Amagoia Mujika Telleria
Entrevista
Javier Luxor
Mentalista

«Askeagoak izateko lehen urratsa manipulatzeko modukoak garela onartzea da»

Jendearen gogoa irakurtzeko gaitasuna dauka; ez begietan laser bereziak dituen superheroia delako, psikologia sozialaren barrunbeak ezagutzen dituelako baizik. Eskoriatzan izan berri da.

Pertsona batek pentsatzen duena igartzeko gaitasuna landu egin daitekeela uste du Javier Luxor mentalista madrildarrak. Gainera, pentsaera horretan eragiteko eta jokaera aldarazteko teknikak ere landu daitezkeela uste du. Mentalista da eta bere jardun nagusia horretara bideratzen du; hitzezkoa ez den komunikazioa, limurtzeko gaitasuna, intuizioa eta mentalismo modernoaren teknikak erabiliz, erakustaldi mentalak egiten ditu. Astean barna enpresetan aritzen da, elkarren ezagutza eta talde lana bultzatzeko teknikak eskainiz. Asteburuetan, bestelako aretoetan, entretenimendua ardatz.

Hain justu, pasa den asteburuan Euskal Herrian izan da, Eskoriatzan, “Imposible” ikuskizuna eskainiz. “Zientziaren argitan, egia ala gezurra?” jardunaldien baitan gonbidatu dute Luxor, harrigarria iruditu arren, bere jardunaren oinarrian horixe dagoelako, zientzia.

Zer da mentalismoa?

Mentalismoa ilusionismoaren adar bat da. Ilusionismoaren baitan magia da ezagunena, askotariko magoak. Eta mentalismoa ere ilusionismotik zintzilik dago. Sorreratik gaur arte, baina, mentalismoa aldatu egin da. Jendeak mentalismoa maiz gertakari paranormalekin eta gauza ilunekin lotzen du, eta, neurri batean, normala da. I. Mundu Gerraren eta II. Mundu Gerraren ondorioz gorakada handia izan zuen horrek guztiak. Gerraren ondorioz, jende asko hil zen eta hildakoekin harremana izan nahi zuen jende asko hasi zen agertzen. Beharra zegoenez, berehala agertu ziren jende hori engainatu eta teknika susmagarriak erabiliz aberastu nahi zutenak. Horiek ez ziren mentalistak.

Houdini mago sonatua eta beste batzuk, mentalista faltsu horiek agerian uzten hasi ziren, jendea engainatzeko erabiltzen zituzten teknikak erakutsiz eta dena amarru bat zela salatuz. Bitxia da, baina horretan ari zirela konturatu ziren teknika horiek guztiak beste norabide batean erabil zitezkeela eta horrela abiatu zen mentalismo klasikoa. Teknika mentalak entretenimendurako erabiltzen hasi ziren; engainatzeko baino, ilusio bat sortzeko. Eta mentalismoa aretoetara eraman zuten.

Amarruak ez du inor engainatu nahi, baina bai liluratu.

Mentalismoaren helburua ez da jendea engainatzea eta engainu horretatik dirua irabaztea. Mentalista, ilusionista edota magoa artistak dira eta ezinezkoaren magia irudikatzen dute. Mentalistak normalean jendeak ezagutzen ez dituen jakintza eta teknika mentalak ezagutzen ditu eta horiek erakusten saiatzen da, ez inor engainatzeko, jendea harritu eta liluratzeko baizik. Finean, mentalismoak bistan uzten du zein erraza den pertsonen gainean eragitea.

Diozunez, entretenimenduaz harago, zer pentsatua eman nahi diozu begira dagoenari.

Profesionalki mentalismora zuzentzea erabaki nuenean, entretenitzeaz gain, ezagutza batzuk zabaldu nahi nituela erabaki nuen. Nik kontatzen ditudanak jende asko badakizki, teoria ezagutzen du, baina nik modu desberdinean kontatzen ditut, praktikaren eta jolasen bitartez.

