Xabier Izaga Gonzalez
EUSKHARAN ELKARTEA

Euskaraz jarduteko txoko xumea, hogei urteren buruan, proiektu integrala

Inguru erdaldun batean, Gasteizko Aranbizkarra auzoko euskaldunak sakabanatuta zeuden, eta, hala, euskararen ezagutzak gora egiten zuen baina erabilerak ez. Eta Amaia zentroa lortu zuten mintzapraktika egiteko. Hogei urte joan dira, eta Euskharan Elkarteak haur, gazte eta helduei euskarazko hamaika zerbitzu eskaintzen dizkie.

Gasteizko Aranbizkarra auzoko eta inguruko bizilagun euskaldunek txoko bat behar zuten joan den mendearen amaieran. Auzo harekin Aranbide, Arantzabela eta Arana hartzen zituen Zazpigarren Alaba auzo elkarteak bizilagun haien behar hura asetzeko ekimen bat bultzatu zuen: Euskharan Kultur Elkartea, Aranbizkarrako Amaia zentroan garatuko zutena. Ekimen xume hura hazten hasi zen eta hogei urteren buruan elkartearen jarduerak hiri osora hedatu dira. Gasteizko Udalarekin hitzarmen sinatuta, urtez urte proiektu berriak aurkeztuz joan dira, gaur egun proiektu integrala izan arte.

Elkartearen hogeigarren urteurrenean, GAUR8 Amaia zentrora joan da bisitan, aurez bertako kide batekin hitzordua jarrita. Ez edonolako gidaria, gainera, elkarteko koordinatzaile Iratxe Goikoetxea baitugu atean zain.

Amaia zentroa

Haur-eskola izandako eraikinera sartu eta berehala hasi da Iratxe beheko solairuko gelak erakutsi eta bakoitzean zer egiten duten azaltzen. Sarreran den gela bat Zazpigarren Alaba Aranbizkarrako Auzo Elkartearen egoitza dela diosku. Barruraxeago egin eta liburutegira sartu gara. Bertako liburu bat hartzeko ez da txartelik behar. Nahikoa da datuak ematea. Bertan aitona-amonentzako eskolak ere ematen dituzte. Bai, aitona-amonak euskara ikastera joaten dira, ilobekin hitz egin ahal izateko. «Nahikoa lasaiak izaten dira eskolak, ez baitute inolako presiorik», dio Iratxek. Beste gela batean ere ematen dituzte eskolak, helduentzako euskal dantzak irakasteko erabiltzen duten batean, hain zuzen. Aitona-amonen eskolak hiru mailatakoak dira, hutsetik hasita. Iratxek dioenez, nahiko dinamiko eta dibertigarriak izaten dira. «Oso pozik etortzen dira, eta ikasten dutena erabili egiten dute… Ez da gutxi!». Ordu eta erdiko saioak izaten dira.

Beheko solairuko gelak, beraz, gehienbat helduen hezkuntzarako erabiltzen dituztela dirudi. Baina ez bakarrik, bertako beste gela bat gazteen txokoa baita: Kuadrillategi. Ostiral arratsaldean bertara biltzen diren 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzako txokoa da. Zer egiten duten galdetu dugu. «Eurek erabakitzen dutena», erantzun du Iratxek. Izan ere, txoko autogestionatu eta asanblearioa da. Zentroko begiraleek baliabideak eskura jartzen dizkiete eta dinamizazio lanak egiten dituzte, baina bertara biltzen diren gazteek erabakitzen dute programazioa eta hori nola gauzatu.

Auzokideek ere erabiltzen dute noizbehinka gazteen gela hori, bilerak egiteko. Azkenaldion talde bat inauteriak prestatzeko biltzen da bertan. Bestetik, Bilgune Feministak ere egiten ditu bertan bilerak... Talde askok partekatzen duten gela da, beraz.

Beheko solairuko bazter batean, Iratxeren bulegotxoaren ondoan, Liburu Trukea dago, Euskharan elkarteak eskaintzen duen beste zerbitzu bat. Bertan dauden liburuetako bat hautatzen duenak izena ematen du eta zer liburu hartu duen eta horren truk zein utzi duen apuntatu egin beharra dauka, besterik ez.

