Nekane Zinkunegi Barandiaran

Prokrastinatu

Ez dakit gaixotasun gisa diagnostikatzen ote den ezetz esaten ez jakitea. Baina, horren ondorioz, egonezin fisikoa sentitzeraino hel daiteke bat. Kostatzen zaigu edozein proposamen edo eskaerari ezetz esatea: gurekin batere zerikusirik ez duen zerbait izan behar du, edo inplikatzea eskatzen digun une horretan beste zerbaitekin okupatuta egon behar dugu. Auskalo, parekoak ezezkorik onartuko ez duela iruditzen zaigulako izango da. Edo egoera ezerosoak kudeatzeko gogorik eta ausardiarik ez dugulako.

Arazoa da egoerarik ezerosoenak ere orduan sortzen direla, gauza gehiegiri ezetz ez esatean. Baietz esandakoak eta hartutako konpromisoak gehiegi direnean eta pilatzen direnean. Orduan, denera iritsi ezinagatik sortzen da egonezina, inpotentzia, eta ingurukoei huts egiteko beldurra. Edo egoerak gain hartzen digu eta modu onean edozer esatera datorrenari ongi erantzuteko pazientzia ere galtzen dugu.

Hori nahikoa ez, eta ia denari baietz esateko ohiturari lanak geroko uzteko ohitura gehitzen zaio sarri. Ingelesez, procrastinate aditzak definitzen du joera hori. “Geroratu” euskal ordainak ez du hainbeste indar, baina eragiten dituen ondorioak jasanezinak izan daitezke. Egiteko daukaguna, egin ordez, atseginago zaizkigun eta larritasunik eragiten ez diguten ekintzekin ordezkatzen dugu, geure burua engainatuz.

Lana planifikatzea omen da horri aurre hartzeko bide eraginkorra. Hasi berri den 2019rako erronka pertsonal polita izan daiteke, betiere, bizitza planifikatzen pasa eta geroratzeko tentazioan erori gabe. •