Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Kontu kontari

Bazeuden Ane eta Mikel jolasten. Eta, ba… orduan, Mikelek nahi zuen pilota, ezta? Eta Anek ere… eta, ba… etorri da Maite eta hartu du makila magikoa. Eta… makilarekin egin dugu super-indarra eta pilota jaitsi da zerutik eta… Mikel zegoen negarrez, baze… Julene etorri da zaldian hegan…».

Haurrek modu xelebrea dute beraien arteko jolasak kontatzeko. Uztartu egiten dituzte guk ikusten duguna eta beraien fantasia alaia. Ez dakigu ondo non hasten den bata eta bestea, zein den bien arteko muga lausoa. Ziurrenez, horixe da hain zuzen ere politena. Jolasten jakitea. Are gehiago, zure burua galtzen uztea eta jolasean murgiltzea.

Epaile batek ez luke inor kondenatuko haur baten jolasak froga egiaztagarritzat jota. Gehienez ere, irribarre egingo luke eta pentsatu: “umekeriak”. Baina mundua hierarkiek gurutzatutako errealitate bezala dago eraikia. Segun eta nork zer esan, autoritate gehiago ala gutxiago ematen diogu aipu bati, iritzi bati, kontakizun bati. Badaude pertsonak, gorputzak, jendartean duten posizio zehatzaren pisuaz, errealitaterako joera omen dutenak. Eta ondorioz, beren kontakizuna egiazkoagoa omen da. Fantasiazkoagoa besteena.

Begiak erdi irekita bakarrik, Urteberri egunean mugikorra hartu genuen askok. Ea jada bazkalordura berandu iristen ginen. Edo oraindik ohean zertxobait gehixeago euts genezakeen. Baina buruko mina kendu gabe irakurri genituen mezuak, zerbait gertatu zela Gasteizko gaztetxean, goizean goiz.

Ez da aztia izan behar asmatzeko gaupasaz dauden gazteak gehi uniformedun-porradun gizonak batuketak zein emaitza izan dezakeen. Koordinazio falta agerian uzten duten mugimendu eta esaldi amaitu gabeak batetik. Bestetik, edukazioaren edukazioz amorragarria bihurtzen den polizia-gizonen hitz jario pausatu bezain tentsioduna. Bultzakadaren bat, kolperen bat, irainak alde batera eta bestera, karnetak eskatu…

Harridura hurrengo egunean bikoiztu zen. Udal polizien kontakizunaren arabera, jator-jator musika jaisteko eskatu zietenean gaztetxean festan ari zirenei… ez zituzten ba inguratu eta bahitzen saiatu! Eskerrak, kasualitatez, beste hogeita hamar polizia inguruan zebiltzan, katu galdu baten bila edo. Eta beren lankideak salbatu zituzten, nahiz eta horretarako, beharrezkoa izan zenbait lagun atxilotzea.

Ordua da apurketa egiteko. Unea da komunikabide nagusiek zentzuzko irakurketak egin ditzaten. Eta ezin sinistukoa den prentsa-oharra, horrelaxe transmititu dezaten. Gertakizunen kontakizun fantasioso eta xelebre bezala. Hego Euskal Herriko polizia-gizonekin (niri gizonak tokatu zaizkit beti) eztabaida bat izan dugun guztiok dakigu, errealitatetik epaiketara, haurrik ameslarienak kontatuko balu bezalako ezberdintasuna egoten dela. Gogora datorkit, adibidez, Martxoaren 3aren 2012ko urteurrenean, lurrean eserita zeuden gazteen aurka polizia autonomikoak oldarraldia egin zuenekoa. Ospitalera joan ziren jarraian eta bertan artatuak izan ziren lagunei denuntzia jarri zieten. Zer dela eta? Poliziari eraso egin omen zieten!

Uniformedunek frankismotik herentzian jaso dute herritarrekiko mesfidantza eta guztiok, kontrakorik frogatu ezean, susmagarri garela uste dute. Noizbait, gainerako herritarrok jende zintzo bezala har ditzagun nahi badute, kontu kontari aritzeari utzi beharko diote. •