Lehen solairura igo eta haurren txokora joan gara lehenik. Bertan larunbatero lau eta hamar urte bitarteko haurrek goiz dibertigarria pasatzeko aukera dute, lehenengo zinema eta gero tailerrak eta jolasak. Ez da horretarako leku bakarra, ordea. Amaia zentroko gelan ez ezik, Gasteizko beste zenbait auzotan ere goiz ederra pasatzeko aukera dute haurrek: Zabalganan, Lakua-Arriagan eta San Martinen ere atondu dituzte haurrentzako lokalak, Euskharanen programazioaren barruan, jakina.

Ondoko gelan Arabako Bertsozale Elkartearen egoitza dago, eta haren aurrean, Bertso Eskola; Unibertsitateko bertsozaleak ere biltzen dira bertara. Ia egunero agertzen omen dira baten batzuk. Beste gela batean alboka eskolak ematen dituzte, eta, arrakasta duen jarduera denez, beste gela bat ere erabiltzen dute horretarako. Gela berean askotariko jarduerak egin daitezke: bilerak, euskara eskolak, bertso entseguak...

Eraikina haur-eskola izan zen arrastoa nabarmena da komunetan, ez baitituzte kendu bertako konketa txiki-txikiak. Lekua oso ondo aprobetxatuta dago. Ez da txikia, baina aldez aurretik jarduera kopuruaren berri izanda, askoz leku handiagoa zela espero izatekoa zen.

Bilakaera

Esan bezala, Euskharan Kultur Elkartea 1998. urtean sortu zen Gasteizko Aranbizkarra auzoan, Zazpigarren Alaba auzo elkarteko Euskara Batzordeak bultzatuta. Gasteizko Udalarekin hitzarmen bat sinatu eta urtero-urtero proiektu bat aurkeztu izan du.

Hausnarketa baten ondorio izan zen Euskharanen sorrera. Populazio kopuru handia eta euskaldun kopuru txikia duen Gasteizko ingurune horretan, euskal hiztunak nahikoa dispertsatuta zeuden, eta euskararen ezagutza gero eta handiagoa bazen ere, erabilerak ez zuen aurrera egiten. Egunotan, Euskaraldia igaro berritan, oso ezagun gertatzen den ondorio bat atera zuten: «Lehenengo hitza gazteleraz izaten da harreman berrietan, eta oso zaila da gero ohiturak aldatzea».

Elkarteak proiektu xume batekin eman zituen bere lehenengo pausoak. Arabako Bertso Eskolarekin batera, mintza praktika saioak abiatu zituen. «Gasteizko hiriari euskaraz aritzeko gune eroso bat eskaini nahi genion, familiak eta harreman sareak euskalduntzeko urrats bat eman eta euskaldunen sarea berregituratzen saiatuz». Ikastetxe eta euskaltegietan euskarak espazioa irabazten zuen bitartean, kalean ez zen horrenbeste nabari. Horregatik, «kaleko eta etxeko espazioak zein ezagutzaren eta praktikaren arteko espazio hori irabazten joatea da elkartearen helburu nagusietako bat».

Urteak pasa ahala, Euskharan izena gero eta ezagunagoa egiten joan zen Gasteizen eta, lan handiaren ondoren, eskaintzen zituen jarduerak hirian zehar hedatu ziren. Gaur egun proiektu integrala osatzea lortu du, Gasteiz osoko hainbat auzotan zabalduta, San Martin, Errekaleor eta Lakuan, hain zuzen.

Iratxe euskara irakaslea da, hasierako mintzapraktikako talde haietan parte hartu zuen, eta dioenez, egun ere horren beharra dago, ikasleek esaten diotenez. Hasieratik arrakasta handia izan zuten. «Gutxika-gutxika jarduera gehiago antolatzen joan ginen, denak ere euskara eta euskal kultura sustatzea xede hartuta». Hasieran ez zen haurrei begirako proiektua, baina gaur egun haurrentzako jarduerak dira nagusi. «Hau handitzen hasi zen, jendea etortzen hasi baitzen, nahiz eta hau berez Aranbide, Arana, Aranbizkarra eta Aranzabela auzoetako kontua zen». “Haran” hitza duten toponimoak dituzten auzoak, hain zuzen. Denak “h” gabe, baina, paradoxikoki, “h” batek ordezkatzen ditu auzo horiek elkartearen izenean.

