Xabier Mikel Errekondo

Pelix Sarasola Alzaga

Usurbilgo Andrenausi baserrian jaio hintzen 40. hamarkadan eta pasa den abenduan zendu. Tona samin eta maitasun.

Sukaldari lanean eman dituk urte gehienak, itsasontzietan, Beti Alai, Txartel edo Txitxardin Beltza jatetxeetan ederki dastatu dizkiagu hire eskuek prestatu platera gutiziak.

Herriko Baba Txikiaren Kofradiaren sortzaileetakoa, handikerietatik beti urrun nola proiektu xume eta hurbiletan murgilduta. Laudorio hitzak baino ez dizkiat, eznahikoak guztiak. Sukaldari profesional aparta, gozatu egin duk ontzi artean sutondoan, baina nagok batez ere lagunarteko giroan izan haizela zoriontsu. Gastronomia artean aditua, makina bat elkarteetako sukaldeetan maisu eta jostari aritua. Andazpe elkarteko mahaietan gaur bai eta bihar ere bai elkartu dituk lagunak, bibote urdinduaren txapelpeko irribarre bihurriarekin.

Girokoa eta lagunartekoa, hartu-eman naturalekoa, hurbilekoa. Gauza xume eta benetakoen maitale, erruz dituk topatu bigarren herri bilakatu duken eta herritartzat hartu hauen Habana bizian, Felito. Usurbilgo saltsan nola Kubako salsan.

Irakurle, Habanara bahoa ez harritu norbaitek marmitakoa prestatzen badink, Felitoren esentzia sukalde ugarietan zebilenk-eta; eta kerik sumatzen badunk lasai, euskal kubatarren aita-pontekoa dunk-eta bibote urdindupean irribarretsu Coibatzarrari tira eta tira.

Felito, jarraitu sukalde, son, bolero musika eta dantza giroan gozatzen lagunartean, Coiba ahoan...

Milesker.

Itzuliko diagu bidaia eta krokodiloen uhartean elkartuko gattuk berriro Felito! •