Koldo Sagasti

«Fast food» ikuskizunen porrota

Pasa den asteburuan Final Four edo Lauko Finala antolatu zuten Gasteizen, izenak berak argi dioen bezala, Euroligako lau txapeldungaiak aurrez aurre jartzen dituen saskibaloi ikuskizuna. Kirol ekitaldia asteburuko hiru egunetan egin behar bazuten ere, hiriko mandatariak eta euren kordako prentsako hedabideak asteak zeramatzaten etengabeko matrakaz espektakuluaren onurak goraipatzen. Finalak akuilu bat izan behar zuen hiriko ekonomiarentzat; gure probintziako hiriburu xumea nazioarteko arreta mediatikoaren jomugan jarrita, gureganatzekoak ziren milaka eta milaka kirol turistek pizgarri izan behar zuten bertako ostalaritza eta zerbitzuen arloarentzat. Usteak erdi ustel. Elite batzuen eragiketa komertziala eskandaluzko porrota izan da. Asteburuan gasteiztar guztion ahotan zebilena ez zen nork irabazi ote zuen halako partida, baizik eta non ote zeuden hiriko karrikak gainezka bete behar zituzten zaletu errusiar eta turkiarrak. Eurentzat hiriko erdialdean propio egokitutako aisiguneak –fun zone deitzen diete ingelesez izendatzeak glamour handiagoa emango dielakoan– hutsik zeuden; eta okasioa baliatuta prezioak puztu zituzten ostalaritza negozioak hustuago.

Baina Gasteizen asteburuan porrot egin zuena ez zen izan bakarrik enpresari talde baten negozioa, eta, bide batez, galera izugarriei aurre egin beharko dien udaleko diru-kutxa. Agerian geratu zena fast food ekonomia eredua izan zen; alegia, gutxi batzuen patrikak denbora laburrean, modu errazean eta baliabide publikoen kontura betetzearena.

Azken urteotan hiriko herri ekimenak erakutsi du iragan asteburukoak baino pertsona gehiago biltzen dituzten ospakizunak antolatzeko gai dela, autogestionatuak eta parte hartzaileagoak; urrunera joan gabe, larunbatean bertan Gasteizko kaleetan lagun andana bildu zuen AHTren aurkako festa giroko protestaldia. Horiexek bai direla hiriko motorra, elkarbizitzaren hauspoa. •