Ramon Sola

Haserrealdi arinen garaian, egonezinari eutsi beharra

Mundua maitasunak mugitzen duela askotan entzun dugu, baina azken urteotan zabaldu diren arinkeriaren eta arduragabekeriaren inperioan askoren ustez zuzenagoa da esatea asperdura –eta ez maitasuna– dela indar eraldatzaile nagusia. Azken asteotako joerari begiratzen badiogu, ordea, hirugarren aldagai bat gailentzen da: ez da ez maitasuna ezta asperdura ere, haserrea baizik, haserre bizia.

Euskal Herriaren iparraldera zein hegoaldera, gugandik mila kilometro ingurura, horren bi adierazpide ezberdin ezagutu berri ditugu. Parisko bihotzean txaleko horien erreboltak utzitako irudiak deigarriak dira oso, nahiz eta 2018 ez den 1968 eta De Gaulle izatetik ere urruti den Macron; ikusiko dugu azkenean zertan gelditzen den sasiraultza itxurako berpizte hau. Bien bitartean, Andaluzia aldean oraindik ere nahasiagoa da agertokia, haserrearen (edo amorruaren izenean) ultraeskuinak milaka eta milaka boto eskuratu baititu. Eskuina jaun eta jabe ustekabean, non eta aberastasuna okerren banaturik dagoen espainiar lurraldean.

Podemosek tesia ukatu nahi izan duen arren, bistan da duela urte gutxi krisialdi ekonomikoak sumindutako asko, zuzenean eta zubirik erabili gabe, kontrako muturrera pasa direla, more koloreko elastikoaren tokian Ciudadanosen traje “laranja-brokerra” edota Voxeko alkandora “urdin-falangista” jantziz. Nola daiteke? Fede ideologiko eskaseko garaiotan mirariak egin ditzake haserreak, norbanakoa ala kolektiboa izan. Noraezean dabiltza botoak, haizeteen menpe, berriena di-da batean zahar bihurtuz eta zaharra, aldiz, berri.

Sevilla aldeko irauliari begiratuz, benetako egonezinaz edo aldi baterako “ume-kasketaz” ari ote garen hausnartzea ez dago soberan. Errotuago dirudi Frantzia aldeko eztandak, baina egunotan txaleko horia jantzi dutenetako zenbatek egingo zuen Macronen alde martxoan? Oraintxe bertan Marine Le Pen bera Eliseora eramateko prest zenbat ote dauden galdetzea ere zilegi da... Haserrearen norabidea hain aldakorra izanik, intentsitateak ere ez du aparteko garrantzirik; politikoki eraginkorra den ala ez, horixe da koska. Ezer aldarazten ez duen haserrealdia bere horretan agortuko da, Podemosen bilakaera lekuko.

Eta Euskal Herrian zer? Herri honek haserreaz asko dakiela oroitu beharrik ez dago, baina ezin uka egun duen aldarte politikoa apala dela oso. Ez zebilen oker PSOEko Jesus Eguiguren, konfrontazio armatuaren aroaren bukaeraren hasiera eta krisialdi ekonomikoaren eztanda aldi berean gertatu zirenean, politikoak euskal kaleetan beste inon baino lasaiago ibiliko zirela iragarri zuenean. Gaizki bideratutako nostalgiarako joerak alde batera utzita, ez da berez gauza txarra Euskal Herria bost minutuko lurrikara horietatik aparte gelditu izana, herritarrek uste ideologiko sakonagoak mantentzea, bertako ordezkari politikoak inguruko askoren aldean sendoago-edo agertzea, Nafarroako iraulia bera –bere sakontasun osoan– lasaitasunez gertatzen aritzea.

“Iraultza” hitza guztiz debaluaturik den garaiotan, erronka egingarria eraldaketa da, eta horretarako haserrea gauza garrantzitsua bada ere, hori bezain ezinbestekoak dira buru hotza, egonezina, norabide zuzena, jarraikortasun irmoa eta abiadura egokia. Bitartean, alferrik da txaleko horien dirdirarekin liluratzea edo alkandora urdinen mamuekin amesgaiztoetan itotzea. •