Ainara Lertxundi
Entrevista
Roger Solis
Nikaraguako kazetaria

«Mugimendu sandinista benetakoa da, bestea asmakizun hutsa izan da»

Radio Segovia irratigintzaren erreferente da Ocotalen. Nikaraguako egoeraz eta iaz egondako protestei buruz mintzatu da GAUR8 bertako zuzendari Roger Solisekin.

Roger Solis kazetari nikaraguarra da, Radio Segovia irratiko zuzendaria. Euskal Herrira egindako bisitan, GAUR8rekin mintzatu da Nikaraguako egoeraz. Azkenengo hilabeteetan herrialdean egon diren protestak, Daniel Ortega presidentearen kudeaketa, giza eskubideen urraketak salatu dituzten ahotsak eta testuinguru horretan komunikabideek duten erantzukizuna hizpide izan ditu. Bere hitzetan, iazko apirilaren 18an hasi ziren manifestazioak eta bereziki abuztura arte bizitako biolentzia estatu kolpe saiakera bat izan ziren.

Kazetaria zaren heinean, zer-nolako analisia egiten duzu egungo egoeraz?

Nikaraguan estatu kolpe saiakera bat egon da. Hildako asko egon dira, gure ekonomia kaltetu eta boterea biolentzia erabiliz bereganatu nahi izan dute, horregatik diot, segurtasun osoz, estatu kolpe saiakera bat pairatu dugula. Mugimendu eta erakunde biolento horien iritziz, herriak ez du Daniel Ortegak gobernuan jarraitzea nahi eta kargua utz dezala exijitzen diote. Iazko apirilean, maiatzean eta ekainean sufritu genuen biolentzia maila ezohikoa izan zen. Sekula ikusi gabekoa. Fronte Sandinistak eta herriak berak biolentzia giroa murriztea lortu zuten. Protestak eta manifestazioak eragindako kalte materialak Mitch urakanak eragin zituenak baina hiru aldiz altuagoak izan zirela salatu zuen Ekonomia ministroak. Errealitatearen manipulazioa izugarria izan da. Gezur itzelak bota dituzte. Sare sozialak, telebista kateak eta nazio mailan dituzten bi egunkariak erabili zituzten horretarako. Gazteak engainatu eta manipulatu zituzten aldez aurretik eta denborarekin prestatuta zuten estrategia bat erabilita. Abuztuaz geroztik, egoera lasaitzen joan den arren, oraindik ere polarizazio politikoa nabarmena da.

Ez dago hildakoen zifra zehatzik, baina Nikaraguako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak (APNDH) apirilaren 18tik irailaren 2ra artean 481 hildako eta 3.962 zauritu egon zirela salatu du. Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak hildakoak 300 baino gehiago izan zirela salatu du. Nola baloratzen dituzu zifra horiek?

Legebiltzarrean sortu zen Egiaren Batzordeak eta Poliziak hildakoak 200 izan zirela adierazi zuten. Egia da beste iturri batzuek hildakoak 400 izan zirela diotela, baita 500 ere. Zifra hain ezberdinak izatea ez da kasualitatea, ordea. Manipulazio estrategia horren baitan kokatzen da. Biolentziaren ondorioz hil zirenak 200 bat dira; tartean 23 polizia eta Fronte Sandinistako kideak daude. Hil zuten lehenengoa Poliziaren kapitain bat izan zen. Lehenengo hildakoak ez ziren ikasleak ziren. Biktima errugabeak egon ziren. Kaletik zihoazela, barrikada edo tranque batekin topo egin, eta, sandinista izatea leporatuta, bahitu eta torturatu zituzten asko. Eta akaso lanetik etxera zihoan langile soil bat zen. Heriotza horiek guztiek min handia egiten digute nikaraguarroi. Tranque horiek atxiloketa guneak ziren. Hori esan beharra dago. Jendea atxilotzeko eta torturatzeko erabili zituzten, are gehiago sandinistak zirela egiaztatzen bazuten. Egiaren Batzordea heriotza horiek nola gertatu ziren ere ikertzen ari da. Bai senideek baita gobernuaren aldekoak garenok ere jakin nahi dugu nola gertatu ziren heriotza horiek. Horietako batzuk Poliziari leporatzen dizkiote gertatu ziren lekuan eta momentuan poliziarik ez zegoen arren. Estatu kolpea antolatu zutenei hildakoak egotea interesatzen zitzaien; hori bilatzen zuten, nahasmena sorrarazteko.

