Aimar Etxeberria Korta
HEZKUNTZA INKLUSIBOA

Aitzindaria izango da Eskozia LGBT+ kolektiboaren eskubideen irakaspenean

Curriculum akademikoa eguneratuko du Eskoziak, LGBT+ kolektiboa osatzen duten pertsonen eskubideak barneratu ditzan, jauzia ematen duen mundu mailako lehenengo herrialdea bilakatuz. Bi lagunen adiskidetasunetik abiatutako ekinbideak eskoziar ikasgela guztietara iristerainoko bidea egitea lortu du.

Laguntasuna du abiapuntuan Time for Inclusive Education Campaign (TIE) ekimenak, LGBT+ kolektiboa osatzen duten pertsonen eskubideak Eskoziako ikasgela guztietara eraman asmo dituen iniziatibak. Liam Stevenson eta Jordan Daly dira ekimenaren sustatzaileak, biak ere azken horren esperientzia pertsonaletik abiatuta sortu zen iniziatibaren bultzatzaileak. Hitz-aspertu luzeetan piztu zitzaien ekimenari heltzeko txinparta, batari «askatzaileak» eta besteari «mingarriak» suertatu zitzaizkien solasaldietan. «Orduan ohartu ginen hezkuntza sistemaren baitan heldu beharreko hainbat kontu zeudela». Hala sortu zen TIE.

«Ikaratu egin nintzen Jordanek, LGBT+ gazte bezala, bizi behar izan zituen esperientziak kontatu zizkidanean. Izan ere, orduan 3 urte baino ez zituen nire alaba zaharrenarengan pentsatu nuen. Jasangaitza zitzaidan hark Jordanek sufritu zuena pairatu zezakeela pentsatzea. Eta uste dut nire lagunaren esperientziaren berri duen edozein gurasok partekatuko lituzkeela nire baitan piztu ziren sentimenduak», idatzi zuen Stevensonek kausarekin batera abiatu zuten blogean.

Jordan Dalyren istorioa

Gaztetxoa zenean hasi zen Jordan Dalyren amesgaiztoa. Homosexuala zela ohartu zen, baina ez zuen onartzen; ondorioz, aldatzen ahalegindu zen. Hasieran, bulkada sexualak erreprimitzeari ekin zion, eta bere burua gorrotatzen amaitu zuen. Egoera horretan, bere buruaz beste egitea ere kontsideratu zuen. «Gazteegia nintzen sentitzen nuena sentitzeko; zoritxarrez, zauri ugari ireki zitzaizkidan garai hartan, oraino orbaindu ez zaizkidanak; segurtasun-gabezia eta isolamendu sentsazioak, esaterako».

Gauzak are okerrago egin zituena zera izan zen, ordea, Daly LGBT+ kolektiboarekiko erabateko axolagabekeria adierazten zuen eskola batera joan zela, alegia. «Ez genuen hitzik egiten homosexualitateaz, ez zen irakasle bakar bat ere gisa horretako gaiak naturaltasunez tratatuko zituena eta ez zegoen ikastetxeko korridoreak betetzen zituen homofobiari aurreko egiteko inolako saiakerarik. Ondorioz, nintzen hori ezkutatzea erabaki nuen».

«Orduan ez nekiena zen kanpoan komunitate oso bat zegoela, energiaz eta kolorez betea. Uste nuenaren aurka, homosexuala izatea ez zen bakartasunaren sinonimo». Izan ere, eskola bera izan zen Daly bakartasunarena kondenatu zuena, eskola eta bertan jaso zuen heziketa. «Irakasleek homofobiari aurre egin izan baliote, aske sentituko nintzateke homosexualitatea beldurrik eta biktimizaziorik gabe bizitzeko? Ziur naiz eskola garaian LGBT+ hezkuntza inklusibo bat jaso izan banu askoz ere lehenago irabaziko nukeela nire buruarekiko konfiantza».

