Juantxo EGAÑA

Euskal presoak Burgosko kartzelan, duela mende erdi

1970eko abenduaren 3an Burgosko epaiketa hasi zen. Hamasei euskal herritar epaitu zituzten. Haietako seiri heriotza zigorra ezarri zieten, azkenean zigor horiek ordeztu zizkieten arren. Europa osoan zehar epaiketaren aurkako manifestazioak izan ziren. Besteak beste, Magnum agentziako Henri Cartier Bresson, Associated Presseko Michel Lipchitz eta Raphoko Jacques Pavlosky argazkilariak joan ziren Burgosera. Beren irudiak utzi zizkiguten. Badira beste argazki batzuk, paregabeko dokumentuak; ez dira kalitate handikoak, baina gure memoria grafikoaren parte dira eta batez ere auzipetuen senide eta lagunen albumetan iraun dute. Burgosko kartzelan egindako argazkiak dira, zenbait auzipetu eta beste euskal preso batzuk ageri direnak. Alboko argazkia metxero baten neurriko kamera batekin egina da. Euskal preso baten senideek sartu zuten kartzelara. Honako hauek ageri dira: goian, Andoni Bedialauneta, Iñaki Orbela, Andoni Arrizabalaga, Koldo Urkiza, Antxon Karrera, Xabier Larena, (...), Txomin Ziluaga, (...), Iñaki Viar, (...) eta Xabier Zumalde; erdian, Iñaki Garcia eta Xabier Izko; eserita, Mario Onaindia, Julen Abad, Enrique Gesalaga, Jokin Gorostidi, Elkoro, Bitor Arana eta Josu Abrisketa.