Joxean Agirre

Karaokea

Karaokeak badu zerbait fartsatik eta ondorioz festibotik, niri graziarik egiten ez badit ere. Horregatik harritu nintzen orain urte batzuk hiletaren batera joan eta elizaren alde banatara pantailak ikusi nituenean, eliztar memoria urrikoek “Agur Jesusen ama” eta gisako betiko kantuak kanta zitzaten. Gure asaba zaharren fedea ahultzen ari zela pentsatu nuen.

Pantailarik ez zenean Iñaki Murua bertsolariarekin gogoratu ohi nintzen, esaten baitzuen ez zuela ez bertso zaharrak ez elizako kantuak osorik buruan gordetzeko gaitasunik, eta, kantatu beharra egokitzen zitzaionean, asmatu egiten zituela ondokoen harridurarako. Ni ere, Iñaki imitatuz, asmatzen saiatu ohi nintzen, haren mailara iritsi gabe noski, baina hala ere batzuetan jatorrizko bertsioaren mailara iristen ote nintzen iruditzen zitzaidan.

Maiatzaren 1ean oporretan Vienan egokitu ginelarik, sozialdemokraten (SPÖ) festara joan ginen. Donostiako danborradan bezalaxe, auzo edo distritu guztietatik desfile ikusgarriak eginez iritsi ziren udaletxe atarira, segizio bakoitzaren buru bandak, batukadak eta jazz taldeak zituztela, hiri horretan tontoenak ere instrumentu bat jotzen badakiela baitirudi. Bi ordu luze eman genituen hizlariak entzuten, ezer ulertu gabe noski, nahiz eta ni nahikoa ona naizen ezagutzen ez ditudan hizkuntzetan hizlariak ulertzen, eta bukaeran zutik jarri eta batzuk ukabila altxatuta Internazionala kantatzeko prest jarri zirelarik, neu ere “Zutik, lurrean kondenatu zaren langile tristea/ nekez ginen elkarganatu, indazu albiristea/ gertatuak ez du ardura, jende esklabua jaiki!” Arestiren bertsioan kantatzeko prestatu nintzelarik, aurreko pantaila erraldoian alemanezko bertsioaren testuak hasi ziren igarotzen eta pentsatu nuen gure asaba gorrien fedea ere ahultzen ari ote zen.

Goizeko bederatzietan hotela zegoen kaletik barrena atabal biren erredobleek esnatu gintuzten. Leihora atera eta hamazazpi militante komunista ikusi genituen beren igitai eta mailuak astintzen. Auzo lotsa sentitu nuen hasieran, baina berehala ohartu nintzen gutxi izatearen harrotasuna zeramatela aurpegian marrazturik. SPÖkoak milaka asko ziren. Handik berrehun metrotara elkartu ziren alderdi komunistakoak, pare bat mila gehienez. Hauek buruz kantatu zuten Internazionala. Egia esan, ez zuten pantaila erraldoirik ere. •