Maddi Txintxurreta Agirregabiria

OñATIREN INDEPENDENTZIA EKARTZERA ITZULI DA LOPE AGIRRE

Lope Agirre, XVI. mendean Hego Amerikako «El Dorado»-rako espedizioan Espainiako errege Felipe II.aren aurka matxinatu zena, berpiztu dute Oñatin, «Lope» filmarekin. 2019ko herriko Udal Hauteskundeetara ekarri dute esploratzailea, Oñatiren independentzia lortzera.

Ez dute berdina kontatzen Lope Agirreren inguruan idatzitako historia-orrien aurkiek eta ifrentzuek. Traidorea, zoroa eta hiltzailea zena batzuentzat, iraultzaile adoretsua zen besteentzat. «Lope Agirreren matxinada Ameriketako eskualde bateko lehenengo independentzia deklarazioa izan zen», idatzi zuen Simon Bolivarrek. Agirrek berak zoroa zela onartzen zuen, «zoroa egia esaten duena» denez gero, baina «Erromesa» izenpea erabiltzea nahiago zuen berak. Horrelaxe sinatu zuen 1561ean Felipe II.a erregeari zuzendutako gutun sonatua, haren aginduz Barquisimeton –egungo Venezuelan– hil baino hilabete batzuk lehenago.

Heroi edo doilor, 1536an Perura joan zen eta 24 urte eman zituen Hego Amerikan Espainiako Koroaren aginduetara, harik eta erregearen esker txarrak erreta eta 72 hildakoren palmaresa bere eginda, Koroaren aurka matxinatu zen arte. Hainbesteko garrantzia izan zuen XVI. mendean, ezen Felipe II.ak Oñatiko semearen izena ahoskatzea debekatu baitzuen.

Oñatiko Araotz auzokoa baitzen Lope Agirre; berak hala esaten zuen behintzat, nahiz eta zenbait teoriak Aramaioko biztanlea zela ziurtatzen duten. Batekoa ala bestekoa, seme kutuna da Agirre oñatiarrentzat, eta “Lope” izeneko filmaren bidez berpiztu nahi izan du herriko LPM taldeak.

Horrela, ia 500 urteren ondoren, ahoan euskara batua darabilela itzuli da Lope Agirre, helburu argi batekin: Oñatiren independentzia berreskuratzea. Herrenka, zarpail baina duin, Eskorbutoren kamiseta soinean eta gerrian dituen pistola zein ezpataren giderretatik atzamarrak hurbil, hitzok oihukatuko ditu: «Herri hau garaipenera eramango diagu, ez izan zalantzarik! Hori bai, norbaiti otutzen bazaiok nire aurka joatea, larrutik ordainduko dik!».

Urriaren 27an hil zuten Lope Agirre, eta egun horretan estreinatu zuten pelikula Oñatiko Antixena gaztetxean. Filmean parte hartu zuten herritarrei zuzendutako aurre-proiekzioa izan zen. Izan ere, herriko 90 lagun aritu dira pelikulan lanean boluntario modura: 70 antzezle eta arlo teknikoan 20 pertsona. Horietatik bi bakarrik dira profesionalak. Ordutik emanaldi ugari egin dituzte: beste bost Oñatin, Errekaleorren, Durangoko Azokan, Arrasaten, Donostian, Bergaran eta Eskoriatzan.

LPM taldea ohituago dago film laburrak egitera. «Orain arte rallyetan ibili gara, egun bateko edo bi eguneko txapelketetan. Hasieran uste genuen 20-25 minutuko pelikula izango zela, baina gidoiak exijitzen zuen 40 minutura joatea, eta hori egin genuen», azaldu du Andoni Galdos produkzio-arduradunak.

Filmaren egileen begietara «iraultzailea» zen Lope Agirre. «Gure ideia izan da bertsio ofizialetik urrundu eta beste ikuspegi bat ematea. Lope beti izan da traidorea, zoroa, hiltzailea... baina hori Espainiaren bertsioa da. Gure asmoa zen bere beste aldea erakustea, alde iraultzailea, eta bere matxinada azaltzea batetik, eta bestetik, Lope eta bere eskutitza ezagutaraztea», esplikatu du Anjel Lera pelikularen zuzendariak. Horrez gain, «Loperen figura historikoaren hausnarketa» bultzatu nahi dute egileek.

«XVI. mendean munduko inperio boteretsuenetik independizatzeak eta munduko errege boteretsuena jarrera horrekin desafiatzeak pertsonaia historiko garrantzitsu egiten du Lope», esan du Ibai Elorzak, protagonistaren papera egin duen aktoreak.

Baina zein izan zen Lope Agirreren matxinada? Zer egin zuen erregearen mandatupean Perura joan eta 24 urteren buruan Venezuelan hil zezaten?