[Urte bukaerako mezuan, Egiaren Batzordeak manifestatzaileen biolentzia gaitzetsi zuen eta Gobernuarekiko haserrea adierazteko bide ez bortitzak daudela adierazi zuen. «Gertatutakoa ekidin zitekeen. Zoritxarrez, biolentzia erabili zuten, gorroto sentimendua astinduz. Barrikadak beldurra eragiteko azpiegiturak izan ziren. Protesta horietan atxilotuak izan zirenen egoera ikuskatu dugu eta zintzotasun osoz esan dezakegu, beraien senideen lasaitasunerako, ez dutela torturarik edo tratu txarrik jasan. Haien ahotsetan entzun dugu Poliziak ez dituela torturatu, ezta espetxeetako zaintzaileek ere. Egiaren Batzordeak giza eskubideen aldeko elkarteei, bai Nikaragua bertakoei bai nazioarteko erakundeei ere, biltzeko proposamena luzatu die, elkarrekin atxilotuen egoera eta hildakoen zerrenda aztertzeko eta baloratzeko. Baina, oraindik ere ez dugu inolako erantzunik jaso», nabarmendu zuen bere mezuan Egiaren Batzordeak].

Nork sustatu du estatu kolpe saiakera zure ustez?

Nikaraguan ezohiko aliantza baten lekuko izan gara. Ezohikoa diot berez aliatuak ez diren sektoreak eta mugimenduak elkartu zirelako. Batetik, Eliza katolikoaren apezpikuak daude. Katolizismoa erlijio nagusia da Nikaraguan. Bestetik, abortua legeztatzea eskatzen duten muturreko emakumeen mugimenduak daude. Kontraesan handiak dituzten arren, apezpikuak eta emakume talde horiek elkarrekin daude Ortega presidentea bere postutik kentzeko. Multzo berean daude enpresariak ere. Esan beharra dago azken 11 urteetan enpresa munduak Gobernuarekin harreman ona zuela eta beraien arteko elkarlana oparoa izan dela. Zergatik apurtu zuten enpresariek Gobernuarekin zuten harremana? Ez dakigu. Ikasle talde batzuk ere bat egin zuten aliantza horrekin. Baina esan beharra dago ikasle horiek ez dutela inolaz ere Nikaraguako unibertsitarioen gehiengoa ordezkatzen. Eta aliantza poliedriko horren barruan antolatutako gaizkile taldeak ere badaude. Auzoak oso ondo ezagutzen dituzte eta droga trafikoarekin modu batera edo bestera harreman zuzena dute –saltzaileak, banatzaileak edo kontsumitzaileak direlako–. Eta, noski, Poliziaren kontra daude. Gerra garaian ere ez genuen horrelako bortizkeriarik eta krudelkeriarik ikusi: hildakoak torturatu egin zituzten, gorpuak erre, torturen ostean oraindik bizirik zeudenak galtzada-harriekin kolpeka edo erregaiak erabiliz hil zituzten, hildakoen gorpuak laidoztatzen zituzten manifestatzaileek... Benetako zitalkeriak ikusi ditugu, deabruaren ekintzak. Arestian esan dudan bezala, Nikaraguan horrelakoak bizi gabeak ginen.

Eliza katolikoak sostengua eman zion Daniel Ortegari presidente izateko. Zerk eragin du haustura hori eta nola baloratzen duzu?

Egia da gobernuaren eta Eliza katolikoaren artean errespetuzko harreman bat zegoela. Gobernuak beti errespetatu ditu herritarren sinismenak, katolikoak edo ebanjelikoak izan. Erakunde bakoitzak dagokion esparruan lan egiten zuen, elkarri trabarik egin gabe. Presidenteak apezpikuekin bilerak egin ohi zituen. Baina Elizaren barruan badaude historikoki Fronte Sandinistaren eta presidentearen kontra egon diren apezpikuak. 2007. urtean Ortegak presidente kargua zin egin zuenean, Esteliko diozesiko gotzaina, Juan Abelardo Mata, talde armatuekin harremanetan jarri zen. Nekazarien altxamendu bat zela esaten zuen. Gobernuak, aldiz, ganadua lapurtu eta Hondurasera pasatzen zuten gaizkile hutsak zirela frogatu zuen. Managuako gotzain laguntzailea den Silvio Jose Baez ere Ortegaren aurkari amorratua da. Gotzainek Gobernuaren kontrako aliantza osatu zutela aitortu zuen. Gobernua boteretik kentzeko herri guztiaren batasuna eskatzen zuen. Sektore guztiak –baita feministak eta narkotrafikatzaileak ere– Ortegaren kontra batu behar direla esan zuen. Zergatik dauden Ortegaren kontra? Zergatik manipulazioaren bidez herritarrak Ortegaren kontra jartzen saiatu diren? Erantzuna sinplea da: ez dute sekula ere ontzat emango edo onartuko pobreen alde lan egiten duen gobernu bat. El Salvadorreko Oscar Arnulfo Romero artzapezpikuaren hitzak baliatzen dituzte beraien diskurtsoetan. Jendearen fedeaz, sinismen erlijiosoez eta beharrez baliatzen dira manipulatzeko; adibidez, sare sozialetan zabaldu diren irudi asko faltsuak dira. Norberak erabaki behar du sare sozialen bitartez zabaltzen diren gauza guztiak sinisten dituen ala ez, edo, aitzitik, horien aurrean jarrera kritikoa duen. Norberaren ardura da ahalik eta informazio gehien biltzea, iturri desberdinetatik eta fidagarrietatik, ikuspuntu propio bat edukitzeko. Gobernuak nikaraguarron adiskidetzea nahi du eta helburu hori betetzeko lanean ari da. Familiak, auzoak, komunitateak adiskidetu behar ditugu berriro; izan ere, gu gara ekintza armatuen, gezurraren eta manipulazioaren biktimak. Guztion artean lehen genuen bakea eta harmonia berreskuratu behar ditugu. Garrantzitsuena aurrera egitea da, galdutako lanpostuak berreskuratzea, biolentziaren ondorioz 120.000 inguru galdu genituen-eta. Gobernuak aliantza berriak osatuko ditu orain. Enpresaburu handiek gobernuarekin elkarrizketa eten dute, eta, hortaz, enpresari ertain eta txikiekin egin beharko du saiakera gobernuak. Nikaraguako ekonomiaren %75-80 ordezkatzen dute enpresa txiki eta ertainek.

