12/01/2019

Reportaje
NEKAZARIEN GARAIPENA
Baserritarren eta landa eremuko langileen eskubideak aitortu ditu NBEk

Via Campesinak defendatzen duen guztiarentzako aterki legal bat da Baserritarren eta Landako Langileen Eskubideen Adierazpena: lurra, haziak, berdintasuna, elikadura osasuntsua, bizitza duina, lana izateko eta elkartzeko eskubidea, zirkulazio librea... Orain, gobernuek Nazio Batuek onartu dutena betearaztea falta da.

Maider Iantzi Goienetxe
Pd12_kuba_ehnebizkaia

Baserritarren eta Landa eremuetan lan egiten duten pertsonen Eskubideei buruzko Adierazpena onartu du Nazio Batuen Batzar Nagusiak. Garaipen handia da horren alde borrokatu den Via Campesina nazioarteko antolakundearentzat, eskubide horiek bermatzea baserritarren lana baloratzea eta beren bizia hobetzea delako, baita jendartearen elikadura osasuntsua eta iraunkorra izatea eta ingurunea babestea ere.

Via Campesinako Indonesiako antolakundea (SPI) hasi zen adierazpen hori lortzeko lanean, eta geroztik, Via Campesinako eskualde bakoitzean jendea egon da bultzatzen. Urte pila batean landu da gaia, eta atzean utzi berri dugun 2018a gakoa izan da.

Alazne Intxauspe EHNE Bizkaiko eta Via Campesinako kideak dioenez, oraindik hagitz berria da adierazpena. Instrumentu legal bat da, baina ez da loteslea. «Benetan zein garrantzitsua den azaltzen saiatzen ari gara, baina jakinda oraindik lana dagoela egiteko, kasik errazena onartzea dela. Giza eskubideak ere tresna legal bat dira, eta begira».

Ikusi besterik ez dago bozketak nola joan diren. Europa ia dena abstentziora joan da. «Alemania zegoen ezezkoa emango ote zuen zalantzan eta beldur handia zegoen Europa osoa Alemaniari jarraitzen ari zelako, Portugal kenduta, hasieratik argi eduki eta baiezkoa bozkatu duena. Suitzak eta azken unean Serbia, Moldavia eta Luxenburgok baiezkoa bozkatu dute. Suedia, Hungaria eta Erresuma Batuak ezezkoa, eta gainontzeko Europa guztiak abstentzioa, blokea eginez eta Alemaniari jarraituz. Abstentzioaren hautua egiteak erakusten du adierazpena praktikan jartzeko zer borondate edukiko duten», adierazi du Intxauspek.

121 estatuk bozkatu dute baietz, Afrika, Hego Amerika (Guatemalak azkeneko momentuan ezezkoa bozkatu zuen) eta Asiakoak bereziki. Azaroan Nazio Batuen hirugarren salan egin zen bozketa eta han 119 baiezko, zazpi ezezko eta 49 abstentzio zenbatu ziren. Ondotik, abenduaren 17an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak berak baieztatu zuen adierazpena. «Formalitate bat zen, ez zen espero aldaketa handirik», eta azken emaitzak honakoak izan dira: 121 baiezko, zortzi ezezko eta 52 abstentzio.

Lurrera jaistea, erronka

«Orain markoa badugu: adierazpena. Baina lana dugu egiteko: bakoitzak gure herrira ekarri eta gobernuei betetzeko eskatu behar diegu», azpimarratu du EHNE Bizkaiko ordezkariak. «Dokumentua lurrera jaistea dugu orain erronka. 28 artikulu jasotzen dira eta horietan gure borroka guztiak daude: lurraren erabilera jasangarria izatea; elikadura osasungarria izatea; pertsonen diskriminazio eza eta denontzat baldintza egokiak izatea… Guk geuk aldarrikatzen ditugun ideia guztiak adierazpenean daude bilduak. Guretzat oso erraza da, horrenbestez, bandera bezala hartzea, guk borrokatzen ditugun ildo guztien aterkia baita».

Tresna legal baliagarria

Garaipen handi bat da baserritar eta landako langileentzat. «Orain arte ez zegoen. Aurreneko artikuluak esaten du estatuek betebeharra dutela baserritarren eskubideen alde egiteko. Instrumentu legal batean idatzita dago. Orduan, edozein epaiketatan balio du».