Hezitzaileak hezi

Stevenson eta Daly iritsi diren ondorioa honakoa da: irakasleek jokatzen duten papera «berebizikoa» dela heziketa guneetako homofobiari aurre egiteko. Hori hala, TIEren helburu nagusia da irakasleak ahalduntzea, hezkuntza inklusibo bat eskaintzeko baliabideak hauen eskura jartzea. Era berean, heziketa saioak ere eskainiko dituzte, irakasleek LGBT+ formakuntza jaso dezaten. «Zuek, irakasleok, luzaroan eragiten ari zaigun arazo bati soluzioa eman diezaiokezue», dio TIE ekimenaren abiapuntuko manifestuak.

Izan ere, gauza bat da nerabe batek bere burua onartzeko zailtasunak izatea eta bestea ustez seguru sentitu behar zukeen inguru batean harrapatua eta baztertua sentitzea. Ez dira berriak –2012koak dira–, baina badira datu batzuk LGBT+ kolektiboa osatzen duten eskoziar nerabeek bizi dutenaren adierazgarriak direnak: horien artean %44k uste dute euren hezkuntza zentroak ez direla «tolerantzia guneak», non ongietorriak sentitu daitezkeen; %71k dio maiz egiten dutela piper; %49k, berriz, uste dute ez direla eman dezaketen guztia ematen ari; %54 autolesionatu egiten da; eta %26k bere buruaz beste egitea pentsatu izan dute sufritutako bullying-a dela eta.

Bidearen zati bat, baina, egina dago dagoeneko, Stevenson eta Dalyk euren begi propioekin baieztatu ahal izan dutenez. Esaterako, Vale of Leven Academy hezkuntza zentroaren esperientzia goraipatzen dute TIE iniziatibaren sustatzaileek. «Zentrora sartu eta ikusten duzun lehenengo gauza ostadar bandera da. Gainera, LGBT+ komite bat ere osatua daukate, ikasle eta irakasleek eratua. Ederra izan zen entzutea transexuala deklaratu zen ikasle bati komunitateak eman zion erantzuna, are gehiago maiz entzun izan ditugunean hala ikaskideen nola irakasleen partetik bullying-a pairatu izan duten ikasle transexualen kasuak».

Mundu mailan lehenak

Kontuak kontu, fruituak eman ditu Stevenson eta Dalyk 2015ean abiatutako ekimenak eta gaur da eguna Eskozia izango dena mundu mailako lehen herrialdea bere curriculum akademikoan LGBT+ komunitatearen eskubideak barneratuko dituena. Hala iragarri zuen John Swinney Gobernu eskoziarreko lehen ministrordeak hil hasieran, aurreratuz herrialdeko ikastetxe guztietan irakatsi beharko direla aurrerantzean homofobia edota transfobiari aurre egiteko moduak, besteak beste.

«Eskozia, dagoeneko, Europa mailako herrialde aurreratuenen artean dago LGBT+ berdintasunari dagokionez. Horrez gain, pozez esan dezaket lehen herrialdea izango dela mundu mailan LGBT+ hezkuntza inklusiboa txertatzen curriculum akademikoan», adierazi zuen Swinneyk legebiltzarkide eskoziarren aurrean. «Gure hezkuntza sistemak ikasle oro sostengatu behar du hoberena ematera irits dadin. Horregatik da hain garrantzitsua curriculum akademikoa ikasgelak betetzen dituzten ikasleak bezain plurala izatea».

TIEtik egindako proposamen guztiak bilduko ditu eskoziar Gobernuak onartu berri duen curriculum akademikoaren erreformak. Jada indarrean behar luke erreformak, eta 2021ko maiatza bitartean –Holyroodeko hauteskundeak artean, beraz– daukate ikastetxeek curriculum berria inplementatzeko. Bitartean, babesa eta orientazioa eskainiko dizkie Eskoziako Gobernuak LGBT+ inklusioa landu nahi duten irakasleei eta, era berean, aldizkako ikuskapenak egingo ditu curriculum akademiko berrituaren inplementazioa ziurtatzeko.