Ula Iruretaghoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Lurraldearen kutsadura

Osasunarekin harremanean diren bi berri iltzaturik gelditu zaizkit —eta ez, ez dute Jaurlaritzako Osasun sailburuaren kargu uztearekin loturarik— eta batak eta besteak sortutako zurrunbiloetatik argudio bat harilkatzen saiatuko naiz. Batak dio, Bartzelonako Ciutat Vellako hirigunearen aire kalitateak 2018. urtean 354 biztanle hil dituela, eta beste hainbeste gaixo utzi dituela. Trafiko istripuen arriskuak ongi sozializaturik dauden bitartean –konparatzerako, iaz 165 heriotza sortarazi zituzten Bartzelonako hirian–, aire kutsadurak eragindakoen datua isilpean gelditzen da oraindik –ikusgarritasun faltagatik seguru aski–. Aire kutsadura larriagoa da hirigune katalanaren kasuan, autoen trafiko zoroari gaineratzen zaizkiolako kokapen geografikoaren eragina –mendikateak mugatua eta kateatua– eta goraldian dagoen portuaren aktibitatea –turismo-ferryen trafiko igoera–. Kutsadura atmosferikoak ez ditu mugak ezagutzen eta ez du gorputz bereizketarik egiten, izan bankari edo souvenir saltzaile.

Bigarren berriak dio, munduko errenta altuko biztanleriaren bizi-ohituren kontsumoak eragiten duen aztarna ekologikoa errenta baxukoena baino nabarmen altuagoa dela. Munduko biztanleriaren %10ak sortzen omen du kontsumo ohiturek sortarazitako munduko CO2 igorpenen %49. Gutxi batzuek Planeta asko zikintzen dute eta beraz gutxi batzuen ohitura aldaketek eraginkortasuna izango lukete mundu mailan, ohiturok aldatzekotan. Kutsaduraren aurrean erantzukizun indibidualak zerrendatzekotan bagina, kapital handiko norbanakoek ardura gehiago lukete gainontzekoek baino. Ematen baitu urrezko txartela poltsikoratzeak berekin dakarrela xahutzean oinarrituriko bizimodu ohiturak praktikatzea eta kutsatzeko eskubide edo legitimazioa eskuratzea. Jet pribatuan mugitzea, lurralde zati handiak familia bakar baten bizitoki bihurtzea, golf zelai partikularra izatea... Paradoxikoa dirudi guztiz lizunak diren eta zikintasuna sortzen duten ohiturok luxu gisa gizarteratu ohi direla, langileontzat eskuragarri ez den bizimodu baten ikur. Bizimodu ohituron funtsa indibidualtasunean eta pribatizazioan oinarritzen da –kapitalismoaren biblia–, eta ohiturok kolektiboki konpartitzen dugun atmosferaren poluzioaren gainetik jartzen dira.

Kutsadura atmosferikoaren erruz egin daitekeen osasun-arriskuen mapak gizarte-klaserik gabekoa ematen duen arren, ez da klase irakurketatik aldendu behar. Lurraldearen ezaugarri fisikoak homogeneoak ez direnez gero, arriskuak ez du berdin eragiten lurraldearen gune guztietan, eta, beraz, arrisku-maila ezberdinak ematen dira. Eta pribilegiodun esparruok salgai jartzeko aukera dagoen unetik, kutsadura eta osasun mapak ez du berdin eragingo bankariarengan edo souvenir saltzailearengan. Eta automatikoki, ikusgai ez den arrisku baten mapifikazio hutsa botere-tresna bilakatzen da, ezberdintasunak kontrolatzeko espazio berriak sortzen direlako. •