Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Zerbait

Denbora ez dela berdina denontzat. Badirela denboratik eta espaziotik haragoko Zulo Beltzak. Badirela izarrak, orain dela milaka urte itzali ziren arren, gure gauak argitzen dituztenak. Eta burua estutuko nuen umetan, gurea ez zen denbora horrek zer esan nahi ote zuen igarri nahian. Filmetan bilatu nuen erantzuna: espazioan urtebete egin eta Lurrera mendeak igaro ondoren iritsitako astronauten istorioetan. Edo fantasiazko beste pelikula hartan bestela; nola protagonistak bueltan tximinoek menderatutako pertsonekin egiten zuen topo: tximinoen eskulturak eta tximinoen neurrira egindako mundu hura. Eta filmetako erantzunak ahitzerako zuri-beltzezko aspaldiko argazki hura: Lurra Ilargiaren krater eta hauts artetik ikusia. Eta begiak ñarrotuta kontinenteak arakatuko nituen; Europa eta Europaren bihurgunean Kantauri eta Kantauriren kontra Euskal Herria eta Euskal Herriaren iparraldean Añorga aurkitu nahian. Ordura arteko nire ardatz geografikoak apurtu zituen argazki hura.

Geroztik nire buruari sarritan egin izan diodan galdera da ea espaziotik begiratzen digunak zer ikusiko ote duen gure bizimoduetan. Aurkituko ote dion osotasunik gure mundu zatitu eta zatikatu honi, liburu batetik begirada pixka bat jaso eta hizkiak hitz eta hitzak esaldi bilakatzen diren gisa berean. Hemen ere Einsteinen teorian bezain erlatiboa da denbora; hauteskunde kanpainatik kanpainara doaz egutegiak; mundua aldatuko omen dute gure boto-paperek. Hemendik maiatzera bitarte politika ariko da bazter guztietan, abuztuko iluntze sargorietako zaparraden gisan: mitinak, bideoak, elkarrizketak, memeak eta txioak; politika kontsumo-objektu bilakatua, erabili eta bota, botoa bezala. Eta igaroko da maiatza eta berriz ere burua makurtuko dugu egunerokotasuna deritzogun inertzien diktadura horretara. Egunerokotasuna, batzuetan, hauteskundeak baino politikoagoa izan arren.

Mundua Lurretik haratagotik begiratzearen parekoa izan behar du leku bati denboraz kanpotik erreparatzeak. Hirian obratan hasi, lurra zulatu, eta hoditerien, estolden eta hondakinen artean, bat-batean, jada desagertu den espezie baten fosilak aurkitzeak. Aspaldiko zibilizazio baten pintura edo tresnekin topo egiteak. Hemen, adibidez, Donostiaren erdiguneko aldamio-arte honetan. Haurrak hara-hona parkean, jendea erosketa-poltsekin dendatik dendara, etxe baten burdinazko hezurdura jotzen duen mailuaren hotsa, garabiak bueltaka, hondeamakinako langile kaskoduna parean daukanari oihuka. Eta, ustekabean, lurpeko plastikozko hodien, hondar altxatuaren eta pintadaz jositako panelen artean, zerbait. Zerbait berehalakotasunak irentsiko ez duena, erakutsiko diguna zaharberritzeaz gain sortu ere egiten dugula; gure gorputz eraiki eta bizimodu prekario hauetan, egunean-egunean bizitzeaz gain aurrera ere bagoazela. Izan ere, mundua inertziaz jirarazten duen ardatza mugitu ezean, dena aldatzen den arren, aldatzen al da zerbait? •