Ramon Sola

Duela hamar urte eskaseko aspaldiko Euskal Herri hura

Datorren hauteskunde zikloak arreta guztia xurgatuko du, eta zurrunbilo horretan guztiz itota geldituko da hainbat urtemuga borobil. Esaterako, laster hamar urte beteko dira ETAk azkeneko hilketak egin zituenetik. Hamar urte ere ezker abertzalearen irauli estrategikoa abian jarri zenetik. Hamar urte, ilegalizazioa baliatuz, Patxi Lopez EAEko lehendakari bilakatu zenetik. Eta hamar urte ere krisialdi ekonomikoak Estatu espainola (eta gu geu beraiekin) zulo beltzean sartu zuenetik. Hautetsontziei ekin aurretik, ariketa interesgarria da hari guztiari gainbegiratu bat ematea, aurrerantzean datorrenari perspektiba egoki batekin ekiteko.

Gordinenetik hasita, duela hamar urte eskaseko aspaldiko Euskal Herri hartan hauteskundeak ETAren borroka armatuak zein Estatuak ezarritako ilegalizazioak goitik behera baldintzatzen zituzten. Bi datu baino ez: 2008ko Estatuko hauteskundeetako kanpaina uste baino lehenago bukatu zen ETAk Arrasaten Isaias Carrasco PSEko zinegotzi ohia hil zuelako, eta, 2009ko EAEko hauteskundeetan, boz kopuruan gutxiengo nabaria izan arren, Lehendakaritza hartu zuten indar espainiarzaleek. Itxura guztien arabera (eta hala egiaztatuko zen) behin-behineko lehendakaria baino ez zen Patxi Lopez EAEn, baina, Nafarroan, Mexikoko PRI beraren antza ari zen hartzen UPN: bosgarren legealdia agintean kateatua zuen Miguel Sanzek eta Iruñeko Udalean jada ez zen Yolanda Barcina alkateaz hitz egiten, Barcinatoaz baizik. Erantsi behar da, lurralde elkargorik gabe, Ipar Euskal Herrian ez zela lehendakaritzat hartzeko moduko inor.

Gatazkaren alde armatuak, jakina, hauteskundeez haratagoko eragin handi-handia zuen, eta ondorio negargarri asko. 2009ko ekainean ETAk Arrigorriagan Eduardo Puelles poliziaburua eta uztailean Mallorcan Carlos Saenz de Tejada eta Diego Salva guardia zibilak hil zituenean, zaila zen Rubalcaba Barne ministroaren «indarkeria ziklo luze bat dator» iragarpena ukatzea. Ez zuen Rubalcabak berak, noski, kontrakoa ahalbidetzeko ezertxo ere egiten: eguneroko ogia jada ez, baina astero edo hileroko kontua zen oraindik ere tortura, 750 preso biltzen zituen EPPK-k eta 30 urtetik 40 urtetara igo berria zuten gehieneko espetxealdia. Indarkeria ziklo luzea, bai horixe. Inflexio-puntu baten bila buru belarri ari ziren ezker abertzaleko kideen aurka egingo zuten 2009ko urrian –politikatik Rubalcabak eta auzitegietatik Garzonek–, Arnaldo Otegi eta gainerakoak kartzelatuz; berandu iritsi ziren, ordea, dena aldaraziko zuen eztabaida jada sareturik zegoelako.

Espainiari begiratuz gero, G8 taldean sartzeko ameskeria bete gabe joana zen Jose Maria Aznar, baina oraindik itxura osasuntsua ematen zuen Estatuak bai barruan bai eta nazioartean ere. Jose Luis Rodriguez Zapaterok gizarte eskubideen arloan eginiko aurrerapenak Espainia berri baten seinaletzat hartzen ziren. Krisialdi ekonomikoak oraindik ere Ozeano Atlantikoaz bestaldeko kontua zirudien (2010eko maiatzera arte ez zen Madrilen bortizki azaleratuko). Erregearen ehiza-txangoen berri ez zen oraindik, ez eta alabaren senarraren harrapaketena ere. Eta Mediterraneo aldea bare-bare zegoen: Kataluniako Estatutu berriak bide egiten zuen begi bat Konstituzionalean jarrita, Diada jai egun folklorikoa baino ez zen eta ANC bera oraindik ere sortu gabe zen.

Hauteskunde ziklo hau iristear dela, modako esaldia da: egungo hilabete bat lehengo urte baten parekoa da. Baina hamar urte hauek mende oso bat dirudite. •