Itzea Urkizu Arsuaga

Ile batzuen baitan

Zabaldu zutenetik, behin baino ez nintzen hemen etzan. Kiroldegiko spa gunea da, saunaren eta hidromasajearen arteko atseden lekua; “plo-plo” deitzen diogu guk. Ostirala da, zinez aste motela izan da eta, kirol saio baten ondoren merezi dut, hamaka horietako batean etzanda munduari begiratzea.

Belaun gainetatik ikusten dut igerilekuko leiho erraldoia; hantxe ari da jendea, jo eta su, astea norbere buruarekin gustura amaitzeko ustez egin beharreko lanak biribiltzen. Baina hanketara itzuli zait begirada. Depilatu gabe nago, bai; bainujantziarekin, hamaka batean etzanda, lasai. 12 urte atzera eginda, segur aski, ezingo nukeen egoera hori bera gorpuztu. Ile batzuen baitakoa ere izan daiteke jazarpena. Pentsatu dut ahalduntze txiki bat dela, eta enegarrenez eskerrak eman dizkiet astroei, behinola lerratu baitziren, nire bizitzaren erlojurik eta termometrorik onena feminismoa izango zela erabaki nezan. Garuna Martxoaren 8ra joan zait, ezinbestean: “Morea. Ahizpatasuna. Negarra. Poza eta nekea. Mugarria. Ahaztezina eta indargarria. Politikoa”. Eta hitz horretan eten dut pentsamendua, aurreko guztiak azaltzen dituelako, eta bere baitan hartzen.

Pentsatu dut emakume askok ez dutela hamaka honetan etzanda egoteko aukerarik izango, ez ostiraletan, ez inoiz. Seme-alaben bila joan direlako, gaixorik dagoen osaba zaintzea tokatu zaielako, edo kiroldegiko sarrera ordaintzea luxua zaielako. Aisiarako tartetxo bat hartzeak iluntzean jipoi bat ekar liezaiekeelako. Edo laburregiak direlako interna lanaren atsedenaldiak, igerilekuekin pentsatzen hasteko.

Berriro belaun-buruetara jo eta pentsatu dut Martxoaren 8a bezalako egunek eta hara iristeko bideek balio behar digutela gure gorputzen askatasuna aldarrikatu eta askatze horietara iristeko; baina ez horretarako bakarrik. Bigarren greba feministaren arrakastak eta haren mezu argiak ezin gaitzakete beste ezertara eraman: hanketako ileak kentzea arau bilakatu duen sistema eraitsi eta gutako bakoitzaren bizitzaren beharrak eraikitzera. Bizitza Martxoaren 8 eternal bilakatzera. •