GAUR8
2018KO HITZ BEREZIAK

«Jaurri», «izorraitz», «aprobetxategi» eta «Tabarnia» erabili ditugu besteak beste

Urte osoa pasatzen du Uzeik hitzei erreparatuz, eta atzean utzi dugun 2018an ere albiste izan diren gertakariei errepasoa egiteko moduko aukera eman die jendearen ahotan ibili diren hitz batzuek: berriak edo berri-antzekoak dira batzuk, baina badira zaharrak ere, askok lehen aldiz aurten entzungo zituzten arren.

Uzeik hogei hitz aukeratu ditu 2018. urteak ekarri digunaren laburpentxoa osatzeko. «Zerrendako lehen hitza ez da aurten asmatua, ezta hurrik eman ere –adierazi du euskal terminologia eta lexikografia zentroak–. Urtea hasi berritan, harridura dezente eragin zuen gure artean Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketan Aitor Estebanek erabili zuen aditz batek: ‘jaurri’. Entzule gehienek ez zekiten ‘gobernatu’ esan nahi duela, ezta ‘Jaurlaritza’ hitzak ere aditz hori duela oinarrian. Hala azaldu zuen, behintzat, Ibon Sarasolak hurrengo egunean Faktoria irratsaioan».

Beste termino batek mendean behin gertatzen diren fenomeno gogoangarri horietako bati egiten dio erreferentzia: “Odolezko superilargi urdina”. 150 urte baino gehiago ziren ez zutela horretarako baldintza guztiek bat egiten: Ilargia Lurretik hurbil egotea (“superilargia”), hilabeteko bigarren ilbetea (“urdina”) eta tonu gorrixka (“odolezkoa”).

Otsailean, Kataluniako gorabehera politikoen inguruan puri-purian ibili zen beste hitz berri bat: “Tabarnia”, independentziaren aurkako batzuek satira gisa asmatu duten ustezko herrialde baten izena. «Iaz hasi ginen hitz hori entzuten, baina aurten, Espainiako telebista publikoak Albert Boadella ‘Tabarniako’ lehendakari gisa aurkeztu zuenean, inoiz izan gabeko oihartzuna lortu zuen, bolada batean behintzat. Edonola ere, ez du ematen bide luzea egingo duenik kontzeptu horrek».

Uzeik azaldu duenez, batzuetan historia luzeko hitzak guztiz ezezagunak izan daitezke askorentzat albiste jakin batek denen ahotan jartzen dituen arte. Adibidez, gutako zenbatek genekien 2018 arte agente neurotoxikoen familia baten izena zela “novitxok”? Bada, martxoan, Salisburyn (Ingalaterra) “novitxok” familiako agente neurotoxiko bat erabiliz egindako erasoaren ondoren termino hori eta Theresa Mayk adierazitako susmoa (Errusiak deklaratu gabeko arma kimikoak izateari buruzkoa) bolo-bolo ibili ziren hedabideetan.

«Ahobizi» eta «belarriprest»

Zeresan handia eman dute lanbide prekarioek ere. Zenbait banaketa enpresarentzat lan egiten duten txirrindulari batzuek auzitara jo dute, eta Valentziako epaile batek lehen aldiz ebatzi du Glovo enpresarentzat lan egiten duten txirrindulariak langile autonomoak direla. «Jakina da neoliberalek eufemismoak erabiltzen dituztela gaizki ordaindutako lanbide gogorrak erakargarriagoak egiteko: azken batean, denok dakigu bizikleta gainean mezulari lanetan aritzea baino askoz ere modernoagoa dela [Hegoaldean] ‘rider’ edo [Iparraldean] ‘biker’ bat izatea».

Maiatzean, harridura eragin zuen euskarak erdarari emandako hitz batek. Artean espainiar presidentea zen Mariano Rajoyk “aprobetxategi” deitu zion Albert Riverari. Umorearen bidetik segituz, hizpidea bidea eman zuen Hernaniko pilotalekuan pintatuta agertu zen “izorraitz” hitzak. Ez dirudi bi horiek bide luzea egingo dutenik gure hiztegietan. Bai, ordea, Euskaraldiak ekarri dizkigun “ahobizi” eta “belarriprest” hitz ederrek.