28 ikastetxetan

Handitu ahala, Udalarekiko hitzarmena ere aldatuz zihoan, proiektu gero eta handiagoak baitziren, gero eta hedatuagoak, hiri osoa hartu arte. Haurrentzako jarduerak eskoletan zehar banatzen dituzte, 28 ikastetxetan, hain zuzen. «Horrekin bakarrik lan nahikotxo dago», dio Iratxek. Horietan guztietan banatzen dituzte eskuorriak eta haietako ikasle askok izena ematen du Euskharanen eskaintzetan parte hartzeko. Udalarekiko hitzarmena dela-eta, Euskharanek hainbat gizarte etxetako zerbitzuak erabil ditzake eskolak edo tailerrak emateko. Gaur egun San Martin auzo elkartean, Lakua-Arriagako Adinekoentzako Zentro Soziokulturalean, Zabalganako gizarte etxean eta Amaia zentroan. Horiek haurrekin egiten dituzten jarduerak dira, betiere euskaraz. Laguntzeko, ondo pasatzeko…

Astean zehar, berriz, helduentzako programazioa dute. Batetik, aitona-amonentzako eskolak, astelehen eta asteazkenetan; astearte eta ostegunetan, berriz, mintzapraktika egiten dute Amaia zentroan bertan eta San Martineko auzo elkartean. Mintzapraktikarako gutxieneko maila bosgarrena da; izan ere, jendeak hitz egiten jakin behar du, «ondo edo gaizki, baina euskaraz komunikatzeko gai izan behar du», dio Iratxek. Goizetan, eguerdietan eta arratsaldeetan izaten dira saioak, zenbait mailatan banatuta. Oso giro ona sortzen dela dio Iratxek, jolasak eta eztabaidak izaten dira, betiere denen parte hartzea sustatuz. Guraso Eskolatik joaten dira batzuk, beste batzuk euskaltegietatik, eta irakasleak, Mintzalagun proiektuan bezala, ez du eskolarik ematen, saioa bideratu baizik.

Hilean behin, ostegun arratsalde batean, herri eskolak egiten dituzte. Bertan, Gasteizko arazoak edo auzoarekin zerikusia duten gaiak lantzen dituzte. Eskola horiek gidatzeko Iraleko irakasleak joaten dira sarri, baina bestelako boluntarioak ere joaten dira.

Ostirala euskal folklorearen eguna dutela esan daiteke. Esan bezala, arratsaldeko bostetatik aurrera gazteak biltzen dira Kuadrillategira baina, bestetik, euskal dantza, pandero, txalaparta eta alboka eskolak daude egun horretan.

Ohiko jarduerez gain, hamaika jaialdi eta ospakizun ere antolatu izan dituzte. Gabonetan Olentzero Mitologikoa egiten zuten Aranbizkarrako parkean eta Aranako zahar-egoitzan, gaur egun Arriagako parkean egiten jarraitzen dutena. Bestetik, aste kulturalak ia urte osoan zehar antolatzen dituzte. Horrez gain, udan, udaleku itxiak ere eskaintzen dituzte.

Begiraleak Amaia zentroan bertan prestatzen dituzte, Urtxintxa elkartearekin batera. Urte osoko ikastaroa jasotzen dute izena ematen dutenek, eta, ikastaroa amaitzen dutenek, titulazio ofiziala eskuratzen dute.

Finantziazioa laguntza bidez lortzen dute. Izan ere, edozein jarduera egiteko matrikularen prezioa sinbolikoa da. Laguntzak lortzea ez da erraza, baina beharrezkoak dira. Edonola ere, boluntarioen lana eta jendearen parte hartzea dira oinarria. Liburutegiko materiala, esate baterako, donazio bidez lortzen dute, zenbait liburu erosi ere egin izan dituzten arren.

Iratxe elkarteko liberatu bakarra da. Liberatua, koordinatzeko eta beste hainbat kontuz arduratzeko, baita irakasle gisa jarduteko ere. Begirale bat behar bada, gizarte etxe bateko leku bat, diru laguntzak, bilerak eskatzeko, non, noiz… hori guztia koordinatzeko ardura du.

