Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Logistikaren lurraldea

Eskua altxa dezala lantzean behin Amazonen bidez edo online plataforma baten bidez erosketarik egin ez duenak. Etxeko sofatik eta wifia, gailu elektronikoa eta diru-txartela direla medio, zernahi eskuratu dezakegu modu eroso, erraz eta eraginkorrean. Inor bekatari sentiarazteko nahia izan gabe, etxetik egindako mandatuek lurraldean aztarna nabarmenak uzten dituztela bistaratu behar da. Sofatik klik egin dugun unetik eta ateko txirrina jota banatzaileak paketea eskura eman arteko denbora tartean, gure erosketaren ibilbideak logistika espazio ezberdinak behar izan ditu munduko toki ezberdinetan. Produktuen mugimendu trafikoak portuen papera indartu du eta merkantziak bildu eta banatzeko guneek hiri inguruetan gero eta okupazio eremu handiagoak eskatzen dituzte. Produktu baten mugimendua indibidualki eta etxetik eragiteko aukerak logistika sistema irauli eta hankaz gora jarri du, eta merkantzien garraioaren mapa geopolitiko berria eraiki(ko) du.

Petrolioaren prezio igoerak lurraldean sor zitzakeen utopietan pentsatuz, zentro komertzialei etorkizun beltza opa izan diet eta noiz edo noiz Ameriketatik inportatutako mall hauek XXI. mendeko eskeleto utziak balira bezala irudikatu izan ditut. Baina sareko salerosketen kontsumo bide berrien igoera ikusirik, mamu-espazioak izan beharrean eraldatu eta logistikarako gune berriak bihur daitezkeela esango nuke. Eta kapitalismoaren nobedade guztiekin gertatu ohi den bezala, erosotasunaren izenean negozioa egiteko bidean, ingurumenaren parametroa ekuaziotik desagertu da, eta irabazpideen segurtasunerako tranpa prekaritatean oinarritzen da. Jon Fernandezek abenduaren 2an “Berria” egunkarian argitaratutako artikuluan, online salerosketak banaketa sektorean sortzen dituen lan baldintza eskasen eta prekaritatearen inguruan sakondu zuen, norbanakoaren aginduak betetzeko zerbitzuak irabazi oso murritzak dituelako.

Artikulu berean, hirietan sortzen duen beste ondorio espazial bat komentatzen da: trafiko igoera. Hirien barnean paketeen banaketak mugikortasun ereduan eragin zuzena du, nahiz eta barne banaketarako bizikleta bitarteko integratu bezala irudikatzen den. Biztanleria aglomerazioa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta «azken miliako» banaketa egiteko trafiko handiagoa. Logistikaren sektoreak gero eta espazio behar handiagoak ditu hirietako aldirietan. Une honetan, sarean etorkizuneko inbestitze iragarpen asko aurkitu daitezke zentro logistikoak sustatuz... Alertaren bat edo beste pizteko seinalea izan daiteke.

Negozio berri honek hirigintza erabilera berria sortu du eta lurraldean eskakizunak egiten dituzte. Predatzailea izan daitekeelako eta berehalako behar espazialak exijitzen dituelako, nazioarteko marka boteretsuen partidan jolastu nahi dugun papera aurreikusi beharko genuke. •