Matxinada, eskutitza eta heriotza

«Lope Agirre, zure basailu minimoa, kristau zaharra, guraso ertainduna, kaparea, baskongadetan sortua, Oñatiko hiribilduko biztanle, nire gaztaroan Ozeano itsasoa zeharkatu nuen Piru (Peru) aldera». Horrela, zukan eta hizkera txukun baina desafiatzailean, hasi zuen Lope Agirrek 1961ean, bere heriotza baino lehen, Espainiako Felipe II.ari zuzendutako eskutitza. 1536an, Perura joateko, ozeanoa zeharkatu zuen, inbaditu berri ziren Amerikako lurrak ezagutzeko eta, batez ere, lurralde horrek ezkutatzen zituen aberastasunen bila.

1560an, berriz, Pedro Ursua nafarrak gidatutako espediziora batu zen, 300 soldadu espainiarrekin eta ehunka indiarrekin batera. Helmuga ez zen ziurra: El Dorado mitikoaren bila abiatu ziren, jakin gabe diamanteak eta urrea aurkitu beharrean zorigaitz gordinenekin topo egingo zutela.

Soldaduak Marañon errekatik abiatu ziren hiru bergantinetan, baina Pedro Ursuak, El Dorado bainoago, beste helburu bat zuen begiz jota: Ines, espedizioan zihoan emakume mestizoa. Bere zentzumen guztiak Inesengan jarri zituen, eta albo batera utzi zituen espedizioaren ardurak. Soldaduen haserrea eragin zuen horrek, eta Lope Agirrek gidatuta, Ursuaren aurka matxinatu ziren, Agirrek berak hil zuen, 1561eko urtarrilaren 1ean. “Erromesa”-k hartu zuen orduan espedizioaren lema, eta soldaduek, “marañoiak” geroztik, bere aginduak bete zituzten Marañon eta Amazonas ibaiek indarrak maizten zizkieten bitartean.

Garaitsu horretan, Fernando de Guzman ofiziala Txile eta Peruko printze izendatu zuen Agirrek, eta Felipe II.ari zuzendutako lehenengo eskutitza idatzi zuen, zeinak ez zuen berririk Amerikan gertatzen ari zenari buruz. «Traidore» sinadura erabili zuen. Koroaren aurkako matxinada hasi zen.

Amazonas ibaia zeharkatu ondoren, eta 300 soldaduetatik erdiak bidean galduta, marañoiak Margarita irlara iritsi ziren 1561eko uztailaren 20an. Hor, Venezuelako itsasertzaren parean, Agirrek Fernando de Guzman hil eta bere burua Askatasunaren Printze izendatu zuen, Peruko eta Txileko probintzietako Errege. Aldebakartasunez, espainiar Koroarekiko independente aitortu zuen bere burua, eta Felipe II.ari bigarren eskutitza idatzi zion: «Errege eta Jaun txit goren hori, niretzako eta nire kideentzako horrelakorik ez bazara ere, baizik krudela eta eskergabekoa gure partetik jaso dituzun zerbitzuekiko’. Eskutitz horretan, hil zituen pertsonen aitorpena egin zuen, 72 guztira: 64 gizonezko espainiar, 4 emakume, 3 apaiz eta indigena bat.

1562eko urriaren 27a, Barquisimeton (Venezuela). Ia marañoi guztiek desertatu egin zuten eta Lope Agirre bakarrik geratu zen bere alaba Elvirarekin. Bazekien heriotza berehalakoa zuela eta alaba hil zuen, nahiago baitzuen hori, Elvira prostituziora eta tratu txarretara kondenatzea baino. Bi marañoik arkabuzak hartu zituzten. Lehenengo tiroan ez zuten asmatu. Bigarrenak Lope Agirre hil zuen.

«Lurralde baskongadoetako basailu fidelen seme, eta heriotzara arte errebelde zure esker txarragatik. Lope Agirre, Erromesa».

Azken espedizioa, Oñatin

Zirt edo zart. Horrelaxe konpontzen ditu gauzak Lope Agirrek, eta badirudi XXI. mendeko oñatiarrek badutela zer ikasi. Hil osteko espedizioa Oñatin egingo du Erromesak, herriko Udal Hauteskundeetara zehazki, egoera ez baita asko aldatu sorterria utzi zuenetik. Herriak independentzia galdu zuen 1845ean eta, pentsa, Felipe erregeak tronuan jarraitzen du. Bigarrena edo seigarrena den, gaitz erdi. Independentzia lortzera itzuli da Agirre eta, horretarako, marañoiak errekrutatuko ditu herrian.

Umoretik egindako pelikula da “Lope”, baina ez zaio kritika falta. Ibai Elorzak esan duenez, «inozentziatik eta umoretik kritika» egin dute. «Hortik tiraka hauteskundeen sistemari kritika, gaur egungo politikari, Elizari, sistemari. Kritika orokorra da», zehaztu du Lera zuzendariak.

LPM taldekoak oso gustura daude filmaren emaitzarekin. «Nire espektatibak gainditu egin ditu, asko gustatu zait. Ez dauka momentu baxurik, segidan ikusten da», adierazi du Elorzak.

Bestalde, urtarrilaren 1ean filma interneten jarri zuten ikusgai; beraz, ikusi nahi duenak jo dezala helbide honetara: youtu.be/-fTfGehQdPO