Radio Segoviako zuzendari bezala, nola jorratu dituzue manifestatzaileen protestak eta hildakoak? Zenbat leku dute zure hedabidean gobernuaren kontra daudenak?

Komunikabide bat garen heinean, badugu kode deontologiko bat eta printzipio batzuk; Konstituzioari eta legeei errespetua zor diegu. Herritarren eskubideak defendatzea da kazetari gisa dugun konpromisoa. Gure zonaldean ez zen aparteko biolentziarik egon. Gobernuaren jarraitzaileek eta aurkariek manifestazioak egin zituzten. Bietara joan ginen, horien berri emateko, gezurra eta biolentzia sustatu gabe. Gure ustez egia dena jakinarazi genuen. Hildakorik bazegoen, nor zen azaltzen genuen, erantzulea nor izan zitekeen esan gabe. Egilea identifikatzea lortzen bazen, orduan bai esaten genuen. Pentsa, Ocotalen mutil bat hil zuten alkoholak eragindako liskar batean. Handik ordubetera, ustezko errepresioagatik hildakoen zerrendetan zegoen, heriotza Poliziari leporatuta. Gu harrituta gelditu ginen, jakin bagenekien-eta heriotza eztabaida gogor baten ondorioa izan zela. Horra hor lehen aipatu ditudan albiste faltsuen adibide bat. Ez zuen inporta hildakoa nor zen, zerrendan sartzen zuten besterik gabe, zantzurik gabe. Horrela puztu zituzten gobernuz kanpoko erakunde batzuek ustezko hildakoen zerrenda. Ikaragarria izan zen istiluen hilabeteetan egon zen manipulazioa. Nazio mailako egunkariek ere egiaztapenik gabe benetakoak ez ziren albisteak zabaldu zituzten.

Zer duzu esateko Fronte Sandinistan eta gobernuan izandako zenbait buruzagi historikok egungo arduradunei egindako kritikez?

Sandinismoarentzat oso gogorra izan zen 90eko hamarkadan –Fronteak hauteskundeak galdu eta agintea utzi behar izan zuen–, horietako askok Frontea eta herritarren borroka alde batera utzi zituzten, gauzak momentu zailean zeudelako. Ez genekien zer egingo genuen, zein izango zen gure etorkizuna, lana izango ote genuen. Garai horretan sandinismoaren buruzagi edo ordezkari ziren askok frontea eta borroka utzi zituzten, bizkarra eman zioten Nikaraguako herriari. 1995. urtean gertatu zen haustura handiena. Iraultzan etapa berri bat zabaldu zen. Frontea utzi bitarteko merituak aitortzen zaizkie, baina hortik aurrerakoak ez. Zer-nolako sinesgarritasuna izan dezake bide erdian uzten zaituen norbaitek?

Herriaren ondoan egon zirenek bere garaian egindako ekarpena aitortu beharra dago; eskubideak eta ordura arteko lorpenak babestu zituzten, Mejia Godoy abeslariak, adibidez. Nire zonaldekoa da. Iraultzaren figura adierazgarria izan zen bere abestiekin. Oso kanta ederrak zituen. Bada, orain, dozena bat abesti idatzi ditu jada estatu kolpearen aldekoak goraipatuz, Poliziak manifestatzaileak hil dituela salatuz oraindik ere heriotzon benetako arduradunak nortzuk diren frogatuta ez dagoenean. Heriotzok biolentzia sustatu dutenen ardura dira, ez gobernuarena. Herritarrek ez dituzte Mejia Godoyren kanta berriok abesten; ez dira herrikoiak, ezta ezagunak ere herritarrak ez direlako letra horiekin identifikatzen, ez dituzte beraienak egin. Iraultzari abestu zizkion kantuak bai dira herrikoiak, mugimendu sandinista benetakoa delako; bestea, ustezko oposizioarena, asmakizun hutsa izan da eta epe mugatua izan du.