Mikel Zubimendi Berastegi
ALGORITMOARI ESKER

Trumpetik Bolsonaroraino, sare sozialek bultzatutako olatua harro-harro dator

Nonahi egon, noranahi begiratu eta pelikula berdina da. Nor baino nor beldurgarriago, batek besteari hartzen dio segida, elkarrengandik ikasten dute. Kutsakorra da fenomenoa. Denek ikusi dute Interneteko kulturaren garapen ilunak aukerak ematen dituela, eta, haiek baliatuz gero, aise irabaz daitezkeela hauteskundeak.

Brasilgo presidente berri bezala, Jair Bolsonaro kapitain ultraeskuindarrak egunero hamar txio zabaltzen ditu sare sozialetan. Komunikaziorako bere bitarteko nagusiak bihurtu ditu, itzulingururik gabeko hizkera zuzen eta erasokorrarekin, bere lagun miretsia den Donald Trumpen estilo bertsuan. Ez da txiripa presidente bezala egin zuen lehen txioa Trump goraipatzeko gorde izana: «Elkarrekin, Jainkoaren babespean, oparotasuna eta aurrerabidea ekarriko ditugu gure herrientzat».

Twitter bidez iragartzen ditu bere erabaki eta neurriak Bolsonarok, bere posizioak indartzen ditu, beste gobernuburu batzuekin komunikatzen da, oposizioari aizkorakadak sartzen dizkio eta prentsa tradizionalean argitaratzen diren hainbat berri gezurtatzen ditu. Sare sozialetan indartu zuen bere kanpaina, bertan eman zituen jakitera bere gobernu politiko-militarreko ministroen izenak. Den-dena beti erasoa joaz, bere hitzetan «politikoki zuzena» den horretatik aldenduz. Milioika jarraitzaile ditu Twitter, Facebook, Instagram edo YouTuben. Bere txio bakoitza milaka aldiz birtxiokatzen dute bere jarraitzaileek. Eta, horrela, komunikabide tradizionalen bitartekaritzarik gabe, bozgorailu zinez indartsua eskuratu du.

Kontrola ziurtatu

Trumpen eskolako ikasle txintxoa da Bolsonaro. Trumpen gai kutunenak Bolsonaroren menuan zerbitzatuta daude. Esaterako, fake news edo “berri faltsuak”. Duela aste bat honakoa txiokatu zuen: «Prentsaren sektore batzuek ez dute mugarik, eguneko 24 orduak gezurrak asmatzen ematen dituzte». Gero, Trumpek urrian bota zuen txio sonatua birtxiokatu zuen: «Berri faltsuen komunikabideak herriaren benetako etsaiak dira».

Bistan da Bolsonaroren erabakia, Trumpek utzi duen arrastoan hartutakoa: komunikatzeko bitarteko edo kanal tradizionalak alboratu eta komunikazio zuzen baten alde egin. Twitterrek kontrola ematen baitio. Berak igortzen ditu mezuak, ez dago prentsaurrekorik, ezta kazetariekin elkarrizketarik ere. Hitz egin nahi duenean hitz egiten du soilik.

Bizitzan hartzen diren erabaki guztiekin bezala, ondorioak eta demontreak erabakiokin eskuz esku datoz. Sarean egotea nahi baduzu, jokabide koherente bat izan behar duzu: zertaz hitz egin, noiz hitz egin erabakitzekoIpolitika bat. Bolsonarok, baina, akzio-erreakzio moduan jokatzen du, norbaitek zerbait esan, norbaitek zerbait argitaratu, eta, punba!, txioa botatzen du.

Aztarnak nonahi

Gehiago ala gutxiago atsegin, baina, Bolsonaroren garaipena ez zen sorpresa bat izan. Bizi ditugun garai dislokatu hauen enegarren adierazpidea izan zen, gure bizitzen egiturak diktatzen dituzten indar berri arraroen beste produktu bat baino ez. Informazioaren, politikaren, kulturaren inguruko gure ideia zaharrak deformatzen ari diren denbora historiko azkartu honen fruitua, Interneteko kulturaren garapen ilunarena.

Ez dago Internetek egin ahal digunaren eta egingo digunaren inguruan harritzeko denborarik. Kaltea eginda dago eta hobe dugu barneratzea datozen urteetan kalte horren ondorioak pairatzen jarraituko dugula.

Zenbakiek dena esaten dute. Hilabetean 2.000 milioi pertsona dira Facebook sare sozialeko erabiltzaile aktiboak, beste horrenbeste Youtube atarikoak eta 1.500 milioi Whatsapp aplikaziokoak. Komunikabide digitalez mintzo bagara, berriz, Google eta Facebook erraldoiek publizitate digitalaren merkatuaren %60 kontrolatzen dute.

Sakelako telefonoak erabiltzeko bidea Silicon Valleyko korporazio erraldoiek kontrolatzen dute ia osotasunean. Bolsonarok eta Trumpek aukeren leihoa irekita topatu zuten gehiegikeriak gertakizun ohiko bilakatzea normalizatu duen ingurugiro digital berrian. Korporazio handiek, gainera, beren erantzukizunei erantzuteko gaitasun ez nabarmena erakutsi dute.

