Saioa Aginako Lamarain
Psikoterapeuta

Ikusle efektua

Bazen behin, hiri txiki eta panpox batean, egunero bizikletan lanera joaten zen emakume bat. Egun batean, etxetik atera zenean, txirrindularekin batera euritako kapa hartu eta betiko ibilbidea egiteko asmoarekin atera zen etxetik. Bizikleta ataritik atera, ezkerrera biratu hondartzaraino eta bertan, bidegorria hartuta, zuzen egin zuen erdiguneraino. Guztia motelago egin zuen, euriak lurra labaingarri utzi zuelako. Hala ere, abiadura geldotzea ez zen nahikoa izan, eta, balaztatze baten ondorioz, kontrolarekin batera oreka ere galdu eta lurraren kontra jo zuen. Segundo bat, bi, hiru, lau... denbora aurrera zihoan gertatutakoaren kontzientzia hartu, mina baretu, kalteak ezagutu, zutitu eta bizikleta, berriz, esku artean hartu arte. Tarte horretan, kalean jendea ibili arren, inor ez zen emakumeari laguntza eskaintzera hurbildu. Inor ez. Eta belauneko zauri txiki bat, galtzerdietako orbanak eta uneko sustoa eta zorabioa soinean eramanda, bidea jarraitu zuen, egunero bezala, besteetan bezala, ustekaberik gertatu ez balitz bezala, bakarrik.

Noizbait ikusi duzue zuen burua kontakizuneko emakumearen antzeko egoeraren batean, non ezustekoren bat gertatu zaizuen eta inor ez den laguntzera hurbildu? Edo agian beste aldean zineten, ikusle moduan alegia?

Inguratzen gaituen kulturan heziak izan garenok, gainerakoak, haiek gu tratatzea gustatuko litzaigukeen bezala tratatzera ikasi dugu. Hori da guretzat «gizatiarra», zuzena ere bai; horrela helarazten digute behintzat gurasoek eta lagunek. Heziketaren bitartez, estualdietan dauden pertsonak laguntzen ikasten dugu. Hala ere, ez dugu beti egiten, zer dela eta?

Beste pertsona batek izandako ezbeharren aurrean, erantzunik eman gabe, ikusle huts bezala mantentzearen jarrerak, psikologia komunitatean aztertua izateko besteko interesa piztu zuen XX. mendeko 60ko hamarkadan Ameriketako Estatu Batuetako emakume bat ikusle jarrera hartu zuten lekukoen aurrean eraila izan eta gero. Geroztik, ikerketen emaitzek erakutsi dute larrialdi egoera batean dagoen pertsona batek laguntza jasotzeko aukerak gutxiagotu egiten direla inguruan lekuko gehiago daudenean, lekuko bakarra dagoenean baino. Hau da, zerbait gertatzen bazaigu jende ugari dabilen kale batean, laguntza jasotzeko ditugun aukerak urriagoak izango dira kalean bizpahiru pertsona ibiliko balira baino.

Ematen duten azalpena honako hau da: lekuko ugari daudenean, bestea laguntzeko erantzukizuna ikusle guztien artean banatzen da. Horrela, ikusle arduragabe bihurtzen gara, laguntza ez ematearen gaizkide. Azken finean, ardura besteengana hedatzen dugu, gurea hartzen ez dugun aldi berean. Guztiok gara erantzule, baina, aldi berean, inor ez da erantzule. Hein batean, laguntza beste batek emango duela pentsatzen dugu, eta, aldi berean, gure laguntza eskaintzeak izango lituzkeen kostuak eta onurak neurtzen ditugu, hau da, mina hartu dezakegun, egoera korapilatsu batean nahastuko ote garen, benetan lagungarriak izango garen, denbora galduko dugun... aztertzen dugu. Nahi beste aitzakia jarri ahal ditugu.

Argi dagoena da, modu xumeenean bada ere, beti lagundu genezakeela, galdera batekin interesa agertzen, ondoan egoten edo laguntza topatzen laguntzen. Laguntza behar dugunean, norbait ondoan edukitzea, lagungarria da bere baitan. •

saioaaginako@gmail.com