Isidro Esnaola

Munduko komertzioa aldatuko duen erasoa abian

Txina eta Ameriketako Estatu Batuen arteko merkataritza negoziazioak eten egin dira. Zaila da jakitea non dauden desadostasunak. Donald Trumpek asko hitz egiten du, baina mezu politikoak zabaltzen ditu soilik: irabazten ari dela adierazteko bakarrik zabaltzen du ahoa. Txinako ordezkariak, aldiz, berez dira hitz gutxikoak. AEBek beste 200.000 milioi dolarreko zerga-mugak ezarri dituzte eta Txinak, bere aldetik, zerga-mugak igo ditu aurretik ere zergapetutako produktuetan. Neurri horren eragina 60.000 milioikoa izango dela adierazi dute bertako agintariek.

Dagoeneko, merkataritza-gerra horren kalteak zeintzuk izango diren kalkulatu dituzte banku zentral eta nazioarteko erakundeek: barne produktu gordinaren jaitsiera zenbatekoa izango den eta estatu kaltetuenak zeintzuk izango diren zehaztu dute. Zaila da jakitea balioespenok zenbateraino diren zuzenak. Esate baterako, zenbait adituk nabarmentzen dute AEBetako ekonomia ez dela Txina eta Europar Batasunekoa bezain irekia. Teoriak dio herrialde bateko ekonomia zenbat eta irekiagoa izan, orduan eta kalte handiagoak jasango dituela merkataritza gatazka batean. Adituen ustez hori izan da Trumpek egindako kalkulua: AEBek galerak izango dituzte, baina beren lehiakideek baino gutxiago; ondorioz, AEBak irabazle aterako dira.

Dena den, gauzak ez dira hain linealak. Orain, adibidez, AEBetan saltzen diren Txinako produktu elektronikoek, guztira, ia 1.000 milioiko zerga-muga dute. Hein handi batean, kontsumitzaile estatubatuarrak ari dira zerga-muga hori ordaintzen, arrazoi sinple batengatik: oraindik ez dituzte topatu ordezko ekoizleak. Txinak, aldiz, zerga-mugak ezarri dizkie AEBetako hainbat nekazaritza produkturi, baina, kasu horretan, Txinak ordezkoak topatu ditu; soja, esate baterako, Brasilen erosten du. Beraz, teoria gauza bat da, baina gero ekoizpen kateek, ordezko produktuen hornikuntzak eta abarrek gauzak ez direla hain linealak erakusten dute; gaur egungo ekonomian loturak oso konplexuak dira. Gainera, borrokon ondorioak luzerako gelditzen dira. Orain, zerga-mugak direla-eta, zenbait erabaki aldatuko dira. Adibidez, inbertsio batzuk beste leku batzuetan egingo dira eta epe luzeko hornikuntza kontratu berriak itxiko dituzte enpresek; horiek guztiek ekoizpen kateak aldatuko dituzte eta eragina denboran luzatuko da. Ez batzuek ez besteek ez dituzte berreskuratuko galdutako zenbait bezero.

Ondorioak garrantzitsuak izanik ere, merkataritza gerra hori bere lekuan kokatu behar da. Ekonomian gero eta pisu handiagoa dute zerbitzuek eta horien gaineko zerga-mugen eragina txikia izaten da oro har. Kaltetua suertatzen ari da, ordea, nazioarteko merkataritza sistema. Gaur egungoa ez da batere justua, baina bakarra da eta mundu guztiarentzat arau orokorrak ditu. Merkataritza gerraz harantzago, Trumpen beste erabaki asko, esate baterako zerga-mugen ezarpena, beste estatuei zigorrak ezartzea, bere produktuak erosteko presioak (gas likidotua) eta besteenak ez erosteko mehatxuak (Errusiako gasa edo Huawei Txinako multinazionalaren G5 teknologia), egungo merkataritza sistema pitzatzen ari dira; baina ez ordezko bat ezartzeko, baizik eta sistemarik ez egoteko. Indartsuenaren legea berriz ezarri nahi dute nazioarteko harremanetan AEBek. Garaipen pirrikoak lor ditzakete, baina epe luzean haienak egin du. •