18/05/2019

Nekane Zinkunegi Barandiaran
Hiperkonexiotik at biziraun

Inbidia puntuz erreparatzen diet Hergarai bailarako haurrei. Gaur izango dute laugarren eguna pantailarik gabe. Quebecen sortutako egitasmoa baliatuta, Nafarroa Behereko bailara horretako hainbat gunetan, hamar egun pantailarik gabe pasatzeko erronka onartu baitute.

Egia esan, gehiegitan ikusi dut neure burua pantailaz inguratuta. Bulegoan ordenagailu aurrean lan egiten dudanean, beti izaten dut sakelakoa alboan. Eta gai naiz, sofan telebista ikusten egonik, aldi berean, sakelakoarekin Twitter begiratzen eta tabletarekin Internetez erosketak egiten aritzeko. Baina kanpaina eta kanpaina arteko zurrunbilo honetan, inoiz baino gehiago aztoratzen naute ezordutako deiek, whatsappek eta mezu elektronikoek. Eta egun batzuetan ez dut deiak hartzeko gogorik edukitzen, eta konexioa kentzen diot sakelakoari whatsappak ez jasotzeko.

Izan ere, whatsappak jaso eta irakurriz gero, erantzuteko sekulako presioa sentitzen dut, bidali didanak irakurri dudala jakingo duelako bi markatxo urdinak ikusita. Hiperkonektatuta bizi gara, ez dago zalantzarik. Gogoan dut, garai batean, 21:00etatik aurrera inori etxera deitzeak erreparoa ematen zigula, edo aitaren siesta garaian etxeko telefonoak joz gero, lehenbailehen hartu eta ahopeka erantzuten genuela, hura esna ez zedin.

Orain, ordea, edozein ordutan bidali eta jasotzen ditugu era bateko eta besteko mezuak, eta badirudi ez dugula deskantsurako denborarik. Beraz, nire inguruko inor ez dadila harritu edozein huskeria galdetzeko ezordutan deitu edo idazten badit, kasurik egiten ez diodalako. Hamar egunez ez bada ere, egunean ordu batzuez pantailarik gabe bizirauteko erronka jarri baitiot neure buruari. •