Adibidez, Via Campesinako borroka garrantzitsuetako bat da mundu mailan lurra defendatzen dutenek jasaten duten kriminalizazioari aurre egitea. Prozesu judizialetan sartu beharra dagoenean, oinarri legal bat izatea lagungarria izanen da.

Herrialde edo eskualde bakoitzean modu batera izaten ahal da baliagarria adierazpena. Horregatik, bakoitza bere lanketa propioa egiten ari da. «Europa oso garrantzitsua da Genevan egin direlako behin betiko adierazpena ateratzeko negoziazioak, Bolivia gidari zela. Horregatik, asko begiratzen da Europara, Geneva eta Erroma ere oso leku garrantzitsuak direlako halako negoziazioetarako. Beste kontu bat da gero estatuek zer jarrera hartzen duten». Instituzionalki Europa izan da erdigunea, nahiz eta adierazpenaren onarpena eta adierazpena New Yorken egin, Nazio Batuen Erakundearen egoitzan.

Aipatutako lan instituzional horretan inportantea izan da Via Campesinako baserritarren hainbat ordezkaritzaren lana. Estatuetako ordezkariekin solas egiten eta aldeko botoak lortzen saiatu dira. «Zaila izan dela esaten dute ibili direnek eta eskuratu diren baiezkoekin eta abstentzioekin pozik gaude».

Intxauspek agertu duenez, negoziazioetan borroka handia egin da edukirik kanpoan ez uzteko. Estatu batzuek baiezkoa ematekotan edukia gutxitzea eskatzen zuten, baina hasieratik nahiko argi zegoen ezin zela hori egin. Idazteko modua aldatu da, baina edukia hor dago eta horrek ekarri du estatu batzuen ezezkoa.

Adierazpena berria denez, oraindik ez dago estrategia bat markatua Via Campesinan hurrengo urratsak emateko. «Balorazioa egiten ari gara Skype bidezko bileretan, urtarriletik aurrera lanketarekin nola jarraituko dugun ikusteko. Guretzat, orain, garrantzitsua da onartu dela jakinaraztea eta zer esan nahi duen ezagutaraztea jendarteari. Hemendik aurrera pausoak finkatuko ditugu paperean jasotakoa betearazteko».

Testuinguruaz galdetuta, adierazpena onartu den momentu honetan mundu mailan baserritarrek eta landako langileek bizi duten egoera orokorraz, Intxauspek erantzun du, lehenik eta behin, zaila dela ideia orokor bat ematea, baina kapitalismoa aurrera doala bidean harrapatzen duen guztia zapalduz.

«Baina ez nuke irudi negatibo bat eman nahi. Euskal Herrira etorrita, datuek beti esaten dute baserritarrak gutxitzen ari direla eta hori errealitate bat da, baina esan nahi nuke ere alternatibak sortzen ari direla eta gero eta jende gehiago kontziente izaten hasten ari dela edo kontziente izatera bueltatzen ari dela zein garrantzitsua den elikadura osasuntsua, baserritarren mundua, ez bakarrik elikadurarako, baizik eta paisaiarako, kulturarako, hainbat gauzatarako. Jendea, kontzienteki, alternatibak bilatzen saiatzen ari da. Herriak husten ari dira gero eta gehiago eta alternatiba berriak sortzen ari dira herri horietan bizi ahal izateko».

Mundu mailan, berdin. Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerikan lurrak defendatzen dituztenen kriminalizazioaren arazoa larria da. «Sarri enpresa europarrak dira gobernuekin tratuan lurrak eskuratzen dituztenak negozioetarako. Eta, ondorioz, herri indigenak eta baserritar txikiak lekualdatzera behartuta daude. Beren lurrak ez galdetzeko borroka horretan momentu inportantean daudela uste dut, eta, horretarako, nekazarien eskubideen adierazpen hau oso egokia izango da».

Afrikarrek aipatzen duten arazo nagusia berbera da. «Kanpoko kapitala bertara doa eta lur askoz jabetzen ari da. Baserritar txikia oso ahula da horren aurrean. Askotan gobernuak ere ez daude bertako baserritarren alde, ezta pertsonen alde ere. Eta gurean herritarren %1 izango gara baserritarrak, baina beste herrialde batzuetan gehiengoa dira eta baserritarrez hitz egiten dugunean kasik estatu guztiaz edo gehiengo handi batez hitz egiten dugu».

