Pello Otxandiano

Presoak

Urte hasierako presoen aldeko manifestazioak kaleak bete ditu beste behin ere. Aurtengoak urrats kualitatibo batzuk ekarri ditu. Manifestarien kopuruaz haratago –ezin ukatuzkoa da arrakasta termino kuantitatiboetan–, Hegoaldeko sindikatu guztiek egin dute bat lehen aldiz deialdiarekin, baita Iparraldeko auzapezen %65ak ere. Deialdi honen arrakastak bi gauza adierazten ditu nabarmen: bat, euskal presoen kaleratzearen aldekotasuna hegemonikoa da euskal gizartean –EAJren absentziak interes partidistei erantzuten die–. Bi, euskal presoen kaleratzearen aldeko aldarria agenda sozialean dago; urteak joan urteak etorri, presoen aldeko gizarte mobilizazioak sendo jarraitzen du, eta horrek esan nahi du barneratuta daukagula gizarte gisa presoak kartzelan egonda ez dagoela elkarbizitza demokratikorik, eta beraz, presoena ez dela ezker abertzalearen arazo bat, baizik arazo nazional bat.

Erronka urtarrilaren 12ko energia sozial hori eraginkor bihurtzea da. Eta horretarako gauza asko behar dira, bide berriak saiatu behar dira nahi eta nahi ez gatazkaren ondorioen konponbidea deitu dena ETAren ondorengo garaietan kokatzeko. Baina lan moldeak pentsatzen hasi aurretik, nago gogoeta bat pausatu behar dugula, bi sentipen edo ikuspegi sumatzen baitira elkar nahastuta. Batetik, bada joera bat presoen auzia iraganarekin lotzekoa, termino politikoetan amortizatuta dagoen auzi bati aterabidea aurkitu beharraren zama balitz bezala, prozesu politikoari ekarpen kualitatiborik egin ezin diezaiokeena. Uste dut ikuspegi horrek, askotan pertzepzio subjektibo bat denak, kontzienteki baino gehiago inkontzienteki adierazten denak, mugatu egiten gaituela. Hitzak jarrita: «Presoen afera konponbidean jarri behar da fase politiko honetan gure indarrak askatu ditzagun». Zalantzarik gabe, presoen kaleratzeak, sufrimenduarekin bukatzeaz gain, bultzada emango lioke prozesu politikoari, eta esan gabe doa helburua presoak lehenbailehen kaleratzea dela. Baina kartzeletako giltzak estatuek dauzkate. Orain, har dezagun beste ikuspegi bat: «Elkarbizitza demokratikoaren aldeko gizarte mobilizazioa –presoen afera lehen lerroan jarrita– euskal proiektua gorpuzteko lehen mailako kapital politikoa da». Izan ere, hala da. Zoritxarrez, esparru gutxitan gertatzen dira iragan larunbatekoa bezalako baterajotzeak. Momentu historiko honetan hain beharrezkoak zaizkigun herri akordioak nonbait badaude aurreratuta, hori presoen auzian da. Eta beraz, presoen auziak edukiz eta gizartez betetzen du estatuen autoritarismoaren aurkako herri frontea, beste defentsa-lerro batzuekin artikulatzeko aukerak irekiz. Ikuspegi horretan, presoak aktibo politikoak dira fase politiko berrian. Eta, hain zuzen ere, ikuspegi hori operatibizatzea da presoak albait arinen kalera bidean jartzeko egin dezakegun inbertsiorik onena.

Aldebakartasuna jorratzea, finean. Kide batek ezin hobeto azaldu zuen metafora bidez: «Aldebakartasuna bizikletan ibiltzea bezala da, pedalei emateari utziz gero erori egiten zara». Aldebakartasuna ikuspegi autozentratua da, ematen dugun pausu bakoitzak euskal gizartea ahalduntzeko helburua du, herri gisa dugun kapital soziala gehitzekoa beste ezer baino lehen, badakigulako ez dela estaturik egongo konponbide demokratiko baterako, eta, ondorioz, konponbideek gainezkatze demokratikoak eskatuko dituztela. Kasu, aldebakartasunak ez du autismo politikoa esan nahi, hau da, ez du estatuekiko dialektika ukatzen eta ezin gaitu fase bakarreko prozesuak irudikatzera eraman. Baina blokeoak, ikusten ari garen inboluzio autoritario dramatikoak, ezin gaitzake paralizatu, ez presoen auzian eta ez beste edozeinetan ere.

Gaur, Puerto de Santamariako kartzelan egingo diot bisita lagunari. Iragan larunbatean bizitakoaren puska bat kristalaren beste aldera helarazten asmatzen badut, ziur naiz itxaropen argi bat piztuko dela bere begien hondoan. •