Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Kanpaina erdian

Ez dute publizitaterik egiten! Gipuzkoako herri txiki bateko heziguneko Hezkuntza Proiektua ezagutzen izan gara egunotan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako heziguneetan egiten ari diren aurrematrikulazio kanpainaren erdian.

Hezigune horretan erabat berritu eta eraldatu dute beren egiteko era. Berezitasun aipagarri anitz dituen egitasmoa aurkeztu digute. Haien artean, hezitzaile lantalde sendoa, formatua eta egiteko modu berri horretan konbentzitua dutela aipatuko nuke.

Aurkezpenean, beren ezaugarri gisa, publizitaterik ez dutela egiten aipatu dute. Antza, Udalak haiengana jo zuen aurrematrikulazio kanpainan publizitatea egiteko laguntza eskaintzera, herriko beste bi heziguneei egin zien bezala. Zalantzarik gabeko ezezkoa eman zioten.

Gaurkotasun albiste dira egunotan heziguneak hedabideetan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kristau Eskoletako langileek beren eskubideen defentsan bota duten enbidoa ez baita nolanahikoa. Albistegietako minutu asko hartu ditu egoerak. Hedabideetako publizitate minutu asko, berriz, aurrematrikulazio kanpainak. Mezu ia poetikoak jaurtitzen dizkigute, irudi eta doinu armoniatsuz lagunduak. Edertasun aztertua eta neurtua darabilte hezkuntza sare guztiek beren iragarkietan. Kontu handia izan dute beste arraza eta kulturetako haurrak agertzeko irudietan, familia aniztasuna agertzeko, eta abar. Asko zaindu behar da irudia –sekula baino gehiago–, ez baita txantxetakoa garai hauetan guztiaz egiten den irakurketa.

Esango nuke sare guztiek ahalegin berezi eta zaindua egin dutela aurtengo kanpainan. Atzean, seguruenik, jaiotza tasaren jaitsieraren mamua egongo da. Eskualde batzuetan kontua ez da ahuntzaren gauerdiko eztula! Eta hauteskunde kanpainetan botoak nola hala atera behar diren gisan, matrikulak atera behar heziguneetan. Horregatik, beharbada, gero eta antz handiagoa hartzen diet bi kanpainei: batean mitinak ditugu eta bestean ate irekiak eta bilera informatiboak. Izan ere, asko dago jokoan.

Hitz potoloak entzuten ari gara hedabideetan. Zenbaitetan, iragarkiak entzunda, badirudi hainbeste borrokatzen ari garen askatasuna eta norberak erabakitzeko aukera, pertsonak kontuan izatea, bakoitzaren berezitasuna eta erritmoa errespetatzea, eta abar, eskoletan aurkituko ditugula. Hitz potoloak darabiltzate hitzetik hortzera. Baina zenbateraino ote dira ulergarriak familientzat, zenbateraino partekatzen ote dugu hitz horien esanahi bera hezkuntza komunitateko kideek? Non ote dago gure haurra horren guztiaren erdian, egiazki bere ongizateari begira ari ote gara?

Ez dakit Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan nola egiten ote duten aurrematrikula edota ikasle berrien erakartze lan hori… zarata gutxiagorekin, akaso, haien oihartzuna ez baita iritsi Euskal Herriko bazter hauetaraino.

Nafarroan astelehenean hasiko da aurrematrikulazio kanpaina eta ostirala bitarte zabalik egongo da. Hainbat udalen eta mankomunitateren iragarkia iritsi zaigu handik: «Aspalditik gatoz eta urrunera goaz. Euskarazko irakaskuntza hautatu eta oparitu haien bizitzako bidaia».

Gustatu zait ideia. Zer opari egin diezaiekegu gure neska-mutilei beren herriko hizkuntza txikitatik eta natural eskaintzea baino ederragorik? •