Joana Garmendia

Uxue Barkos itsas izarra da

Izar guztiak ez dira berdinak: ba omen daude izar gorriak, izar laranjak, izar urdinak, izar zuriak eta izar horiak. Desberdinak dira batzuk eta besteak, baina denak dira izarrak. Izar gorriak, izarrak dira. Izar urdinak, beste mota bateko izarrak dira; baina berdin dira izarrak. Kolore batekoak ez dira bestekoak baino izarragoak.

Ez da berdina kontua itsas izarrez ari bagara. Itsas izarrak ez dira izarrak. Izarren antza dute, horixe da izarrekin lotzen dituen gauza bakarra. Baina ez dira benetako izarrak, ez dira izar gorrien eta horien eta urdinen parekoak.

Ez zaizkit asko inporta izarrak, eta are gutxiago horien sailkapena. Inporta didana, sailkapena bera da: izen baten azpian biltzen diren elementuen arteko harremana. Itsasoan dauden izarrei “itsas izar” esaten diegu, baina zeruan (edo dauden tokian) dauden horiei ez diegu “zeruko izar” esaten. Horrek erakusten du izarrak, benetako izarrak, zerukoak direla –itsasokoak, haien antza duten zerbait dira, beste zerbait–. Halaber, kolore bakoitzeko izar taldeari kolore horren izena jarri diote: ez dago talde bat, adibidez izar gorriena, soilik “izar” deritzana, besteen aldean benetako izar taldea litzatekeena. Izar gorriak, izar laranjak, izar horiak, izar zuriak eta izar urdinak, horiek denak dira berdin izarrak.

Gauza bati nola esaten diogun, horrek erakusten du, askotan, zer ideia dugun gauza horretaz. Erakusten digu, esate baterako, zein leku hartzen duen gauza horrek gure baitan egiten ditugun sailkapenetan. Eta zein sailkapen ote daukate beren baitan gure herriko kazetari eta esatari askok, behin eta berriz (eta sistematikoki, esango nuke), “emakumeen futbolaz” eta “Nafarroako lehendakariaz” hitz egiten digutenean. Bi esapide horiek irakurrita jarri naiz izarretan pentsatzen.

Ez dakit ia ezer futbolari buruz. Inporta ere, ez dit gehiegi inporta. Baina kontu batek eman dit atentzioa azkenaldian: hemen eta han irakurri eta entzun dut hau edo bestea emakumeen (edo nesken) futbolari buruz. Diot nik, emakumeek jokatzen duten futbola izango dela hori. Eta, horri desberdintzen zaiona, gizonezkoek jokatzen dutena izango da, baldinbaitere. Eta, ba al dakizue nola esaten zaion gizonezkoek jokatzen duten horri? Bai, horixe: “futbola”. Ez dut uste gizonezkoen futbolaren azpitaldea izango denik emakumeena –gizonezkoen futbolaren mota bat denik emakumezkoen futbola–. Ez da, ez, izar gorrien eta izarren arteko harremana futbolaren eta emakumeen futbolaren artekoa. Emakumeen futbolak izango du, seguru asko, itsas izarren antza handiagoa: ez da futbol-futbola, ez da benetako futbola. Futbolaren antza duen zerbait da emakumezkoen futbola.

Uxue Barkosek ere badu itsas izarretik zerbait, antza denez. Komunikabideetan (ez denetan) fin-fin esaten diote behin eta berriz “Nafarroako Gobernuko lehendakaria”. Eta hala izango da. Horrek ez ninduke harrituko, Urkulluri, honi ere fin-fin, “EAEko lehendakaria” esango baliote, sistematikoki eta beti-beti. Orduan, ulertuko genuke, sailkapenean gauza bat dela lehendakari izatea, eta lehendakari mota desberdinak daudela: bat da Nafarroakoa, bestea EAEkoa –izar gorriak eta izar urdinak nola–. Baina Urkullu, agidanez, ez da lehendakarien artean bat: Urkullu izarra da. Kolorerik gabeko izarra. •