Maider Iantzi Goienetxe

Hau da nire odola

Hamahiru urterekin (hilabete gutxira hamalau egiteko) ezagutu nuen, topiko guztiekin: beldurragatik negar egin nuen, amak «jada emakume zara» erranez zoriondu ninduen eta aitak animoak emanez agurtu ninduen ikastolara bidean. «Kontuz tantekin» abisatu zidan amak konpresa jartzen ari nintzela eta «zer da hau?» galdetu zidan logelako horman nuen egutegia seinalatuz. «Nire desgrazia egunak», erantzun nion. Apirilaren 19a zen eta hurrengo hilabeteetako 19ak eta ondoko bost egunak markatu nituen (ez naiz oroitzen zein kolorez, baina beltza izan zitekeen). Informazio falta ez zen aitzineko belaunaldiek zutenaren adinakoa, baina ikaragarria zen oraindik. Izeba minez lehertua egoten zen ohean, ezin inori kontatu, amari ere ez. Eskolan, sekulako iskanbila sortu omen zen haurrak nola egiten ziren azaldu behar zutela iragarri zutenean. Gure “sexualitate tailerrak” ez ziren aunitzez zabalagoak: kondoia platano batean jartzera mugatzen ziren gutxi gorabehera, irri lotsati eta gorritasunen artean.

Hilekoa lehenengoz etorri eta hogei urtera deskubritzen ari naiz emakumeak ziklikoak garela eta odolarekin gauden egunak gure negua direla (barnerako uneak), gero udaberria etortzen dela, obulazioarekin batera uda, eta hilekoaren aitzinetik udazkena. Ate pila irekitzen ari zaizkit honekin eta pozarren nago. Era berean, izugarria iruditzen zait orain arte honetan erreparatu ez izana, hain aberasgarria eta interesgarria izanik. Gure odolaren inguruko tabua, misterioa eta izan dugun irudi txarra ez da kasualitatea, Elise Thiebaut idazleak “Esta es mi sangre” liburuan umorez azaltzen duenez. Bada biolentzia handiagorik gure gorputzez ezin solastatzeaz baino? Hilekoa gizonek balute... •