Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Tabakoaren elegia

Iragarki bat egin du Espainiako Gobernuak, horrelako zerbait dioena: «Oraingo gazteena, tabakorik erretzen ez duen lehen belaunaldia izan dadila». Badira urte batzuk harrituta naukala tabakoaren aurkako kanpainak. Gobernuek duten grina eta kezka gure osasunarekiko! Horrenbesteko ahalegina eta kemena balute jendartearen arazoak konpontzeko… Gainera, tabakoaren aurkako kanpainaren militante, hiritarrak berak bihurtzea lortu dute. Erretzeko debekua, beste inork baino hobeto, inguruko lagunek bermatzen dute. Ez diot hori dena erretzailea naizelako…

Denboraldi luzea daramat ezinegonean, ea zein plan gaizto dagoen jendeari erretzen ez uztearen atzean. Buruari buelta eta buelta, ingurukoen irribarreen artean, konspiranoia absurdo bat delakoan. Ikusten nuen, esaterako, Ameriketako Estatu Batuetan edo Ingalaterran, tabakoa markatzaile sozial bihurtu dela: klase ertainetik behera erretzen da: garbitzaileek, zerbitzariek, ile-apaintzaileek, eraikuntzako langileek, langile auzoetako gazteek… erretzen dute. Irakasleek, bulegariek, klase ertaineko institutu kontzertatuetako gazteek… geroz eta gutxiago. Klase izaera hartzen ari da beraz, bi mendez jendarte osora zabalduta egon den ohitura.

Nik uste, konspiranoia dela onartuta, tabakoaren aurkako kanpainek bi helburu handi izan dituztela. Bata, egiaztatzea sistema kapaz dela gure eguneroko ohitura bat errotik ezabatzeko. Bestea, gobernuaren erabakiaren berme hiritar guztiak egitea, hots, praktika punitiboak baino, zigor soziala bihurtzea Estatuaren helburuen akuilu. Eta lortutakoak badu harremana horrekin: erretzea zigor sozialaren adierazle bihurtu da, neoliberalismoko galtzaileen sinbolo. Klase ertain (bazen behin) loriatsu eta espantsibo haren parte izango ez direla onartu dutenen sinbolo.

Erretzea oraindik ohikoa den beste espazioetako bat landa eremua da. Hirien arteko lehiaketa zoro batean buru-belarri ari diren administrazioek albo batera utzitako espazio erraldoi hori. Egia esan, eguneroko espazio hiritarra “ebentolandia” bihurtu nahi duten horiek hirietako biztanleriaren zati handi bat ere alboratu dute. Dela bateko zein besteko ekitaldi kultural-artistiko espektakularra sustatuta, barra-barra sortu dituzte soldata baxuko eta une oro lanerako prest egotea eskatzen duten lanpostuak, ostalaritzako prezioak puztu eta frankiziak aldeztu dituzte, alokairuen prezioa zeruratu…

Mark Fisher edo Joseba Gabilondok ederki azaldu duten bezala, Estatu neoliberalaren obsesioa gure desioak kontrolatzea, arautzea eta bideratzea da. Aurretik, XIX. eta XX. mendeko Estatuarentzat merkantzia ginen: fabrikan, gerran, drogaren menpe, trafiko istripuetan… hil zitezkeenak eta beti ordezkagarriak. XXI. mendeko Estatuarentzat kontsumitzaile aseezin gara. Eta gure kontsumoa kontrolatuko badu, etengabeko ekitaldiz betetako ikuskizun globalizatu akritikoetan ikusle bezala parte hartzen behar gaitu.

Berdin dio Final Four zein Azkena Festival, MTV sari… Bizirik behar gaituzte. Beraz badakizu, ez erre, ez egin neoliberalismoari horrelako faena. Ez zaitez hil behar baino lehenago, eta xahutu ezazu zure diru guztia 50 euroko tiketetan, bost euroko garagardoetan eta taberna guztietan jartzen ari diren apustu makinetan. Tabakoak osasunari kalte egiten dio, izugarria. Baina nago, bere aurkako kanpaina gogorrak eta desagertzerako joerak zerikusi gutxi dutela, zoritxarrez, gure osasunarekin. •