Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Tulipanak eta udalak

Gau batez, lapur batzuek hesiaren gainetik jauzi egin zuten eta Charles dÉclusen lorategi botanikoan sartu ziren. Leideneko Unibertsitateko irakasle hark Otomandar Inperiotik iritsitako lore berezi batzuk hazten baitzituen bertan: tulipanak. Ordura arte unibertsitatean ezkutatuta egon ziren lore eder haiek modako objektu bihurtu ziren XVII. mendearen hasieran. Merkatari eta burgesen artean, tulipanik ederrenak izatea harrotasun eta aberastasun sinbolo bihurtu zen. Urte gutxiko epean, tulipanen erraboilen prezioak gora eta gora egin zuen. Obsesio bihurtu ziren tulipanak, elkarrizketa guztietan presente. Harik eta, 1637ko otsailean, burbuilak eztanda egin zuen arte.

“Tulipmania” deitu zena, lehen finantza krisia bezala da ezaguna. Herbehereetako Urrezko Aroan gertatu zen. Ondorengo finantza krisiak ere garai optimisten ondoren etorri dira. XIX. mendearen bukaerako krisia inperialismoaren harrotasun burges eta arrazistaren baitan gertatu zen. 1929ko crash izugarria, 20ko Hamarkada Zoriontsuaren bukaeran. 2008ko krisia, digitalizazioaren garai yuppie eta postmodernoan. Historian falta genuena, garai triste batean prozesu espekulatiboa zen...

Azken gainbehera ekonomikoaren ostean, ez gaude gehienok positibo. Errepikatu da, behin eta berriro, oraingo haurren bizi maila eta lan baldintzak, beren guraso eta aitona-amonenak baino eskasagoak izango direla. Historiak orain joera hori balu bezala. Ezer egin ahalko ez balitz bezala. Baina historia ez da anonimoa. Berez, ez doa inora. Batera edo bestera jotzen badu, batzuen edo besteen interesak gailentzen direlako da. Populazioaren gehiengoaren egoera okertu egingo dela sinetsarazi nahi digutenak, orain etxebizitzen burbuila espekulatibo berri batean sartuta gauzkate. Eros ezazu etxe bat! Gero pobreagoa izango zara eta ezingo duzu ordaindu! Aldi berean, turismoaren eta gentrifikazioaren apologia da nagusi erakunde eta komunikabide nagusietan. Fenomeno espekulatiboari ezikusiarena egiten zaio eta guztiontzako aukera ekonomiko bailiren saltzen dizkigute bai gentrifikazioa eta bai turismoa.

Bi prozesu horiek sakon gertatu diren hirietan, aldiz, argi ikusi da zeintzuk diren ondorioak. Batetik, alokairuen eta etxebizitzen prezioaren igoera, eta, beraz, familiek soldaten zati gero eta handiagoa erabiltzea bizileku duin bat izateko. Bestetik, jabetzak inbertsio funtsen eskuetan pilatzea. Fenomeno horiek ez dira berez gertatu, prozesuan zehar interes zehatz batzuk gailendu direlako baizik. Berlineko herritarrak orain arteko tendentzia aldatzeko lanetan dabiltza. Udalak funts espekulatiboen esku dauden milaka etxebizitza desjabetu ditzan eta modu publikoan kudea ditzan, erreferendum bat sustatzen ari dira.

Garai neoliberaletan, erakunde publikoak elitearen interesen bozgorailu akritiko izan dira. Berlineko herritarren adibidea jarraituz, udalek paper garrantzitsua hartu beharko dute aurrerantzean, gehiengoaren interesak defendatzeko balioko badute. Udalek eta erakunde publikoek bizitza duinaren gutxienekoen berme bezala aldarrikatu eta berrasmatu behar dute beren burua. Helduleku positiboak behar ditugu, eta tokiko erakundeek ilusioari ateak ireki behar dizkiote berriro. •