Azken hamarkadotan asko aldatu da mentalismoa. Teknika berriek mentalistaren jarduna asko aberastu dute. Dagoeneko jendeak ez du gertaera paranormalik espero eta mentalistak egungo publikoaren beharrei erantzuten die; gorputzaren komunikazioa, manipulatzeko gaitasuna, eragitekoa, limurtzeko teknikak... Horien guztien atzean teknikak daude. Batzuetan pentsatzen da egiten ditugunak amarruak baino ez direla. Azalpen hori oso sinplea da, horren guztiaren atzean teknikak daudelako, azalpen zientifikoa. Batzuetan zaila da hori sinistea eta horretan datza jolasak, guk egiten ditugunak ezinezkoak direla pentsatzean. Baina nik egiten dudan guztiaren atzean azalpen zientifiko bat dago. Zientzia gauza guztien atzean dago, baita nola edo zergatik gertatzen diren ez dakigun gauzen atzean ere. Zientifikoak ez diruditen egoeren aurrean ez genuke bestelako azalpenetara jo behar, horrek txikiagoak egiten gaituelako eta engainatzen errazagoak.

Buruaren indarrean sinisten duzu, baina, era berean, jakitun zara burua manipulatu daitekeela. Tristea, ezta?

Tira. Askeagoak izateko lehen urratsa manipulatzeko modukoak garela onartzea da. Gure burua nahiko alferra da eta askotan ahalik gutxien ahalegintzen da, bide errazena aukeratzen du, gauzak automatikoki egiten ditu... Horrek esan nahi du askotan ez dituela gauzak bitan pentsatuko, betiko joeretara joko duela, besteek espero dutena pentsatuko duela... eta eremu horretan primeran moldatzen naiz ni. Jendeak pentsatzen du nik beren buruan gertatzen dena irakur dezakedala, ikus dezakedala. Bai, baina ez dut egiten haiek uste duten bezala.

Nola igartzen duzu jendearen buruan gertatzen dena?

Gogoa irakurtzeko hiru modu daude. Lehena: nik nahi dudana pentsarazi ahal dizut zu horrekin konturatu gabe. Bigarrena: egoera berean jende gehienak pentsatzen duena pentsa dezakezu zuk ere. Horretarako nahikoa da pertsonok egoera jakinetan nola pentsatzen dugun ezagutzea. Liluragarria dirudi, baina uste duguna baino askoz zientifikoagoa da. Eta, hirugarrena: pertsonak berak, konturatu gabe, zer pentsatzen duen esaten dizu. Gorputzaren lengoaiaren bitartez, hitzezkoa ez den komunikazioaren bidez...

Horren arabera, aurreikusteko modukoak gara eta denok modu bertsuan pentsatzen dugu.

Testuinguru batzuetan bai, eta, beste batzuetan, ez hainbeste. Baina egia da erabakiak hartzerako orduan, modu bertsuan hartzen ditugula. Erabakiak hartzen ditugunean modu arrazionalean egiten dugula pentsatzen dugu, baina zientifikoki frogatuta dago ez dela horrela: kasuen %80an emozioek eta subkontzienteak dute pisu nagusia erabakiak hartzerakoan. Eta, gero, nola edo hala, arrazionalizatu egiten ditugu gure erabakiak, gure pentsaera eta jokaera justifikatzeko.

Adibidez, behar ez ditugun zapata batzuk erosten ditugu, bulkadaz. Eta behin erosita, ospakizun bat suertatzen bazaigu ere badaezpada erosi ditugula esaten diogu gure buruari, justifikatzeko. Denok egiten ditugu horrelakoak.

Pertsonaren pentsatzeko moduaren ezagutza hori entretenitzeko erabil daiteke, baina baita bideratzeko eta manipulatzeko ere.

Zalantzarik gabe. Psikologia sozialak liluratu egiten nau, limurtzeko teknikek bereziki. Gure jokaera eta erabaki guztien atzean psikologia sozialaren sei-zazpi arau daude. Horretara mugatzen da dena. Marketinean dabiltzanek ondo ezagutzen dituzte teknika horiek eta gu horien jakitun izanda ere, funtzionatu egiten dute. Ni ere erortzen naiz horietan.