Adibidez, Errumaniari Europako aletegia deitzen diote. Bertan, baserritar txikien baldintzak hagitz zailak dira. Industria enpresa handiak eta finantza kapitala indartsu sartu dira eta hori ere arazo bat da. «Lehen bazenekien arazoa Monsanto multinazionala zela; orain, finantza kapitalarekin, ezin diozu aurpegia jarri askotan etsaiari. Diru hori gaur hemengoa da eta bihar hangoa. Askoz ere sutilagoa edo zailagoa da jakiten zeinen aurka borrokatu eta, orduan, errazago mugitzen dira. Handi bihurtzen zara edo zaila da gure ereduetan mantentzea, eta, gure ustez, eredu hau da gizartea justuagoa egingo duena. Bestea kapitalaren esanetan dago».

Munduko elikagaien %70 baserritar txikiek ekoizten dituzte. Eurak dira, beraz, jendartea elikatzen dutenak, tokian tokikoak. «Kapitalak egiten dituen ekoizpenak, soja kasu, bioerregairako izan daitezke, edo burtsan kotizatzeko. Gaur gari hektareak eros ditzake eta bihar torlojuak egin; xedea dirua irabaztea da, ez elikagai osasuntsuak ekoiztea».

Gurean, baserritarren batez besteko adina 55 urtekoa da. «Hemendik hamar urterako gure gobernuak ez badira serio pentsatzen hasten zer gizarte mota eta elikadura nahi ditugun, ez badituzte alternatibak martxan jartzen, 65 urtekoa izango da batez bestekoa». Planteamendu integralak egitea proposatzen die Via Campesinak gobernuei.

GENEVIEVE SAVIGNY

«Baserritarren eguneroko bizitza benetan hobetzeko ahalmena du adierazpenak»

Genevieve Savigny Europako Batzorde Ekonomiko eta Sozialeko kidea da, baita Via Campesina erakundearen koordinatzaile europarra ere. Horrez gain, Estatu frantseseko etxalde batean egiten du lan, Alpeetan.

Zorionak Nazio Batuek baserritarren eta landa eremuetan lan egiten duten pertsonen eskubideak jasotzen dituen adierazpena onartzea lortzeagatik. Zer-nolako balioa du urrats horrek?

Adierazpena onartu izana arrakasta handi bat da Via Campesina nazioarteko gure antolakundearentzat, urte luzez mugitu baita nekazariek sufritzen dituzten eskubide urraketak aitortzeko eta pertsonon eskubideak bilduko eta argituko dituen nazioarteko tresna bat lortzeko. Hagitz garrantzitsua da landa eremuetako langileak baloratzeko eta bizia errespetatzeko. Hori funtsezkoa da nekazariek onartutako estatusik ez duten herrialdeetan; emakumeentzat, arrantzale txikientzat, elikagaiak ekoizteko modu guztietarako. Bestalde, baserritarren antolakundeek gidatutako prozesu bat izan da. Elkarte aliatuekin batera aritu gara. Aunitz erakutsi digute eta aktibista gisa dugun gaitasuna handitzen lagundu. Via Campesinako Indonesiako antolakundea (SPI) eta Henry Saraghi bertako liderra oinarrizkoak izan dira lan erraldoi honi ekiteko.

Via Campesinako koordinatzaile europar bezala, zein paper jokatu duzu negoziaketetan? Nola bizi izan duzu prozesua? Bideak hamazazpi urte iraun ditu. Ez zen erraza izanen. Zein traba eta laguntza izan dituzue?

Via Campesinako Europako Koordinazioan 2013an hartu genuen konpromisoa auziarekin, ohartu ginenean kontinente zaharreko herrialde guztiak, Suitza izan ezik, Giza Eskubideen Kontseiluan lana hastearen kontra azaldu zirela. Zorionez, tokian tokiko aktibisten lan gogorrari esker, Suitzak bozkatu egin zuen eta horrek posible egin zuen kontseiluko gehiengoak gobernu arteko lehenbiziko lantaldea antolatzea, 2013ko uztailean. Orduan egin nuen nire lehen hitz hartzea Genevan. Ondotik, barne lan bat egin genuen prestatzeko eta gure kide aunitz inplikatzeko, hainbat herrialde europarretan barna. Nazioarte mailan, FIAN eta Cetim bezalako gobernuz kanpoko erakundeen laguntza erabakigarria izan da. Nazio mailan, laster etorri dira beste babes batzuk.

