Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Normaltasunik ez dago

Londrestik Euskal Herrira begirada ematea da zutabe honen helburua eta Brexitaren inguruko nahasmenaren eta parlamentua ematen ari den irudi lotsagarriaren aurrean, fribolotzat hartuko da beste edozein gauzari buruz idazten badut, are gehiago liburu bati buruz idaztea buruan darabilkidan honetan. Onartu behar dut, ordea, azken bi asteetan deskonektatu egin dudala eta neurri batean gelditzen diren aukeren eta irtenbide posibleen pista zehatza galdua dudala. Batek esaten zidan gaur, politikoak ematen ari diren erreferentzia patetikoaren atzetik akaso badagoela sofistikazio psikologiko bat eta hau dena aurrez diseinatuta dagoela, Brexitaren aurka zeuden guztien apatia sortzeko eta azkenean nahi duten hori lortzeko helburuarekin. Hemen esaten den bezala, “ea nork kliska egiten duen lehenengo”; alegia, muturreko egoera bat ezartzen denean, presiopean edonork egin dezakeela kliska, baita indartsuenak (Europak) ere. Tamalez, ez dut horrelako azpijoko makiavelikoetan sinesten.

Baina psikologia konplexuak aipatu ditudala, behin eta berriz Theresa Mayk hartu duen jarrera bat datorkit burura. Azken hilabeteetan, gutxien espero genuen une batzuetan, prentsaurreko bat deitu du, komunikabide guztien espekulazioak eta espektatibak bor-bor jarriz. Adibidez, parlamentuan umiliazio izugarri bat jaso zuen egun batean, gaueko hamarretarako egin zuen kazetariekin hitzordua Downing Streeteko 10. zenbakian. Jende guztia urduri zegoen, dimisioa edo estrategian aldaketa sakonen bat aldarrikatuko zituela esperoz. Aldiz, ez zuen ezer berririk esan. Hainbat hilabetez esaten aritutako esaldi berberak errepikatu zituen: bere erantzukizuna zela Ingalaterrako herriak demokratikoki aukeratu zuen hori bideratzea eta lehentasun bakarra martxoan Europatik ateratzea zela (bide batez, helburu horretan huts egin du dagoeneko). Psikologia adituen arabera, kaosa kudeatzeko eta autoritatea ezartzeko teknika bat da ekaitzaren erdian normaltasuna adieraztea. Ezer gertatuko ez balitz bezala, kanpoko itxura sendoa eman, eta, denen harridurarako, normaltasuna adierazi. 1997. urtean Ingalaterrako Gobernuan gertatu zen zerbait datorkit gogora. Alderdi kontserbadoreak historian izan zuen porrot handienetako eta iraingarrienetako batean (Tony Blair presidentetzara igo zuena, behin betiko laboristen garaipenari esker), emaitza argitara eman eta ordu gutxira John Major lehen ministroa kriket partida bat ikustera joan zen, Londresko Oval estadiora. Porrot hura gauzarik normalena balitz bezala eta bere bizitzako lehentasunak ordu gutxiren buruan aldatu izan balitu bezala. Normaltasun horrek despistatu egiten du bat, amorrua sortu eta ez dagokien erresistentzia eman, eta botere maskarak oraindik gehiago puztu, adibide horietan May eta Majorri.

Nola gogoratuko du Theresa May gure ondorengo belaunaldiak? Historiak baztertutako emakumeez idatzi nahi nuen gaur –May ez da horietako bat izango, noski– aste honetan argitaratu berri den liburu baten ildotik. «Iraganako gertakizunek ez dute egiten izan zaren hori, baizik eta haietaz jendeak duen ulermenak», adierazpenari bueltaka nabil. Siri Hustved idazlearen “Memories of the future” liburuan behin eta berriz errepikatzen den kontzeptua da. Liburuko pertsonaietako bat, Elsa von Freytag-Loringhoven poeta da, itzalean gelditu zen emakume bat. Akaso ezagutuko duzue Marcel Duchamp artista, XX. mendeko arte modernoaren ikonokoetako bat den eskultura baten egilea bezala ezagutua: “Fountain”, portzelanazko pixaleku bat. Kontzeptua, ordea, Elsa von Freytag-Loringhovena da, eta hori ez zuen ia inork jakin, artistari (gizonari) mundu mailako ospea eta izen ona emanez. Hurrengo hilabetean, gehiago horri eta itzalean gelditu ziren emakumeei buruz. Eta, bitartean, guztien itzaletik aterata gauzak egin nahi izan dituen emakumea gaur protagonista; baina mesedez, May, etsi ezazu, zure denbora agortu da. •