskaraz egiteko konpromisoa hartu nuen. Aizarnara joan nintzen bi hilabetez euskara ikastera. Baina ez zegoen libururik, irratian ez zegoen euskararik… Urtebetera hitza bete nuen eta irratsaioa euskaraz egin nuen, baina aurretik oso prestatuta eta musika asko sartuta. Egin, egin nuen, baina...».

Geroztik segitzen du euskara ikasten, «tarteka lasaiago eta tarteka sakonago; irakurtzen dut, idazten dut, ariketak egiten ditut Interneten... oso ondo pasatzen dut. Baina badakit sekula ez dudala euskara jendaurrean erabiliko. Gauzak irakurri eta ulertzeko orduan dudan mailaren eta gauzak esateko orduan dudan mailaren artean desberdintasun handia dago. Euskaraz hitz egiterakoan, euskara dirudien zerbait hitz egin nahi dut; ez gramatikalki zuzena den edo erdaratik itzultzen ari naizen zerbait».

Hizkuntzaren kargak

Hizkuntzak baditu karga emozional astunak; “belarrimotzenak”, erdaraz trakets egiten duten euskal hiztunenak... Idoia Trenorren hitzetan, «hizkuntza oso emozionala da, oso gorputzekoa, eta denok bizi ditugu istorio oso pertsonalak hizkuntzarekin. Euskaraldiak, justu, istorio horiek laxatzeko esperimentu bat izan nahi du. Adostasunera iristeko esperimentu bat ere bada, bestela baitirudi beti lehian bizi garela; nik euskaraz, parekoak erdaraz, ea nork irabazten duen… Euskaraldia adostasunerako parentesi bat da».

Trenorren ustez, euskararen erabileran indarra egiteko unea da. «Marianok dioen bezala, 60eko eta 70eko hamarkadetan apenas entzuten zen euskararik. Testuinguru horretan, apenas zegoen euskaraz egiteko aukerarik eta euskara ikasten zuenaren motibazioa bestelakoa zen; ligatzeko, ondo pasatzeko, euskal munduan integratzeko… Gaur egun, euskara ikasteko motiboak beste batzuk dira; titulu bat lortzea, lana lortzea… Lehen, agian, askoz emozionalagoa izaten zen euskara ikasteko motibazioa, eta, gaur egun, berriz, askoz instrumentalagoa da. Motiboak motibo, indar eta baliabide asko inbertituta da inguru formalean; irakaskuntzan, administrazioan… eta oraindik lan handia dago egiteko hor. Baina hutsunea gertatu da eremu informaleko erabileran. Askotan gertatzen da, adibidez, laneko bilera bat euskaraz egitea eta bileratik atera orduko, harremanak erdaraz izatea. Hor dago hutsunea».

Euskaraldia inertzia horiek apurtzeko apustu bat dela nabarmendu du. «Hizkuntza ohiturak 11 egunetan ezin dira aldatu, baina frogatu dezakezu posible dela. Eta frogatzea bera pauso txiki bat da. Ez dakit Euskaraldiarekin agertoki berri bat irekiko ote den, baina esperimentazioa bai eta baita bizipen berri asko ere».

Karga emozionalak aipatuta, “belarrimotzarenak” zenbat pisatzen duen badaki Mariano Ferrerek. «Nire alabak euskara ikasi zuenean, pozik eta ase sentitu nintzen, iruditzen zitzaidalako inkomunikazioa hautsi nuela. Nire ondoren, nire familiak ez zuen familia erdaldun bat izaten jarraituko. Ordura arte nire familia erdalduna zen eta ez zuen inork euskaraz ikasi. Nire ondotik inkomunikazio linguistiko hori hautsi egiten zela ikusteak asko poztu ninduen. Orduan, nire gainean sumatu nuen karga. Nik zer egiten dut? Jakitun zara egoera absurdoak gertatzen direla; lau euskaldun eta erdaldun bat eta elkarrizketa guztiak erdaraz. Hasiera batean akaso elebitan ematen da solasaldia, baina berehala pasatzen da erdarara. Nik sentitzen nuen hori konpondu beharra zegoela, nire aurrean jendeak bere hizkuntzan egiteko modua izan behar zuela. Denborarekin, hori niretzako karga emozional bat izan da, frustrazio bat, zerbait gaizki zegoenaren sentipena».