Azkenean, 121 estatuk bozkatu dute alde, zortzik aurka eta 52 abstenitu egin dira. Zein estatu aipatuko zenituzke bloke bakoitzetik?

Giza eskubideen sistema ohiz kanpoko oreka bat da munduko estatuen artean. Estatuak arriskuan daude indar politiko eta ekonomikoen garapen desorekatua dela medio. Bozketan, haustura bat sumatu genuen Hegoalde globalaren eta Iparralde industrializatuaren artean. Azken horrek arreta gutxi jartzen die bere nekazariei eta eredu industrial agroesportatzailea aukeratu zuen. Abstentzioaren hautua egin zutenek, orokorrean, bi sistemek irautea nahi dute, nekazaritzakoak eta industriakoak, eta ez dute jarrera argirik hartu nahi.

Aurka bozkatu duten estatuek, zergatik egin dute?

Hagitz dezepzionatuta gaude Europar Batasuneko herrialdeen jarrerarekin. Estatu europarrek printzipiozko kontuak nabarmentzen dituzte, erraten dute ez dutela eskubide zehatzik sortu nahi pertsona kategoria zehatz batzuentzat, baina, era berean, badirudi herrialde aunitz jakitun direla baserritarrek bizi dituzten zailtasunekin. Hala ere, funtsean, nekazaritzako esportazio profesional eta modernizatuen eredu bat defendatzen dute, eta beren esportazio interesen alde egiten dute. Adibidez, hazien ekoizpen industrialei dagokienez. Ez dute xumeenen eskubideak indartzerik nahi. Ongi etorria ematen diogu Portugalen jarrerari, familia nekazaritzarekin duen konpromisoari fidel izateagatik, baita Luxenburgoren jokabideari ere.

Alpeetako etxalde batean lan egiten duzu. Nola uste duzu gara daitekeela adierazpena bertan? Eta Europa mailan, zein pauso eman beharko lirateke orain?

Lan handia dugu egiteko gure kideei informazioa emateko, maila guztietan: tokian toki, nazio bakoitzean zein Europan, denek uler dezaten testuaren edukia eta aldaketak eragiteko duen ahalmena. Baserritarren eta landa eremuetan lan egiten duten pertsonen eguneroko bizitza benetan hobetu dezaketen aldaketak dira. Lurra eta haziak izateko eskubideaz ari gara. Zuzenean eragiten diguten kontuez. Tokian tokiko eztabaidetan sartzea lortu behar dugu, gazteen instalazioan... Europari dagokionez, gure lanarekin aurrera jarraituko dugu adierazpena herrialde gehiagok babes dezaten, oraindik posible baita. Baina bereziki dokumentuaren edukia, paperean jasotakoa martxan jar dezaten jarraituko dugu lanean, baita bertze herrialdeek martxan jar dezaten baimentzeko ere. Merkataritza politika bortitzak gara ez ditzaten, beti ahulenak kolpatzen dituzten akordioak adostu ez ditzaten, hau da, baserritarrak, landa eremuetako langileak, emakumeak.

 

«Alternatibak sortzen ari dira eta gero eta jende gehiago kontziente izaten hasten ari da edo kontziente izatera bueltatzen ari da zein garrantzitsua den elikadura osasuntsua»

Bozketaren azken emaitzak honakoak izan dira: 121 baiezko (Afrika, Hego Amerika eta Asiakoak bereziki), zortzi ezezko eta 52 abstentzio (Europakoak gehienak)

«Hego Amerikan, Erdialdeko Amerikan eta Afrikan kanpoko kapitala jabetzen da lurrez. Baserritar txikia ahula da horren aurrean eta adierazpen hau baliagarria izan daiteke»

Estatu batzuek baiezkoa ematekotan edukia gutxitzea eskatzen zuten, baina hasieratik nahiko argi zegoen ezin zela hori egin. Idazteko modua aldatu da, baina edukia hor dago