Hasi dira gazteak Kuadrillategira iristen, garaiz iritsi ere, gustura joaten diren seinale. Alboka eskolako gela batean ere hasi dira irakasle bat eta ikasle bat, Xabi eta Ibai, eta guk alde egin baino lehen, hirugarren bat, Miren heldu da.

Hogei urte bete ditu Euskarhanek. Ez alferrik, ordea, hainbat helburu ere beteta.

 

Duela hogei urteko amets hura gauzatuta, Gasteizko beste auzoetara zabaltzen laguntzeko prest

Ondo gogoan du Oihane Perea Euskharaneko presidenteak noiz eta nola sortu zen elkartea, bera gazte samarra bazen ere. «Auzo elkarteko Euskara Batzordean geunden, zer egin genezakeen aztertzen genbiltzan, Amaia zentroa hutsik geratu zen eta gu ametsetan hasi ginen». Orduan ametsa baino ez zenak gaur egun duen tamaina har zezakeenik pentsatu ere ez zutela egin dio. «Baina oso modu xumean eta poliki-poliki espazioak irabazten joan da, eta, proiektua aurrera ateratzeko txosten handiak egiten baino gehiago, errealitatean gauzatzen, eraikitzen joan den istorioa da. Egia esan, emaitzarekin oso gustura gaude».

Gaztea zen Oihane Euskharan abiatu zutenean, baina ordurako bertsolaritzan trebatuta zegoen. Aspaldikoa da Euskharanek Bertso Eskolarekin izan duen harremana. «Bertsozale Elkartea eta Bertso Eskola egoitza bila zebiltzan, eta proiektu horretan sartzea oso naturala iruditu zitzaigun. Ez dugu imajinatzen beste leku egokiago bat». Hortaz, ezin egokiago dirudi Oihane Perea Euskharaneko presidentea izateak ere. Iaz laugarren aldiz jantzi zuen Arabako txapela.

Ez dio bere karguari aparteko garrantzirik ematen. Dioenez, elkarte txikia da eta bera bat gehiago da. «Azkenean nire auzoa da, hor jaio nintzen. Umea nintzenean ez zegoen horrelakorik, eta gaur egungo ume eta gaztetxoek, baita helduek ere, aukera hori izatea zoragarria iruditzen zait». Bat gehiago da, izan ere, eta ez du bere burua nabarmentzen; hala ere, Iratxe Goikoetxeak esan digunez, Oihaneren kargua ez da edergarri edo sinboliko hutsa. Hala onartzen du Oihanek ere, «hemen kargu guztiak lan egiteko dira. Kargua eta karga hartzen ditugu», dio irribarrez. «Gaur egun ez da erraza boluntario lana egingo duen jendea topatzea, eta gu hor gabiltza, beti bezala beste jende bat aktibatzen saiatzen. Nik Euskharaneko hainbat kontu eramaten ditut bertako koordinatzailearekin batera. Orain aisialdian umetxoekin eta gaztetxoekin lan egiten duen begirale talde jator bat dago, proiektuan sinisten duena eta gu transmisio lana ondo egiten saiatzen ari gara, hurrengo belaunaldiek segida eman diezaioten».

Aurrera begira interesgarria izan litekeela dio auzoz auzo horrelako esperientziak gauzatzea. «Baina horretarako konpromisoa behar da, bai euskaltzaleen aldetik bai instituzioen aldetik. Uste dut polita litzatekeela Amaia zentroa bezalako beste batzuk egotea. Baina Euskharanek bakarrik ezin du dena egin eta beste batzuen konpromisoa ere beharko da. Beste inguru batean erronka horri heltzeko gogoa baldin badaukate, Euskarhanek dudarik gabe bere esperientzia guztia, maitasuna, denbora eta laguntza eskainiko die».

Gasteizko Udalaren jokabidearekin kexu da Oihane. «Hitzarmen bat dugu, gutxieneko batzuk ziurtatzen dizkiguna, baina baita hazten uzten ez diguna ere. Mugatuta gaude. Auzoan zerbait polita daukagu oso zentro utzian. Badago zentro hori duintasunez zaintzeko aukera, erabiltzaile dezente dituelako, eta elkarteak ez du gauza handirik eskatu; normalean egin egiten ditu gauzak».