Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Argiak

Gure Esku Dago-ren hautetsontzi galdu batzuk zirela pentsatu nuen lehendabizi, haizeak Urumeako ur geza itsasoko ur gaziak irensten duen ingururaino eramanak. Baina gauez zubia igaro nuen lehendabiziko aldian ohartu nintzen ezetz: Gabonetako aurtengo apaingarriak ziren. Forma karratuko instalakuntzak, gauez argiztatuak, oparien gisakoak. Eta ohartu nintzen niri apaingarriekin gertatu zitzaidana dela opariekin gertatzen dena: opari bat edozer izan daitekeela; papera kendu arte munduko objektu guztiak sartzen direla kutxa horren barruan; opari bat, potentzialki, opari guztiak direla aldi berean. Eta papera kendutakoan, nahi gabe, magia ere kendu egiten diogula opariari, izan zitekeen opari horien guztien artean bakarra bilakatzen delako.

Munduarekin ere gauza bera gertatzen zaigulakoan nago: haurtzaroan iruditzen zaigu mundua mundu guztiak izan daitezkeela aldi berean: egiazko eta alegiazko munduak bizi dira gure baitan eta ikaratuta, antsiaz eta presaz ezagutu nahi izaten dugu munduaren infinitua. Eta poliki-poliki ohartzen gara klasekide guztiak ez direla lagun izango, eta eskolatik harago ere badirela mundu batzuk gurearen aukeren laurdenik ere eskaintzen ez dutenak. Ohartzen gara Olentzeroren eta Mari Domingiren mozorropetik kantatzen genion Belengo haurtxo hura gaur egun jaio izan balitz, beste abesti batek erakutsi zigun gisan, soldadu israeldarrek tirokatuko zutela akaso. Eta, are gehiago, guk abesten genion Belengo haurtxo haren izenean izugarrikeriak egin izan direla eta egiten direla orain ere. Eta sentimendu-nahasketa bat bilakatzen dira Gabonak, urte-garai honetan ahoan sartzen zaizkigun hitzak ere oparitarako papera galtzen joango balira bezala. Familia hitzak kolorea galtzen du pixkana, eta babes-eremutzat hartzen genuena ez dela hain segurua ohartuko gara, ez behintzat denentzat eta ez behintzat beti: bere izenean ere izugarrikeriak egiten direla ikasiko dugu. Lagun Ezkutua egingo dugu ondotxo ezagutzen ditugun kuadrillako eta lankideekin. Gure geografian, gure hirietako kale-bazterretan edo Hendaia eta Irunen artean, ezkutuko inor ez balego bezala.

Eta Gabonetako argien pean ibiliko gara, harro, ustez mundua ezagutu eta guri ez digutela ziririk sartuko pentsatzen dugulako: badakigula urte-sasoi hau kapitalismoak bereganatu duela; badakigula alde guztietatik sartzen zaizkigun telemaratoi, elkartasun-mezu eta diskurtso onberak urtean behingo aurpegi-garbitze bat baino ez direla: abendu hasieratik urtarrilera piztuta egoten diren argi artifizialen gisako zerbait; hirietako kale ederrenak argitu eta erakutsi nahi ez dutena ezkutatzen duten bonbillatxoen antzeko zerbait. Guk ere ez al dugu, bada, gauza bera egiten? Guk ere ez al diogu gure alde ederrena erakusten munduari, gure konplexu eta kale-itsuak ezkutatuz?

Argiak non jartzen diren eta, batez ere, zer den argiek ezkutatzen dutena, hortxe bizi dugun aroa definitzeko galdera. Argiaren itzalak ikaratuta bizi gara. Itzalak ere argia izan dezakeen arren. •