Aukera berriok gizartearen aurrerabidearen motor izango ziren promesa egin zuten, baina atzerabidean gaude. Gure bizitzak, gizartea, politika, hein handi batean, haien esku daude. Eta haien atzaparretatik ihes egitea ez da erraza.

Mundua begiratzeko leihoak ireki eta atzera begirako ikusmira batekin, ez da zaila honaino nola iritsi garen antzematea. Teknika forentseak erabiltzeke, nonahi aurkitu daitezke aztarnak, noranahikoak dira pistak. 2013. urtean Errusiako sare sozialetan iragarki hau zabaldu zen: «Interneteko operadoreak behar dira! Bulego dotore batzuetan lan egiteko aukera, 25.960 errubloko soldatarekin. Egitekoak: Interneten iruzkinak jartzea, post tematikoak idaztea, blogak sortzea, sare sozialetan aritzea, pantaila-irudien bidez informazioa zabaltzea». Hautatuak San Petesburgon kokatu zituzten eta aurrerantzean Interneteko Ikerketa Agentziarentzat, hots, Errusiaren aldeko troll armadarentzat, hasi ziren lanean.

Algoritmoen laguntza

2014. urtean aise irabazi zituen hauteskunde orokorrak Narenda Modi hindu nazionalistak. Indian Facebook erabakigarria izan zen lehen hauteskundeak izan ziren; bada, Barack Obamaren ondoren plataforman gehien maitatutako politikaria bihurtu zen Modi. 2015. urtean, Facebookeko 87 milioi erabiltzaileren datuak eskuratu eta aztertu zituen Cambridge Analytica konpainiak, eta, ondoren, jokaera pertsonalizatuetan oinarritutako kanpainak egiteko erabili ziren.

2016. urteko maiatzean, Rodrigo Duterte Filipinetako presidente hautatu zuten. Facebooken eman zuen kolpea ezin ukatuzkoa izan zen. Hauteskundeak baino bi hilabete lehenago, konpainiak berak “Facebookeko elkarrizketetako kontrariorik gabeko errege” izendatu zuen. Eskuin muturreko pertsona ospetsuek bera aupatzeko propaganda sarea osatu zuten Interneten.

Hilabete geroago, Britainia Handiko boto-emaileen %52ak Brexitaren alde egin zuten. “Leave.EU” izeneko taldeak Cambridge Analyticaren metodo berdinak erabili zituen kanpainan eta Errusiako Interneten Ikerketarako Agentziarekin konektatutako bot eta trollek, botoa eman aurreko bi egunetan, Brexitaren inguruko 45.000 txio zabaldu zituzten Internet bidez.

Ez dira kasu bakanak. Zerrenda amaigabea izan liteke. Ez du axola zein herrialdetan zauden. Zoazen toki guztietan kontu berdina baita.

Eskuin muturreko presidente guztion aldeko trollen armadek algoritmoen laguntza izan zuten, edukiak iradoki eta erabiltzeek edukiok ikusten ematen zuten denbora handitzen zuten kodeena. Facebook, Twitter eta Youtube erabiltzen hasi ziren beren mezuak pasatu eta anplifikatzeko, aztoratze eta beldurtze kanpainak antolatzeko. Batzuetan, lekuan lekuko eskuin muturreko taldeak baino askoz talde sofistikatuagoak sortuz, besteetan, talde zaharragoak gaztetuz.

Fenomenoa ulertu

Behin komunitatea eratuta, sarean behar duten guztia aurkituko dute eskuin muturreko taldeok. Beren gezurrak, muturreko propaganda biral bihurtuko dute. Konspirazioa normal bihurtuko dute. Beren “berriak” komunikabide askok ontzat eman eta publiko zaharrago bati helarazteko prestatuko dituzte.

Algoritmo batek memeak zerbitzatuko dizkie herritarrei, ebidentzietan oinarritu gabeko artikuluak, oniritzi eta arautze editorialik gabeko Youtubeko bideoak. Hauteskundeak irabazteko gako direla bistan da, baina, horrez gain, hauteskundeen azken emaitza “lapurtzeko” gaitasuna ere izango balute?

Egin kontu: Brasilen hauteskundeak baino hilabete lehenago egin zen ikerketa baten arabera, boto-emaile gehienek beren senide eta lagunek Whatsapp bidez bidalitako mezuak gehiago sinisten dituzte telebistan edo egunkarietan ikusitako berriak baino. Princetoneko eta New Yorkeko unibertsitateek egindako beste ikerketa batek erakutsi duenaren arabera, AEBetan 65 urte baino gorakoek “albiste faltsu” gehienak elkarbanatzen dituzte, izan duten hezkuntza edo duten sexu, arraza edo soldata gorabehera.

Sare sozialen erabilera eta berarekin batera munduko politikan okerrera ematen ari den aldaketa ez da betirako izango. Baina eragindako kaltea agian bai. Desegonkortutako hauteskundeak, erradikalizatutako herritarrak, inspiratutako biolentzia ez dira bat-batean desagertuko, ez horixe.

Sute ikaragarri bat bezala zabaldu da fenomenoa. Baina epidemiologo guztiek dakiten bezala, kutsakorra den gaixotasun bat kontrolatzeko lehen urratsa nola zabaltzen den jakitea da. Bada, beraz, nondik hasi lanean.