Itzea Urkizu Arsuaga

Paradisuaren kaiolak

Gureak maite ditugu gehien: mendiak, hizkuntzak, bazterrak eta festak. Gureak. Noan, bada, izenordain arriskutsuegiaren aitzakian, Tolosako inauterien apologia egitera. Halakoetan, bertakoak sentitzen baitu, kanpotarrak ez duela erabateko zilegitasunik, ospakizun horren bueltako usadioekin hunkitzeko: danborrada donostiarrentzat, eta Riau-riaua iruindarrentzat, lehen, orain eta beti. Arrazakeria folklorikoa.

Eta, “-keria” galanta izanagatik, ezin uka, norbere oasiaren mapa ez duela, inork, norberak baino hobeto ezagutzen. Horixe baitira, tolosarrontzat, inauteriak: sei eguneko paradisu efimeroa; egutegi satiriko bat, hamabi hilabete zimurrago garela ikusteko, eta ze ondo. Inauteriak errutinazko adrenalina dira; maitemintze kolektibo bat, gure itxuraldatzearekin, gure eztarri urratuekin eta gure Alde Zaharraren akustika perfektuarekin. Eta, bai, hori ere bai: Tolosan, inauteriak urte osoko hizpide eta topiko errepikakorra dira, nahiz eta, ustez, inauterietan gertatutakoa, inauterietan geratzen den.

Ustez. 2011ko Ostegun Gizena baitzen gure herrian, Gure Kaiola elkartean, urteroko bazkideen afarira bi emakume joatekoak zirelako, 70 bat bazkide –gizonezko, esan gabe doa– mahaitik altxatu ziren eguna. Gerora, albiste eta erreportajeen bazka izan zen gaia eta, denborak ahanzturari eskua emana zionean, Glaukomaren “Gure Kaiola” singleak hartu zituen Euskal Herriko parrandak eta Spotify zerrendak. Egileen berrespenik gabe bada ere: ez, esango nuke izenburuarena ez dela kasualitatea.

Jakin berri dut lehen emakume bazkidea sartu dela Tolosako elkarte zaharrenetakoa den horretan, eta garai berriak ospatu nahi nituzke, baina ezin dut. Ezin dut, maitemintzen nauten inauteri berberek baztertzen nautelako, oraindik ere, herriko zenbait gotorlekutan; diru publikoz lagundutako zenbait elkartetan, eta haien txarangetan.

Datozen egunotan, gal gaitezen norbere oasiaren lurraldean, maparik gabe, eta zahartu gaitezen inauteri bat gehiago. Baina, inauterietan gertatzen dena, ez dadila inauterietan geratu: gureek zabalik behar dituzte kaiolak. •