Joana Garmendia

Putak eta emakumeak

Behin Ameliaren ondoan bazkaldu nuen. Ez genuen elkar ezagutzen, baina erraz topatu genituen kontutarako gaiak. Nola ez dakidala, prostituzioari buruz hasi ginen hizketan. Berak argi zuen bere postura: prostituzioaz ari garela, abolizioa da aukera bakarra. Ez dakit nik zein iritzi nuen berarekin hartaz hasi baino lehen, baina berdin zion: Ameliak lehenengo pertsonan hitz egiten zidan prostituzioaz, sexu-indarkeria sistematizatuaz eta errepide-ertzetako putetxeez. Nire postura ere oso argi neukan, bada: isildu eta entzun.

Bizi izan dituenez harago, prostituzioa eta emakumeen aurkako indarkeria ikerketagai ere baditu orain Ameliak. Horrelakoetan, alor teorikoagoetan-edo ari garenon lanak urrunagokoa dirudi; errealitateari ez hain lotua edo. Zer ote da bada hizkuntzaren azterketa, gure bide-bazterretan diru-truk neskak bortxatzen dituztela entzuten ari naizenean. Bada, ez, horretan ere zuzendu ninduen Ameliak: hizkuntzak ere egin dezake min, hizkuntzak ere itxian dagoenari itzal egin diezaioke.

Emakumeak bortxaz prostituziora behartzeaz ari ginela, “trata de blancas” esapidea erabili nuen nik, mila aldiz entzun dudan terminoa errepikatuta, baina euskaraz nola esan ez nekiela. Ameliak, mila aldiz egin duenaren lasaitasunez, zuzendu egin ninduen: ez erabiltzeko esapide hori, mesedez, mingarri zitzaiola. Azaldu zidan, emakume europarrekin salerosketan hasi zirenean sortu zela kontzeptu hori; emakume zuriak (ere) prostituziora behartzen hasi zirenean, alegia. Ordura artean, ohikoa omen zen emakumeak saldu eta erostea, edo haiek bortxaz behartzea: emakume beltzekin edo beste leku batzuetakoekin egiten omen zen hori, ordea, ez europar zuriekin. Beraz, emakume beltzek ez zuten eskubiderik, haiek sal zitezkeen, edo bortxatu, edo erosi. Hori ez zen arazo. Horregatik esan zitzaion “(emakume) zurien salerosketa”: emakume zuriak, eta soilik haiek, saldu edo erostea baitzen izendatu nahi zena.

Gaur egun, jakina, desberdin ulertzen dugu arazoa. Esapide zahartua erabiltzen dugunok ere ez dugu usteko, gehienok behintzat, emakume beltzak saltzea edo bortxatzea ondo dagoenik. Esapideak berak, ordea, ez du arazoa egoki islatzen. Nik, isildu eta entzun: esango dut, beti, “trata” edo “pertsonen trata”.

Euskaraz ari ginen biak jo eta ke, baina behin eta berriro gaztelaniazko maileguen premia neukala ohartzen nintzen. Ezagutzen ditut euskarazko hitzak prostituzioaz aritzeko, baina historia handirik jakin beharrik ez dago horien atzean gordetzen den ideiari antza emateko. Emagaldu, ematxar, urdanga: euskaraz, agidanean, argi daukagu nor den txarki ari dena prostituzioaren jokoan.

Prostituzioaren auziak agerian uzten du giza gatazka gehienak nahasten direla denak batean: nahasten dira emakumeen zapalkuntza, eta arrazakeria, eta pobrezia, eta zer ez. Esango nuke joan berri den Martxoaren 8ko aldarrikapen feministek ere erakutsi dutela hori: emakumeen aurkako bortxa mota asko dagoela, baina horiek denak datozela bat eginda bestelako gizarte-zapalkuntza motekin. Eta hizkuntzak garrantzia duela, diskurtsoa zaindu behar dela, hitzek min egiten dutela; hori ere islatu du Martxoaren 8koak. Egun horren bueltan kezkatuta zebiltzan gizonezkoei, beraien posturak nolakoa behar lukeen asmatzea ardura nagusi zuten haiei, zein leku hartu, zein leku utzi, nahastuta zebiltzanei, horiei ere erakutsiko ote zien zerbait: isildu eta entzun. Behingoagatik bada ere. •