05/01/2019

Ramon Sola
Errealitatea babesteko osasun-hesia, premiaz

Soberan da esatea Maroto, Mugica eta abarren bidetik heldu direla Trump eta Bolsonaro. Soberan oroitzea Andaluziako Trinitate Santua Altsasun azaldu zela

2017ko termino nagusienetakoa izan ondoren, iragan urtean oraindik gehiago zabaldu zen fake news kontzeptua. Lehenbizikoz entzutean, definizio testualari helduz, “albiste faltsu” gisa hartu nuen, gure gatazka urte gogorrenetako toxikazio aski ezagunaren sinonimo huts gisa. Eta hola balitz... gaitz erdi, gezurrak berez soka motza du, oso motza: Lurra ez da laua, Gernika ez zuten rojoseparatistek erre, Maiatzaren 11ko sarraskia ez zuen ETAk eragin, Ibarretxe ez zegoen burutik jota, Asiron ez da matxista... Kito.

Bestelakoa da egungo arazoa, askoz korapilotsuagoa: fake news horiek errefusatzeko ahalmena badu oraindik gure gizarteak, baina ez hainbeste informazioaren tratamendu okerraren ondorioz sortzen den fake reality-a dekodifikatzearena. Adibide argia da presoen hurbilketekin gertatzen ari dena: oso kasu gutxi eta beti Euskal Herritik kanpora mugatuta eman diren arren, mugimendu bakoitzari ematen zaion gehiegizko oihartzun mediatikoa dela-eta bistan da euskal herritar askok eta askok, zer esanik ez Espainia aldean, preso ugari edo gehienak jada Euskal Herrian direla eta arazoa konponbidean dela uste dutela. Uste okerra, ezin okerragoa.

2014ean oraindik Gasteizko alkate zen Javier Marotok diru sarrerak bermatzeko errentaren kontu etorkinen aurka abiatutako kanpaina egungo fake reality-aren abiapuntutzat har genezake. Egiazko datuak ezkutatuz edo bihurrituz, errealitate faltsuak irudikatzea tentazio erraza bilakatu da politika egiteko gaur egungo eran, eskatzen dituen hiru baldintza nagusiak jada emanak direlako: subjektiboa (hori egiten duenak egiari dion erabateko mespretxua), objektiboa (gizartean kontzientzia kritikoaren galera nabarmena) eta teknikoa (mezu errazak era masiboan zabaltzen dituzten sare sozialak).

Fake reality horren gainean eraikitzen da gero politika-zaborra. Lehendabiziko adibidera itzuliz, inolako lotsa apurrik gabe adierazi du PPko Pablo Casadok Pedro Sanchezen Gobernuak Zaballa «ETAko presoen katedrala» bilakatu nahi duela, uneotan bertan 264 euskal espetxeratuetatik bakarra izan arren. Berdin dio Casadori, jakina, nork erantzungo dio ba? Zenbat lagunek dakite datua? Zenbat dira, ordea, gezurra sinesteko prest direnak adierazpenari beharreko enfasia emanez gero?

Aste honetan bertan, Gabonetako afari baten antzezpenaren bueltan egunkari baten azalean ageri zen argazkiak sortu du politika-zaborreko azken kalapita. Idoia Mendia PSEko buruak astindu ederra hartu du, Espainia aldean batik bat, Arnaldo Otegirekin topa egiteagatik. Espainiar presidenteari berari ere horren balorazioa exijitu zaio! Eraiki duten fake reality horretan, itxuraz, PSEkoak eta EH Bildukoak ez dira egunero elkarrekin legebiltzarretan eta ehunka udaletxetan, ezta gatazkaren ondorioz hildakoen zenbait omenalditan ere.

Soberan da esatea Maroto, Casado, Mugica eta abarren bide beretik heldu direla boteregune nagusietara Trump eta Bolsonaro. Eta soberan da oroitzea Andaluziako Trinitate Santua (laster Espainiakoa ote?) Altsasun agertu zela lehenbizikoz, bertako errealitatea faltsutzea oinarri zuen ekitaldi batean. Ultraeskuinaren aurrean osasun-hesia osatzeko beharraz asko mintzo den garaian, errealitatea babesteko osasun-hesia eraikitzea guztiz premiazkoa da. Eta kontuan harturik faktore subjektiboa aldatzeko aukerarik ez dela eta faktore teknikoa luze irauteko etorri dela, eskura dugun aldagai bakarrean eragin beharko da: kontzientzia kritikoa sustatzea da koska, konponbidea, salbazioa. •