Kezkatu egin beharko genuke? Ez nau kezkatzen ni limurtzea, konbentzitzea, modu etikoan egiten badute. Adibidez, mentalista baten ikuskizunean, jendea harritu egiten da, liluratu. Haiek ondo pasatzen dute eta mentalistak ere bai. Bi aldeek irabazten dute.

Salerosketen alorrean, garrantzitsua da bi aldeek irabaztea, ez batek bakarrik. Adibidez, auto bat primerakoa dela esaten badidate, horrekin konbentzitzen banaute, auto horrek agindu bezalakoa izan behar du. Bestela ez da konbentzitzea, manipulatzea baizik. Eta batean zein bestean teknika berdinak erabiltzen dira, baina batean modu etikoan, eta, bestean, ez.

Zure hitzaldietan esaten duzu Bob Esponja bezalakoa izan nahi duzula, baikorra eta ondo pasatzen duena.

Bai. Umetan beti esaten nuen ez nuela serioa izan nahi. Arduratsua izan nahi nuen, baina ez serioa. Badirudi seriotasunaren izenean ezin dela jolastu, ezin dela ondo pasa, lasai barre egin... Badirudi profesionaltasunaren izenean hori guztia albo batera utzi beharra dagoela. Eta uste dut erabat kontrakoa dela.

Enpresetan egiten ditudan formakuntzetan, hasieran batzuk zurrun eta serio egoten dira, baina berehala eranzten dute parte hori. Ondo pasa dezaketela eta dinamiketan parte har dezaketela ikusten dutenean, berehala aldatzen dute jarrera ia denek. Pentsatzen dut hori dela pertsonen eremu naturala. Bestea, serioaren katamaloa, ez da naturala. Baina ez dakit zergatik, jendartean profesional onak serioa izan behar duela pentsatzen da, ideia hori dago guztiz orokortuta. Uste dut oso-oso garrantzitsua dela ez ahaztea ondo pasatu dezakegula, dibertitu egin gaitezkeela, eta profesional onak izan. Kontziente naiz beti ez dela erraza, askotan gustatzen ez zaizkigun lanak egitea egokitzen zaigula, egoerak beti ez direla errazak... Baina, era berean, hori hobetzeko aukerarik txikiena baliatu beharko genukeela pentsatzen dut.

Gure zaletasunekin eta pasioekin konektatzeko daukagun aukera oro baliatu beharko genuke. Ez bakarrik gure buruagatik, baita gure inguruan ditugun pertsonengatik ere. Azken finean, haiek sufritzen gaituzte edo gozatzen gaituzte, gure egoeraren arabera. Badakit, hala ere, hori esatea erraza dela eta egitea zaila.

Zure ustez, pertsona oro izan daiteke aparta zerbaitean.

Jakitun naiz esaldi ponposo horiek handiegiak suerta daitezkeela batzuetan. Baina benetan pentsatzen dut denok izan gaitezkeela apartak, bikainak, zerbaitean. Denok daukagu gustura egiten dugun zerbait, dibertitzen gaituena, orduak eta orduak konturatu gabe kentzen dizkiguna, eta, gainera, erabat betetzen gaituena. Badakit ez dela erraza hori topatzea, baina konbentzituta dago denok daukagula hori barruan.

Barruan zirrara hori sentitzen duenak, ez luke besterik gabe utzi behar, emozio soil batean. Sentipen horretan arakatu beharko luke, ikertu egin beharko luke. Ez dut esaten dena utzi beharko lukeenik sentipen hori izan duelako, baina ikertzen hasi beharko luke, zaletasun modura agian. Guretzako denbora hartzea oso garrantzitsua da. Eta gu hobetzen garen neurrian, inguruko pertsonak ere hobetuko dira, gurekin gozatuko baitute.