Euskaraldia euskaraz hitz egiteko ahalegin bat da eta bere berritasun nagusia, Trenorren iritziz, «ulermena sartzen dela joko-zelaian». «Protagonistak ez dira soilik hitz egiteko gaitasuna dutenak, baita ulertzeko gaitasuna dutenak ere. Eta hori gako garrantzitsua da, hemen jende asko eta asko dagoelako ulertzen duena. Ulertzen duten guztiek elkarrekin zerbaitean parte hartzea, aurrerapauso handia dela iruditzen zait».

Ferrerek aitortu duen “belarrimotzaren” karga hori beste askok ere sufritzen dute beren azalean. «Belarripresten saioetan ikusi dugu jende askorentzat sekulako aukera dela, euskara ulertzen dutela garbi uzteko modua eskaintzen dielako. Askok esan digute, ‘hitz egiten ez dudan arren, ulertzen dut eta jendeak niri euskaraz egitea nahi dut. Euskaraldiak lasaitasun hori ematen dit’».

Ariketa deserosoa

Elkarrizketa asimetrikoak, batek euskaraz eta besteak erdaraz eginez josten direnak, ez dira samurrak. Deserosoak dira eta normalean ez dira denboran luzatzen, une batean bi solaskideek hizkuntza berdintzera jotzen dutelako.

«Egia da bi hizkuntzetan aritze hori ez dugula entrenatuta. Nik ulertzen dut euskal hiztuna azkenean aspertu egin daitekeela egoera horrekin. Muinean, fikzio txiki bat egiten ariko balitz bezala da. Ulertzen dut hori sentitzen badu. Zuk euskaraz, nik gazteleraz… une batean aspertu egiten da euskal hiztuna eta ‘goazen elkar ondo ulertzera’ pentsatzen du. Eta erdarara aldatu», iritzi dio Ferrerek. «Euskararen ikasle saiatua eta euskal hiztunez inguratua izan naizen urte luzeetan konturatu naiz denboran barna nola aldatzen diren zenbait jarrera. Hasiera batean, euskaraz egiten den edozein ahalegin txiki ilusioz eta oso pozik txalotzen da; urteen joanean, baina, jolas horrek nekea ere sor dezake. ‘Tira, goazen praktikoak izatera. Asko eskertzen dizut euskaraz egiteko ahalegina, baina minutu bakarrean esan dezakegun zerbait esaten hamar galtzen ditugu’. Nik primeran ulertzen dut neke hori, euskal hiztunak ez duelako zertan inoren irakasle eta bultzatzaile bihurtu».

Trenorrek ere ikusten du ariketaren zailtasuna. «Simetriara jotzen dugu beti. Asimetria dagoenean, hizkuntza handiak txikia jaten du. Eta zaila da elkarrizketa asimetriko horiek denbora luzean mantentzea. Baina, ahobiziok, euskaraz ondo hitz egiten dugunok, ariketa bat egin behar dugu Euskaraldian. Euskaraz egin behar dut, baina ez nik nahi dudan erritmoan eta moduan. Nik ere ariketa bat egin behar dut belarriprestaren ulermen mailara moldatzeko, baldin eta elkarrizketa euskaraz izatea nahi badut. Belarriprestek ez ezik, ahobiziek ere moldatu behar dugu ariketa honetan. Harremana euskaraz izatea nahi badugu, bion aldetik jarri behar dugu», nabarmendu du.

Euskaraldia 11 eguneko ariketa izango da, baina aurretik hausnarketa interesgarria piztu du, eta, ondoren, pentsatzekoa da arrastoa utziko duela.

«Niretzat ekimena arrakastatsua izango da jendea konturatzen bada gure esku dauden gauza xumeak eginez gero, posible dela euskarak orain duena baino presentzia handiagoa izatea. Badaude ohitzea erabaki dugun egoerak eta horietako bat hori da: gaztelania hizkuntza nagusia izan denez eremu publikoan, horretara moldatu egin gara. Bitartean, euskarak bere bidea egiten du ahal duen moduan. Dagoeneko jendeak ez du euskara eraso bat bezala bizi, hori gainditu da. Baina bi eremutan zatitu da errealitatea; batean euskaraz hitz egiten da, eta, bestean, erdaraz. Errutina hori haustea eta zubiak eraiki daitezkeela konturatzea da gakoa, komunikazio bideak eraikitzea. Hori sekulako arrakasta litzateke».

Trenorren ustez, Euskaraldiak geldiune bat proposatzen du. «Gelditu gaitezen eta zertan ari garen pentsa dezagun. Goazen esperimentu bat egitera gure inertziak apurtzeko. Eta ariketa hori gogoangarria izan dadila, gure gorputzetan arrasto positiboa utz dezala. Niretzat hori litzateke arrakasta, hamabigarren egunetik aurrera arrasto hori nabaritzea».