11/05/2019

Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea
Baztertuta

Siri Hustved idazlearen liburu bati egiten nion aipamen motza aurreko hilabeteko zutabean, Elsa von Freytag-Loringhoven poetari buruz argitaratutako idatzi batzuen ildotik. Historiak baztertutako emakumeez hitz egingo nuela oraingo honetan esan nuen. Hain zuzen ere, itzalean gelditu diren emakumeak aldarrikatzeko helburuarekin Goizalde Landabaso eta biok elkarrekin gauzatutako proiektuari ekin genionean, bagenekien dokumentazio lan handia egin beharko genuela. Baina, nola ez nekien ezer munduan lehenengo aldiz autoerretratu biluziak egin zituen Paula Modersohn-Beckerri buruz? Nola ez nituen beste inon aurkitu Niteratura Nobel saria jaso zuen Sigrid Undseten liburuak? Zein gutxik dakiten nori esker ditugun XIX. mendeko Euskal Herria hilezkortzen duten argazki gehienak. Eulalia Abaitua emakume apartari zor dizkiogu bai. Ziurrenez, argazkilaria gizonezkoa izan balitz oso bestelakoa zatekeen egoera. Proiektuan egindako esfortzuak emakume oso gutxi batzuk baino ez ditu azaleratzen, baina aldaketa bat egiteko denon ekarpen ñimiñoaren garrantzia azpimarratzen du.

Proiektuaren hasieran ez genuen irudikatzen hain zaila izango zenik emakume gehienei buruzko datu esanguratsuak aurkitzea. Baina itzalean egon izanak hori dakar, beren garaian inork ez ziola haiei buruz idazteari garrantzirik eman. Eta zuloz betetako historia bat daukagula ohartu ginen. Ez dugu emakumezko erreferentziarik izan eskoletako materialetan. Orain, atzera begiratzeak ematen didan perspektibatik, lotsa ere ematen dit literatura, musika eta historia liburuetan gailentzen zen maskulinitate paternalistaren aurrean ez ginelako gehiago asaldatu.

Urtero joaten naiz 11 urteko haurrekin arratsalde bat pasatzera Londresko eskola batera. Zein ikasketa egin behar dituzten aukeratzeko prozesuetan lagungarri izateko perspektiba ezberdinak ematea da helburua. Horrelako ekimenak geroz eta ohikoagoak bihurtzen ari dira, emakumeen ibilbide ezberdinen berri eman eta nahi duten horren atzetik joatea posible dela erakusteko. Posibilitateen erreferentzia berriak jartzeko. Estereotipoak hausteko. Nik egin badut, zuk ere egin dezakezula erakusteko.

Gai beraren ildotik oraintxe esku artean dudan liburu bat aipatu nahi nuke, Caroline Criado idazle eta aktibistaren “Invisible women”. Berdintasunaren borrokan dauzkagun oztopoez eta emakumeei buruzko erreferentzia eta informazio gabeziaz ari da, egunerokotasunean eta inork kuestionatu gabe arbuiatzen ditugun soluzio posible batzuez –gure pentsatzeko modua eta egiteko modua horrela programatuta daudelako–. Gizonek diseinatutako mundua, gizonentzat eginda dago. Eta emakumeak, gehiengoa izan arren ere, ezin gara nabarmendu.

BBC etxeak badu «100 Women» deitzen den proiektu bat, komunikabideen arloan emakumeen ahotsa ozenagoa egiteko helburuarekin sortua. XXI. mendean emakumeak duen papera aztertzen du eta mundu osoan zehar hainbat sektoretan ekarpen berezia egiten ari diren emakumeak aldarrikatzen ditu (itzalean gelditu ez daitezen, besteak beste). Eztabaidak, irratsaioak, elkarrizketak eta hainbat idatzi argitaratzen dituzte. Seigarren urtea da aurtengoa eta 600 emakume horietatik euskaldun bakar batek lortu du orain artean bere txokoa: Yoyesek. Lanera bidean, autoan nentorrela entzun dut podcast batean; nire sorpresa atseginerako, Elixabete Garmendiari egindako elkarrizketa da ardatz nagusia. Yoyesek sentitzen zuen zerbait ezberdina egiteko erantzukizunaz, feminista izateaz, emakume izateari buruzko galderez, eta erreferentzia bihurtu nahiaz aritu da.

Londres erakusleiho bikaina da eta aukera asko dauzkagu informatu eta gure ekarpena egiteko. Askotan ahaztu egiten zait, ordea, burbuila honetatik kanpo aski bestelakoa dela egoera. Aitzinean aipatu dudan eskolako iniziatibak plazer hutsez eta ez bigarren helburu baten pisuarekin eta presioarekin egiten ditugun egunean, orduan egongo gara parean. Batek galdetzen zidan duela gutxi, berdintasunaren alde hainbat ekimen bultzatzen ari garen honetan, pentsa genezakeen emakumeen ekarpenak ez direla gutxietsiko etorkizunean. Optimista izaten saiatzen naizen arren, epe motzean itzaletik ateratzeko egiten dugun neurrigabeko esfortzua txikiagotzen bada, pozik geundeke. •