Iñaki Altuna

Hauteskunde zikloa eta nazio eremua

Hauteskunde zikloa abiaraztera doa, abiatu da dagoeneko. Berez, maiatzeko udal hauteskundeak genituen lehen hitzordua, baina Estatu espainoleko hauteskunde nagusiak aurreratu izanak hurrenkera aldatu du. Ipar Euskal Herrian, berriz, datorren urtean dira herriko etxeetako hauteskundeak, eta, jakina, faktore hori hiru probintzietako indar politiko zein hautetsi guztien buruetan da dagoeneko, batez ere lehiara aurkeztuko diren hautagaien buruetan. Auzapez batzuek errepikatuko dute eta beste zenbaitek ez direla aurkeztuko iragarri dute. Azken bost urteotan hautetsiok konpromiso handia azaldu dute Euskal Herrian izandako gertaera nagusiekin, hala nola, armagabetzearekin, presoen eskubideen aldeko dinamikarekin edota, Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeekin lotuta, instituzionalizazioarekin, besteak beste. Udalbatza berrietan konpromiso maila hori berretsi eta errepikatzeak hauteskunde prozesu honen helburuetako bat izan beharko luke, kateak etenik izan ez dezan.

Harrabots mediatikoa, nolanahi ere, Hego Euskal Herrian handitu da azken egunotan, eta, maila handi batean, agenda Estatu espainoleko giroak markatzen digu; ohi denez, gehiegitxo. Berriro ere berezko agenda bat egituratzeko eta lantzeko arazo franko ditugu. Dependentziaren patua.

Ezin dugu, horratik, ezikusiarena egin. Ultraeskuinaren eta espainolismo sutsuaren gorakadak eragina izango baitu gurean ere. Autonomien Estatua bera ere gehiegikeria bihurtu zaie. PPk transferentzien kontra Espainiako Senatura eramandako ekimena adibide bat baino ez da. Katalunia eta Euskal Herria kate motzean lotzeko gogoa gero eta nabarmenagoa da.

Bere burua ezkertiartzat jotzen duen gobernu alderdiaren aldetik, Pedro Sanchezen alderdiaren aldetik alegia, ez da azkenean aurrerapauso handirik izan, hasieran batean, zenbait gaitan, adierazpen itxaropentsuak egin bazituen ere. Baina eskuinak beste muturrera egin die tira eta, ezin dugu gure burua engaina, PSOEren DNA beti-betikoa da. Alfontso Guerraren eta Felipe Gonzalezen DNA, azken finean.

Zoritxarrez, ezkerrean ez da ausardiaz jokatzeko moduko indar eta mugimendurik atzematen. Gogoratzea besterik ez dago zer gertatu zen bandera zurien ekimenarekin. Elkarrizketaren aldekoa omen zen ekimena independentismoaren aldebakarreko bidea inoiz baino indartsuagoa zegoenean sortu zen, baina, aldiz, Estatu espainolak 155. artikuluarekin erantzun zuenean, egun batetik bestera desagertu egin ziren oihal eta kamiseta zuriak. Felipe VI.a erregeak bere mezu gotorra egin ostean ez zuten elkarretaratze bat gehiago egin.

2011n 15M mugimendua jarri zen martxan, eta 78ko erregimenaren giltzarrapoa puskatzeko ideia indartu zen, alternatiba politiko bat sortzeraino. Podemosek sekulako indarra hartu zuen hautetsontzietan, bereziki, ez da datu hutsala, Katalunian eta Euskal Herrian. Halere, Euskal Herrian 2011 hartan Bilduren fenomenoa sortu zen, indartsu, ezker abertzalearen estrategia aldaketaren ondorio gisa. Gerora, errealitate sendoa dela erakutsi du, gorabeherekin bada ere. Ahal Dugu-Podemosek, ordea, gainbehera egin du, zenbait pasarte negargarri tarteko, Nafarroako krisia kasu.

Aipatutako guztitik atera daitekeen ikasgaia nahiko argia da: estaturik gabeko nazioak dira aldaketa demokratikoak eragiteko eremurik egokienak, baita eskuineko oldarraldiari aurre egiteko ere. •