Juantxo EGAÑA

1919ko Durangaldeko andreak, Indalecio Ojangurenen begian

XX. mendearen lehen herenean argazkigintzak garrantzi handia hartu zuen. Gure bizitzen parte izaten hasi zen. Edozein gizarte gertaera argazkietan geratzen zen eta garaiko aldizkari grafikoek irakiten zegoen gizarte hura islatzen zuten. Orduan erakarri zuen argazkigintzak Indalecio Ojanguren eibartar gaztea, Roman Ortuoste halaber eibartarraren eraginpean. 1908an Estatuko zenbait hedabide haren irudiak argitaratzen hasi ziren. Donostian editatutako “Novedades” aldizkariak ere bere argazkien berri eman zuen. 1914an Ojangurenek argazki estudio bat zabaldu zuen. Bere mendizaletasuna zela-eta, Euskal Herriko paisaien makina bat argazki egin zituen. Garai hartan “Arrano-argazkilaria” goitizenez ezaguna zen. 36ko Gerran, gatazka haren gaineko zenbait erreportaje egin zituen, hala nola Bilboko Burdin Gerrikoaren argazkiak eta 1937an “Gudari” aldizkarian agertu ziren beste batzuk. Errepresio frankista jasan zuen eta gerraren ostean berriro argazkigintzan jardun ahal izateko isun bat ordaindu behar izan zuen. Argazkigintzan egin zuen lanagatik zenbait sari eman zizkioten; esate baterako, 1929an Eusko Ikaskuntzaren Lehen Kongresuan jaso zuena. Artikulua ilustratzen duen irudia 1919an Durangaldean egindakoa da.